Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak: “Sendotutako lankidetza garatzeko erabaki irmoa hartua dugu eta helburu horrekin jardungo dugu Elkar Aditze Memorandum bat lantzen”

2019.eko martxoak 04

Iparraldeko Erkidegoko presidente eta Baionako alkate Jean-René Etchegarayri egin dio harrera Iñigo Urkullu Lehendakariak. Gaur goizean izan da elkarraldia Lehendakaritzan.

Bileraren ondoren, Lehendakaria eta Iparraldeko Komunitateko Presidentea hedabideen aurrean agertu dira.

Bere jardunean Lehendakariak azpimarratu duenez, 2017ko urtarrilaren 1ean Iparraldeko Mankomunitatea eratu zenetik “lankidetza-fase berri bat” ireki da. “Elkarlanean aritu gara eta aurrerapausoak ematen jarraitu nahi dugu gure harremanen instituzionalizazioan”, adierazi du. Zentzu horretan, Lehendakariak azpimarratu du bi aldeak daudela prest sendotutako lankidetza bat garatzeko eta helburu horrekin jardungo dute Akordio bat edo Elkar Aditze Memorandum bat lantzen. “Helburuak partekatzen ditugu eta lan-agenda espezifiko bat dugu”, gaineratu du.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu duenez, helburu zehatzen gainean dihardugu lanean. Zentzu horretan, baterako hiru proiektu nabarmendu ditu Lehendakariak, gai hauei lehentasuna emango dietenak: migrazioa, garraioa eta lurralde-politika.

Migrazioari dagokionez, Lehendakariak Share Proiektua azpimarratu du: errefuxiatuak, migratzaileak eta bidaiderik gabeko adingabeak hartzean erantzukizuna banatzeko mekanismo bat ezartzeko proiektu bat. Lehendakariak azaldu duenez, Iparraldek interesa erakutsi du Euskadin aplikatzen den ereduan eta beren lurraldean sistema berdintsu bat sustatzeko aukeran.

Garraioaren eremuan, Lehendakariak ELGARREKIN proiektuaren garapena azpimarratu du, truke-sistema multimodal berritzaile eta mugakide baterako espazio bat sortzeko. “Europako proiektu baten barruan sartzen da, Atlantikoko korridoreko Bordele-Baiona-Hendaia-Donostia trenbide-tartea garatzeko”, zehaztu du.

Lurralde-politikei dagokienez, Urkullu Lehendakariak Iparraldeko Hirigintza Agentziarekin sinatutako memoranduma burutzea aipatu du, bi erkidegoetako lurralde-plangintzako politiketan elkarrekin batera lan egiteko.

Gainera, Lehendakariak zehaztu duenez, bide eman zaie lankidetza-eremu berriei euskararen sustapenean, Kulturan, Turismoan eta Nekazaritzan.

“Mugarik gabeko Europa batean, elkartuta hartzen dugu indar. Elkarlanean jarraituko dugu gure etorkizuna batzen jarraitzeko”, esanez amaitu du.

Aktualitateko gaiei buruz galdetuta eta, zehatzago, Etxerateko arduradunek egindako manifestazioari buruz, deklarazioa “egin beharreko bidean pauso bat gehiago” dela adierazi du Lehendakariak. Lehendakariaren hitzetan, Etxeratek pauso bat eman du, enpatiarako eta giza hurbilketarako oinarrizko borondatea adierazten duena. Zentzu horretan, Urkullu Lehendakariak animatu egin du Etxerat eta, Etxerat ez dena ere, bide horretan sakontzen jarraitzera.

Bestalde, Legebiltzarreko Memoriaren Ponentziari buruz galdetuta, Lehendakariak adierazi duenez, memoriari dagokionez, ugariak dira egiten ari diren gauzak. Nahiz eta azpimarratu duen beharbada mugatu egin beharko dela Memoriaren Ponentzian gertatzen ari dena legebiltzarreko taldeen lana den horren testuingurura.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak