Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eduki hau itzultze prozesuan dago. Bitartean, gaztelerazko bertsioa eskuragarri duzu.
Eu

Vivienda expone a debate una propuesta alternativa planteada por un ciudadano

2011.eko martxoak 13

Etxebizitzaren Lege aurreproiektuaz Parte-hartze prozesuko lehen bi hilabete betetzear daudenean

Etxebizitzari buruzko Legearen aurreproiektua aberaste aldera, joan den astean foro eta inkesta bat jarri zen plataforman, herritar batek egindako proposamen baten ingurukoa. Alternatiba bat eskaintzen dio desjabetzeari babes publikoko etxebizitza (BPE) bat esleitu ondoren ahalmen ekonomikoa nabarmen hobetu duten titularrentzat.

Herritarrek plataformako "Hobetzeko iradokizunak egin" atalaren bitartez Etxebizitza Sailera  helarazitako 125 hausnarketako bat proposamen hori. Behin gaiez sailkatuta, Etxebizitza Sailak 62 proposamen aztertzeari ekin dio: haietako 56 Etxebizitzari buruzko Legeari lotuta daude zuzenean, eta gainerako seiak erregelamendu bidezko garapenari edo etxebizitza-politikari buruzkoak dira.

Herritarren proposamenak honako gai hauei buruzkoak dira:

  • Eskubide subjektiboa betetzeko moduak.
  • Alokairuko BPEen prezioa.
  • Birgaitzerako laguntzak jaso izanagatik BPE kalifikatutako etxebizitzen deskalifikazioa.
  • BPEen araubideak.
  • BPEak esleitzeko irizpideak.
  • Etxebizitza-ibilbideak eta mugikortasun geografikoa.
  • Etxebizitzak alokatzen dituzten jabeentzat berme gehiago
  • Kanona eta derrigorrezko alokairua ezarri jenderik gabeko etxebizitzentzat
  • BPE nahitaez desjabetzea gerora izandako gehiegizko diru-sarrerengatik
  • Herri-administrazioen arau- hausteak
  • Iruzurraren eta espekulazioaren aurkako borroka '
  • Bestelako proposamenak (erregelamendu bidezko garapena edo etxebizitza-politikaren kudeaketa)

Parte-hartzearen adierazleak direla, egindako proposamen batzuek gehitu duten berrikuntza dela, prozesuaren balorazio ona egin du Sailak eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkie prozesu honen xede nagusia zein den ulertu dutelako: urtarrilean eztabaidarako jarritako testua hobetu eta aberastuko duten herritarren proposamenak jasotzea.

Inkesta bete duten pertsonen %85 BPE desjabetzearen alde dago interes sozialagatik bada

Babes publikoko etxebizitza baten nahitaezko desjabetzeari buruz argitaratu den azken inkestaren datu esanguratsuen arabera, inkestari erantzun dioten pertsonen %85 interes soziala dela-eta BPE desjabetzearen alde dago Etxebizitzari buruzko Legearen aurreproiektuan jasotako kasu guztietan. Babes handiena, nolanahi ere, kasu hauetan jaso da:

  • BPE eskualdatzea baimenik gabe (%86),
  • etxebizitza kontserbatu eta mantentzeko betebeharrak ez betetzea (%84),
  • bidezko arrazoirik gabe etxebizitza jenderik gabe edukitzea urte bat baino gehiagoz (%83) eta
  • etxebizitza babestua ez erabiltzea egoitza ohiko eta iraunkor gisa (%80).

Babes-maila altua jaso dute, halaber, desjabetzeko arrazoi hauek: gain-okupazioak (%73) eta gerora izandako gehiegizko diru-sarrerek (%68).

Inkestetako emaitzak aldizka argitaratzen dira eta herritarrek inkestari erantzun dioten gainontzeko herritarren iritziak ezagutu ditzakete horrela.

Parte-hartze plataformak ia 13.000 bisitari izan ditu

Prozesua martxan jarri zenetik, bi hilabete hauetan ia 13.000 lagunek bisitatu dute parte-hartze plataforma www.etxebide.info/leyvascavivienda web orriaren bitartez. "Zurekin etxebizitza egiten dugu" lemapean eta herritarren partaidetzarekin, Euskadiko Etxebizitzaren Legearen aurreproiektua hobetzea du helburu. Plataforma datorren apirilaren 18 arte egongo da zabalik.

  • Parte hartzeko ekintzak guztira 1.570 izan dira. Kopuru horretan nabarmena da 1.200 pertsonak inkestetan eman dutela iritzia, eta 370 iritzi jaso direla horretarako dauden foroetan.

Eztabaidagai nagusiak

Astero irekitzen dira parte-hartzerako foro berriak. Orain arte, foroetan gehien eztabaidatu diren gaiak izan dira etxebizitza izateko eskubide subjektiborako baldintzena eta hutsik dagoen etxebizitzen stock-a gutxitzeko neurriena (derrigorrezko alokairua ezartzea jenderik gabe dauden etxebizitzentzat).

Parte-hartzearen bigarren mailan, honako gai hauek jorratu dira: zein kasutan izango duen Administrazioak babes publikoko etxebizitzen (BPE) nahitaezko desjabetzea egikaritzeko eskumena, zeintzuk diren BPEak esleitzeko lehentasunezko irizpideak; eta zein irizpide ezarri den aurreproiektuan, BPEen errentaren zenbatekoa eta prezioa onuradunen diru-sarreretara egokitzeko.

Prozesuak berez  parte-hartzailea izan behar duela ulertuta, hasieran planifikatutako parte-hartze elementuei beste bat gehitu zitzaien joan den astean: desjabetzeari alternatiba bat eskaintzen zion herritar baten proposamenari buruzko foroa eta inkesta. Izan ere, orain arte interes eta eztabaida gehien sortu duen gaietako bat da interes sozialak eragindako desjabetzearena.

Herritarren galderak sailburuari

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, joan den otsailaren 7tik eta martxoaren 24a bitartean jasoko ditu herritarren kontsultak. Orain arte, 65 izan dira galderak egin dizkioten pertsonak. Laster argitaratuko dira haren erantzunen lehen zatia.

Bestalde, Patxi Lopez lehendakariari 53 euskal herritarrek zuzendutako galderak eta erantzunak www.etxebide.info/leyvascavivienda. web orrian daude eskuragarri.

Gehien aipatu diren gaiak honako hauek izan dira: BPEen hurrengo sustapenek etxebizitzak alokairuan emateko joera izango duten; titularren ahalmen ekonomikoa handituz gero (BPE baten esleipenduna izateko gehienezko diru-sarrerak hiru urte jarrian bikoiztuz gero), BPEak desjabetzeko aukerari buruzko galderak; zein kasutan aplikatuko den eskubide subjektiboa; eta zein neurri aurreikusi diren aurreproiektuan etxebizitza hutsak baliarazteko.

Lehendakariak galdera horiei erantzuteko, argudio hauek adierazi ditu: Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean ezarritako konpromisoa, alegia, aurrera egin behar dela harik eta BPEen erdiak, gutxienez, alokairukoak izan daitezen lortu arte; BPEek benetan baliagarriak izan behar dutela merkatu libreko etxebizitza erosi ezin dutenentzat; etxebizitzarako eskubideari eskubide subjektiboaren kategoria aitortzea aurrerapen soziala izan dela.

Parte-hartzea eta gardentasuna

Edozeinek parte har dezake, bere iritziak eman edota iradokizunak azaldu, eta berdin dio etxebizitza duen ala ez, edota babes publikoko etxebizitza, librea, jabetzan edota alokairukoa duen. Identifikatzea ez da beharrezkoa. Foroak irekiak dira, aldez aurreko zentsurarik gabekoak, erabateko gardentasuna nahi da-eta. Ez dira komentario iraingarriak onartuko, foroaren erregelamenduak adierazten duen bezala.

"Ezagutu aurreproiektua" atalean lege-testuaren bertsio laburtua zein testu osoa aurkituko duzu. Web-orriaren azalean kokatutako bideoan daude azalduta aurreproiektua eta parte-hartze prozesua bera ere.

Prozesuaren balorazioa eta hurrengo pausoak

Prozesuaren hurrengo pausoei dagokienez, beste inkesta eta foro batzuk antolatuko direla azpimarratu behar da, eta horiek gaur egun irekita dauden 9 foroei gehituko zaizkie. Foro eta inkesta horietan, herritarrek beraiek Etxebizitza Sailari bidali dizkioten hobekuntza-proposamenei buruzko iritzia eman ahalko da. Inkesten emaitzak ere argitaratuko dira.

Etxebizitza Sailak bereziki nabarmendu nahi du iradokizunak eta proposamenak helarazi dituzten gehienen konpromisoa, ahalegina eta inplikazioa, ondo ulertu baitute Legea onartzeko guztion malgutasuna eta ahalegina beharko dela, jarrerak hurbildu eta hainbeste urteren ostean ahalik eta Etxebizitzaren Legerik onena lortzeko. 

Etxebizitzaren lege aurreproiektua

Etxebizitza Sailak egin duen lege aurreproiektua eztabaida eta alegazioa fasean dago une honetan. Joan den urtarrilaren 21etan testua legearekin zer ikusirik duten eragile eta erakunde ekonomiko, polítiko eta sozial guztiei bidali zitzaien euren aportazioak eta alegazioak egin ditzaten eta adostasun zabalena lortze aldera. Era berean, herritarrek ere euren iritziak eman ditzakete plataformaren bitartez.

Alegazio eta proposamen guztiak aztertuko ditu Etxebizitza Sailak eta ondoren, barne tramitazioari ekingo dio. Elkarrizketa horren emaitza izango da urte amaiera baino lehen Jaurlaritzak onartu eta legebiltzarrena bidaliko duen legeproiektua  Legebiltzarrean,  berriz ere eztabaidatua izan ondoren, onartua izan dadin eta, 30 urtetan izan ez dugun Etxebizitaren Legea bihur dadin.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Etxebizitza Sailak eztabaidagai jarri du herritar baten proposamen alternatiboa