Elkarlan Sariak
Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzaren Tolosaldeko ESIak Quality Innovation Award 2018 saria jaso du “Innovación potencial” kategorian

2019-02-27

Jon Darpón Osasun sailburuak adierazi duenez, «ikerketa eta berrikuntza sustatzea Osasun Sailaren lehentasunetako bat da»

 

Gaur Osakidetzaren Tolosaldeko ESIak Quality Innovation Award 2018 saria jaso du Pekinen, Creta proiektuagatik, “Innovación potencial” kategorian. Proiektu hori Erretinopatia diabetikoaren baheketa-prozesurako software baten garapenean datza.

Sari hori dela-eta Jon Darpón Osasun sailburuak adierazi duenez, «ikerketa eta berrikuntza sustatzea Osasun Sailaren lehentasunetako bat da. Euskadiko herritarren osasuna zaindu eta sustatzeko etorkizunean izango ditugun erronkei aurre egiteko, funtsezko tresna da berrikuntza. Gaur saritu dena bezalako ekimenek osasun sistema publiko, unibertsal, jasangarri eta kalitatezko bat lortzen laguntzen digute».

Bestalde, Juan Luis Diego Casals Osakidetzako zuzendari nagusiaren hitzetan, «Osakidetzako profesionalek lideratutako proiektuak ekarpen estrategiko eta funtsezkoak dira gure gizartearen garapenerako, eta agerian uzten dute horietan parte hartzen dutenen prestakuntza-maila handia. Lan honetan parte hartu duten guztiak zoriondu nahi ditugu».

Tolosaldeko ESIak garatu duen softwarea garrantzi handiko lana da, erretinopatia diabetikoaren proba egiten den unean bertan automatikoki detektatzen diren irudi patologikoen bidez gaitz horren baheketa errazteko helburua duena. Horretarako algoritmo berritzaile bat darabil, zehaztutako beharren arabera konfiguratu daitekeena, zeinak % 94ko sentsibilitatea eta % 96ko espezifikotasuna lor dezakeen.

Adimen artifizialeko metodo aurreratuak erabiliz, irudien analisi automatikoa egin daiteke, eta horri esker: osasun-arreta hobetu daiteke, Lehen Mailako Arretari erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa emanez eta pazienteen joan-etorriak gutxitu eta itxaronaldiak murriztuz; oftalmologoen lana optimizatu daiteke, balio handiagoko jardueretan denbora gehiago emanez; Euskadiko osasun-sistemaren jasangarritasuna hobetu daiteke kronikotasunaren erronkari erantzuteko orduan.

Marisa Merino Tolosaldeko ESIaren zuzendari gerenteak jaso du saria Pekinen egin den ekitaldian, non Europako enpresa garrantzitsuenetako ordezkariak izan diren.

Osasun Sailak sari hori dela-eta bere poza agertu du, eta adierazi duenez, «Osakidetza osatzen dugun guztiok badakigu ikerketa eta berrikuntzak pertsonen osasuna hobetzen laguntzen dutela, gure osasun-sistema sendotzen dutela, eta balioa eta garapen ekonomikoa ekartzen dutela, sari garrantzitsu hau lortu izanak erakusten duen bezala».

 

 

Donostia, 2019ko otsailaren 27a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko