Berriak Lehendakaritza
qrcode

52.000 pertsona inguruk odola eman zuten 2018an Euskadin; bertan, odol deribatuei esker, urtero, 30.000 paziente tratatzen dira

2019-03-01
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak odol-emaileen elkarteen lana goraipatu du, eta herritarrak urratsa ematera eta odol-emaile egitera gonbidatu ditu, une oro erreserbak daudela bermatzeko

 

Guztira, 51.701 pertsonak eman zuten odola pasa den 2018an Euskadin; bertan, 87.707 odol-emate izan ziren eta, urtero, 30.000 paziente tratatzen dira odol-osagaiei eta bakarrik odol-emateetatik eskura daitezkeen farmako deribatu plasmatikoei esker.    

Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, gaur, odol-emaileen elkarteekin eginiko topaketan. Topaketako buru Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da, eta, bertan, Jon Darpón Osasun sailburua ere izan da.

Urkullu Lehendakariak eskerrak eta esker onak eman dizkie odol-emaile guztiei eta horiek babesten dituzten elkarteei, euskal gizarte osoaren izenean, beren eskuzabaltasunagatik eta konpromisoagatik, Euskadi, beraiei esker, elkartasuneko erreferente baita. Aldi berean, eskerrak eman ditu prozesuan inplikatuta dauden profesionalek egiten duten lan handiagatik, bai eta tokiko boluntariotzan lan egiten dutenen lanagatik ere.

Iñigo Urkulluk gogorarazi duenez, borondatezko odol-ematea urtero 30.000 paziente baino gehiagoren tratamendurako funtsezko produktuak lortzeko modu bakarra da. Eta, aldi berean, odol-emate horren sustapena osasun-jardueraren oinarri estrategikoa da, horren emaitzen arabera lortuko baitira gure ospitaleetako helburu medikoak eta kirurgikoak.

Hori horrela, herritarrei dei egin die, odol-emaile egin daitezen; izan ere, EAEk odol-emateetan indize altuak baditu ere, handiak dira, halaber, kontsumo-tasak, Osakidetzak eskaintzen dituen osasun-prestazioak, beharrak eta jarduera etengabe ari baitira handitzen.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 1a  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)