Berriak Segurtasuna
Eu

Ehun pertsona baino gehiago bertaratu da Parez-Pare jardunaldira. Lehen aldiz atera da Arkautitik eta UPV/EHUko Gipuzkoako campusean garatu da

2019.eko otsailak 28

Arkautiko akademiak Euskal Herriko Unibertsitatera eraman ditu Parez-Pare jardunaldiak, bere ezagutzak beste erakunde batzuei helarazteko

Donostia, 2019ko otsailaren 28a

Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak inauguratu du gaur goizean Parez-Pare jardunaldiaren saioa. Jardunaldi horiek seigarren urtea betetzen duten honetan, lehen aldiz egiten dira Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campusean. Kriminologiako Euskal Institutuarekin elkarlanean antolatu dira. Oraingoan izenburu hau hautatu da: ‘Burmuina auzipean. Gaixotasun mentala, portaera kriminala eta egozgarritasuna’. Ehun pertsona baino gehiago bertaratu dira Carlos Santamaria zentroko ‘Antonio Beristain’ auditorian egin den jardunaldira.

 

“Gure helburuetako bat izan da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia herritarrei zabaltzea, eta horren ondoriozkoak dira duela sei urtetatik hona antolatzen ari garen Parez-Pare jardunaldiak. Sei urte hauetan, segurtasun publikoko eta larrialdietako profesional ugari pasa da Arkautiko akademiatik. Orain, beste urrats bat egin dugu eta gure ezagutza eta jakituria Euskal Herriko Unibertsitatea gisako erakunde batera eramango dugu, zehazki Gipuzkoako campusera”, aditzera eman du Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak. Era berean, gogorarazi du 2014an abian jarri zirela Parez-Pare jardunaldiak eta guztira 51 jardunaldi egin direla eta guztira 5.875 pertsona bertaratu dela, 4.436 gizonezko eta 1.439 emakumezko.

 

Parez-Pare jardunaldien beste etapa honi hasiera emateko, oso gai konplexua hautatu da: gaixotasun mentala, portaera kriminalak eta egozgarritasuna, ‘Burmuina auzipean’ izenburupean. Helburua da gai hori diziplina anitzeko alderdietatik aztertzea.

 

Lehen mahainguruan ‘Psikopatologia eta erantzukizun penala arintzea’ gaia jorratu da. Eduardo Demetrio Crespo Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedradunak ‘Neurokriminologiaren etorkizuna eta erruduntasun kontzeptua’ gaiari buruzko hitzaldia eman du eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerente Alvaro Iruin mediko psikiatra ‘Buru-nahastea, jarrera bortitza eta egozgarritasuna’ gaian zentratu da.

 

Bigarren mahainguru batean, ‘Gizartearen aurkako jarreren jatorria’ gaiari buruz hitz egin da. César San Juan IVAC-KREIko Delinkuentzia, Marjinaltasuna eta Gizarte Harremanei buruzko Nazioarteko Zentroko  zuzendariak (UPV/EHU) ‘Psikopatiaren arrazoi nahaspilatsuak’ gaia aztertu du eta Valentziako Unibertsitateko irakasle Vicente Garrido psikologoak eta kriminologoak ‘Motibazio kriminala: hiltzaile multipleak’ gaiari buruz hitz egin du.

 

José Luis de la Cuesta Kriminologiako Euskal Institutuko zuzendaria izan da mahainguruetako moderatzailea.

 

Atsedenaldian bi adituek haien liburuak aurkeztu dituzte: César San Juanek ‘Psicología Criminal’ eta Vicente Garridok ‘Asesinos múltiples y otros depredadores sociales’.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2019.eko otsailak 28

    Comentario de Twitter:
    Ehun pertsona baino gehiago bertaratu da Parez-Pare jardunaldira. Lehen aldiz atera da Arkautitik eta UPV/EHUko... https://t.co/v5Vt435dzG

Ekitaldiko kargudunak