Eu

Madrilen ezezkoaren aurrean, Euskadik oxido kuprosoarekin tratatzeari ekingo dio modu esperimentalean

2019.eko otsailak 28
  • Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ezetz esan dio pinuen gaixotasunaren aurka aire bidezko tratamendu bat aplikatzeko hiru Foru Aldundiek egindako eskaerari, eta euskal erakundeek Ministerioaren erabaki horren aurkako errekurtsoa aurkeztuko dute, izan ere, uste dute egindako tratamendu eskaera erabat zorrotza dela ingurumeneko kaltegabetasunari eta efektibitateari dagokienez.
  • Tratamendu esperimentala oxido kuprosoarekin egingo da eta 1.050 hektareatan aplikatuko da. Neikerrek diseinatuko du tratamendu esperimentala, Foru Aldundiekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin, URArekin (Uraren Euskal Agentzia) eta EHUrekin elkarlanean.
  • Oxido kuprosoa lurrean aplikatzeko baimena eskatu da, baina, jabe batzuek borondatez eta oso kasu zehatzetan aplikatu ahal izango duten arren, ezin da aire bidezko tratamenduaren benetako alternatibatzat jo.
  • Foru Aldundiek basogintzako ekoizpen sektorerako dituzten laguntza planak egokituko dituzte gaixotasunak aurrera egitearen ondoriozko egoerari aurre egiteko.
  • Baso egurraren sektoreak haserrea eta ardura agertu du Madrilen ezezkoarengatik eta, aldi berean, gaurko aldaezinezko egoeraren aurrean eskatu die Euskal Administrazioei Euskal Basogintzaren Sektorea onbideratzeko ahalegin gehiago egiteko, ahal bezain pronto eraginkorra izango den tratamentua aplikatzeko aukera izango dela espero dutelarik

Pasa den urrian hiru Foru Aldundiek Eusko Jaurlaritzaren bitartez pinuen gaixotasunaren tratamendurako aire bidez oxido kuprosoa aplikatzeko egin zuten eskaerari Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak emandako ezezkoaren ondoren, Euskadik erabaki du tratamendu bati ekitea modu esperimentalean. Era berean, euskal erakundeek errekurtsoa aurkeztuko dute Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren aurka; izan ere, ulertzen dute –eta hala egiaztatu dute adituen txostenek–  oxido kuprosoko aire bidezko tratamendua dela zerrenda marroiak aurrera egitea benetan galarazten duela eta tratamenduaren ingurumenarekiko kaltegabetasuna eskaeran definitutako parametroetan dagoela teknikoki eta zientifikoki frogatu duen bakarra.

Txosten horiek berresten dutenez, kobrea da, tratamendu koiuntural gisa eta aparteko gertakari baten aurrean, zerrendaren hedapena geldiarazteko ahalmena datu zientifikoekin egiaztatuta duen produktu bakarra, eta, gainera, Landareen Babeserako Europako Agentziek (EPPO) eta European Food Safety Authority erakundeak (EFSA) ere baieztatzen dute ahalmen hori.

Kontuan izanda txosten horien emaitzak, nazioarteko esperientziak eta nekazaritza ekologikoan zabalki erabiltzen den produktua dela, Neikerrek, Foru Aldundiekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin, URArekin (Uraren Euskal Agentzia) eta EHUrekin elkarlanean, tratamendurako proiektu esperimental bat garatuko du, datozen hiletan egiteko eta 1.050 hektareatan aplikatzeko. Prozesu esperimentalean tratamenduaren eraginkortasuna eta ondorioak ebaluatuko dira etengabe, tratamenduaren gainean gehiago jakiteko, 2020tik aurrera modu zabalagoan aplikatu daiteke eta.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak Euskadin egingo den tratamenduaren irismenaren berri eman dio Ministerioari, eta prozesuan parte hartzeko aukera ere eman dio.

Errekurtsoa aurkeztu eta tratamendu esperimental hau aplikatzen den aldi berean, euskal erakundeek produktua lurrean aplikatzeko baimena eskatu diote Ministerioari, aplikaziorako baldintzak betetzen dituzten lursailetan baso jabeek tratamendua borondatez egin ahal dezaten. Lurreko tratamendua ezin da inondik inora aire bidezko tratamenduaren benetako alternatibatzat jo, batez ere aplikaziorako dituen mugapenengatik eta duen kostu ekonomikoarengatik.

Era berean, Foru Aldundiek baso egurraren sektorerako dituzten laguntza planak egokituko dituzte, basoen ekoizpenean eragiteko, izan ere, basoen alderdi hori da gaixotasunaren ondorioak gehien pairatzen ari dena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak