Berriak Lehendakaritza
Eu

Familiako bizitza bateratzeko laguntzak hirukoiztu egin dira

2011.eko martxoak 15

2008an 11 milioi euro bideratu ziren bateratzea lortzeko; orain, berriz, 34 milioi euro bideratzen dira

Gobernu Kontseiluak, astero egiten duen bileran, familia eta lana bateratzeko laguntzen araua onetsi du. Emandako diru-laguntzak “autogobernuaren historiako handienak” dira, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak azaldu duenaren arabera. Seme-alabak zaintzeko eszedentzia bat edo lanaldi-murrizketa bat hartu nahi duten pertsonek 3.500 eta 2.200 euro bitarteko diru-laguntzak jaso ahalko dituzte. Menpeko senideak edo oso osasun-egoera larrian daudenak zaintzeko diru-laguntzak ere areagotu egin dira. Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Idoia Mendia bozeramaileak adierazi du Japonian dauden euskal herritar guztiak ongi daudela.

2008tik, Eusko Jaurlaritzak familia eta lana bateratzeko ematen dituen diru-laguntzak hirukoiztu egin dira. “Krisi garaian gauden arren, Gobernuak gizarte-politiketan inbertsioak egiten jarraitzeko ahalegina egiten du, autogobernu-garaian egin den ahaleginik handiena da, hain zuzen”, azpimarratu du Zabaletak. Familia eta lana bateratzea Eusko Jaurlaritzak langileen bizitza hobetzeko erabiltzen duen “politika estrategiko bat da”. Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak ziurtatu du “egungo eta etorkizuneko gizarte-politikaren ardatz bat” dela.

Gobernu Kontseiluaren asteroko bilkuraren bukaeran, Idoia Mendia, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, Lehendakaritzaren egoitzan —Gasteizen— mintzatu da, baita Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua ere. Azken horrek familia eta lana bateratzeko laguntzen arau berria azaldu du.

Gemma Zabaletak azaldu du zenbatekoak diren onetsitako kopuruak: urtebeteko eszedentzia hartzea erabakitzen dutenek 3.500 euroko diru-laguntza jasoko dute, %45eko lanaldi-murrizketa eskatzen dutenek 2.800 eurokoa, lanaldi-murrizketa %40koa bada 2.500 euro jasoko dituzte eta % 33koa bada 2.200 euro. Zabaletak gogorarazi duenez, “menpeko senideak edo oso osasun-egoera larrian daudenak zaintzeko diru-laguntzak ere areagotu egin dira”.

2011ko lehenengo hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzak gizarte-politiketarako onetsi dituen diru-laguntzak guztira 65 milioi eurokoak dira.

Idoia Mendiak, Jaurlaritzaren bozeramaileak, berriz esan du, komunikabideen galderei erantzunez, “auzitegiak direla Sortu legezkoa den ala ez erabaki behar dutenak”. Horrez gain, haren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren jarrera “ez da Jesús Eguigurenena, lehendakariak behin eta berriro markatu duena baizik, alegia, lehendakaria zuzentzen eta ezartzen ari den politika da”.

Mendiak adierazi du “Japonian dauden euskal herritar guztiak ongi daudela”, hau da, bai han bizi direnak, bai oporretan daudenak. Bozeramaileak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritza harremanetan dago zentro euskal-japoniarraren arduradunekin, eta handik egiaztatzen dute euskal herritarrak ongi daudela. Mendiak esan du Tokion lur hartu behar zuten gazte euskaldunak Osakara desbideratu dituztela, eta hilaren 25ean itzuliko direla, baina hegaldia aurreratzen saiatuko dira.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.03.15)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)