Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak boluntariotzara sartzeko oinarrizko prestakuntza-ikastaroa jarri du abian

2019.eko martxoak 01

Fase teorikoa ‘on line’ emango da, Arkampus plataformaren bidez, eta bigarren fasea nagusiki praktikoa izango da

Vitoria-Gasteiz, martxoaren 1a

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaur, ostirala, martxoaren 1a, abian jarriko du modu ofizialean babes zibileko zeregin prebentiboetan eta operatiboetan parte hartu nahi duten euskal boluntarioei zuzendutako oinarrizko prestakuntza-ikastaroa. Ikastaroak bi fase izango ditu: lehen fasea teoriko izango da eta ‘on line’ emango da, Arkampus plataformaren bidez, eta bigarren fasea aurrez aurrekoa eta nagusiki praktikoa izango da.

Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman boluntariotzak izango duen parte-hartzea arautzen duen Dekretuaren aldaketa berriari erantzuten dio prestakuntza-ikastaro horrek. Izan ere, hemendik aurrera, babes zibileko boluntarioek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatutako prestakuntza-ikastaro hori gainditu beharko dute, akreditazio ofiziala lortzeko aurretiazko urrats gisa.

Hartara, prestakuntza horri esker, euskal boluntarioek aldez aurretik izango dituzte prebentzioko eta esku hartzeko jardueretarako eska daitezkeen oinarrizko trebetasunak eta ezagutzak.

Ikasleak modu progresiboan sartuko dira edukietara, tutorearen eta modulu bakoitzean espezializatutako beste pertsona batzuen laguntzarekin; tutore eta laguntzaile horiek koordinatu eta gidatuko dute ikaskuntza-prozesuaren osotasuna, ikasleen parte-hartzea erraztuz eta jarraipen eta ebaluazio pertsonalizatua eginez.

Fase teorikoa ‘on line’ emango da, Arkampus plataformaren bidez, eta 60 orduko iraupena izango du. Fase horren edukien artean nabarmentzen dira Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemarekin eta haren taktika operatiboekin lotzen diren gaiak, lehen laguntzak, gertakari handiak eta larrialdiak, Euskadiko meteorologia, bide-segurtasuna, komunikazio-sistema, bilaketak, erreskateak, suteak eta biktimak dauden ezbeharrak.

Fase praktikoak, berriz, 20 orduko iraupena izango du, eta oinarrituko da komunikazio-terminalen erabileran, trafikoaren erregulazioan eta seinaleztapenean, bihotz-biriketako bizkortzearen tekniketan, desfibriladorearen erabileran, zaurituen manipulazioan eta ohatila-garraioan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak