Eu

Asturiasek eta Euskadik, bihar, Vitoria-Gasteizen, gizarte-zerbitzuen kudeaketari buruzko esperientziak aztertuko dituzte

2019.eko martxoak 03
  • Beatriz Artolazabal Pilar Varela Gizarte Zerbitzu eta Eskubideetako kontseilariarekin batuko da, Lakuan

 

VG 19-03-03

Pilar Varela Asturiasko Gizarte Zerbitzu eta Eskubideetako kontseilariak, Nerea Eguren Gizarte Plangintzako, Antolamenduko eta Berrikuntzako zuzendari nagusiarekin eta Paula Álvarez Prestazio eta Baliabideen Kudeaketako zuzendari nagusiarekin batera, bihar, lan-topaketa izango du, Vitoria-Gasteizen, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin, gizarte-zerbitzuen kudeaketari buruzko esperientziak aztertzeko.

 

Euskadiko ordezkaritzako buru honako hauek izango dira: Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusia, Juan Ibarretxe Diru Sarrerak Bermatzeko Errentako eta Enplegurako Prestakuntzako zuzendaria eta Luis Sanzo Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Estatistika Arloko arduraduna.

 

Asturiaseko Gizarte Zerbitzu eta Eskubideetako kontseilariak oinarriko gizarte-laguntzako soldataren berri emango du. Hori prestazio autonomiko nagusia da, Printzerrian gizarte-bazterketarik ez egoteko; gaur egun, 2.249 familia-unitatek jasotzen dute. Halaber, Bizitzeko Eskubideak eta Prestazioak Bermatzeko Lege berriaren berri eman du; legea Parlamentuan izapidetzen ari da eta, horren bidez, eskualdeko gobernuak oinarriko gizarte-laguntzako soldata finkatu eta hobetu nahi du, prestazioa arintzeko neurrien, lanetik eta pentsio jakinetatik datozen diru-sarreretarako salbuespenen eta gutxieneko errentarekin lotuta dauden gizarteratzeko eta laneratzeko programa pertsonalizatuen eguneratzearen bidez.

 

Esperientziak

Arau berriaren bidez, Asturiaseko eskualdeko gobernuaren asmoa da ahultasun-egoeran dauden pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko laguntza guztiak antolatu eta integratzea. Horrela, bizitzeko gehigarriak jaso ditu, behar berriei erantzuteko; aldi berean, laguntza gehigarriak planteatzen ditu, adingabeak eta gazteak dituzten familientzako, desgaitasuna eta mendekotasuna duten kideak dituzten familientzako edo etxebizitzaren alokairurako, bai eta osagarri berezia ere, bakarrik bizi direnentzako kotizazio gabeko pentsioetarako.

 

Topaketan, besteak beste bi autonomia-erkidegoetan gizarteratzeko gutxieneko errenten kudeaketa aztertuko da. Asturiasek interes berezia du diru-sarrerak bermatzeko errentaren inguruan Euskadin egiten den kudeaketaren ibilbidea ezagutzeko; “herrialdeko berritzaileenetakoa” dela esan dute.

 

Bilera Asturiasek legegintzaldi honetan beste autonomia-erkidego batzuekin batera ezagutzak partekatzeko antolatu duen lan-bileren barruan sartzen da. 2015etik, topaketak izan dituzte Nafarroako, Galiziako, Gaztela eta Leongo eta Aragoiko ordezkariekin.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Varela