Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Bilbao Web Summit, "etorkizunaren sarea"

2011-03-14

Euskalduna Jauregian, maiatzaren 17an eta 18an, Bilbao Web Summit foroa egingo da, eta, bertan, Interneteko nazioarteko adituek eta hainbat negozio-sektoretako enpresaburu eta profesionalek egungo egoera aztertu eta “etorkizunerako sarea” diseinatzeko jarduera-lerro nagusiak zehaztuko dituzte

Bilbao Web Summit kongresuak 600 pertsonatik gora bilduko ditu Bizkaiko hiriburuan, egungo egoera aztertzeko eta datozen herrialdeetarako sare bat diseinatzeko jarduera-lerro nagusiak zehazteko. Interneteko adituak, enpresaburuak eta hainbat negozio-sektoretako profesionalak bilduko dira foro horretan, eta, astelehenetik aurrera, izena emateko eskaerak jasotzen hasiko dira www.bilbaowebsummit.com webgunearen bidez. Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza sailburuordeak, Juan Goicoleak, azpimarratu du “oso garrantzitsua dela parte hartzen duen, ideiak kontuan hartzen dituen eta sarea garatzea eragiten duen gobernu bat egin behar duela ulertzen duen talde bat izatea”; izan ere, beharrezkoa da “sarea egunero bultzatzea eta gobernatzea”. Foroan esku hartuko duten adituen artean, aipatzekoak dira Tim Berners-Lee, HTLM lengoaia eta HTTP protokoloa sortu zituen pertsona, eta Chris Shipley, Silicon Valleyn “eraginik handiena duen emakumea”. Gainera, W3Caren (World Wide Web Consortium) Kontsulta-batzordeak zenbait bilera egingo ditu Bizkaiko hiriburuan, hurrengo urteetarako Sarearen oinarriak ezartzeko. Bilbon ezarriko diren irizpideek eragina izango dute bankuen on-line zerbitzuetan, administrazio elektronikoan, urruneko medikuntzan, hezkuntza digitalean, komunikabide digitaletan eta Internet bidezko merkataritzan. Aurkezpen-ekitaldian, Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza sailburuorde Juan Goicoleaz gain, Bilboko alkate Iñaki Azkuna, Anboto erakundearen sortzaile Xabier Uribe-Etxebarria —Bizkaiko enpresa horrek antolatu du ekitaldia— eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko idazkari nagusi Juan Tomás Hernani egon dira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Goikolea