Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek Urdulizko Elortza ikastetxe publikoaren eraikin berria bisitatu du

2019.eko otsailak 28
  • Hezkuntza Sailak 3,3 milioi euroko inbertsioa egin du Urdulizko Elortza ikastetxe publikoa handitu eta zaharberritzeko lanetan

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearekin batera, Elortza Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearen instalazio berriak bisitatu ditu gaur goizean Urdulizen. Izan ere, Urdulizko neska-mutilek 2018-2019 ikasturte honetan estreinatu dituzte instalazio berriak: 3.900 metro kuadro dituen bi solairuko eraikin berria. Hezkuntza Sailak 3.346.719,48 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin du lan hauetan. 

Lanak amaitu ondoren, eraikin berrian Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gela guztiak kokatu dira. Baina Urdulizen egin diren lan hauetan, Elortza ikastetxe publikoaren eraikin nagusia (edo jatorrizko eraikina) ere zaharberritu da: jangela handitu da, eta espazioak birbanatu dira. Horrela bada, eraikin honetan gainerako irakaskuntza guneak eta espazio komunak kokatzen dira orain.

Urdulizko Elortza HLHI bi lerroko ikastetxea da. 2018-2019 ikasturtean 300 neska-mutil ari dira bertan ikasten: ia 140 ume Haur Hezkuntzan (2-5 urte), eta 170 inguru Lehen Hezkuntzan (6-12 urte).

Azpiegitura Plana

Ikastetxera egin duen bisitan, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak kalitatezko hezkuntza-azpiegiturak izatearen garrantzia nabarmendu du, kalitatezko hezkuntza sistema erdiesteko azpiegitura hauek duten funtsezko zeregina azpimarratuz. Horrela bada, gogorarazi du ikasturte honetan zehar –Urdulizko eraikin berri honez gain- Hezkuntza Sailak bultzatu dituen beste zenbait azpiegitura garrantzitsu ere abian jarri direla, hala nola, Zabalgana (8,6 milioiko inbertsioarekin) eta Pagasarribide (3,4 milioi) institutu berriak, Gasteizen lehena eta Bilbon bigarrena. Baina une honetan burutzen ari diren beste obra garrantzitsu batzuk ere hizpide izan ditu: Iruarteta ikastetxe publikoa (4,85 milioi) Bilbon,  eta Errekabarri (6,24 milioi) Gasteizen.

Era berean, une honetan berak zuzentzen duen Saila amaitzen ari den Hezkuntza-azpiegitura Plan berriak jasoko dituen lan garrantzitsu batzuk ere aurreratu ditu Cristina Uriartek, hala nola, Leioa, Sopela, Derio, Barakaldo nahiz Muskizen egingo diren institutu berriak.

Eraikin berria Urdulizen

Urdulizko Elortza Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea handitzeko egin den eraikin berria trazadura errektangularrekoa da, eta jatorrizko eraikin nagusiaren mendebaldean jaso da. Bi solairukoa da (behe solairua eta lehen solairua), eraikitako 3.900 metro koadroko azalera duela orotara. Bi solairuak eraikin nagusiarekin lotuta daude.

  • Eraikin berriko behe solairuan Haur Hezkuntzako gela guztiak kokatu dira: 8 gela. Komunez gain, solairu honetan daude psikomotrizitate gela eta erabilera anitzeko gela ere.
  • Lehen solairuan, aldiz, Lehen Hezkuntzako gela guztiak daude (12 gela), baina baita zernahitarako beste bi gela eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzako komunak ere.
  • Aterpea: eraikin berriaren eta lehendik eginda zegoen jolastoki estaliaren artean, aterpe berri bat ere egin da Haur Hezkuntzako umeentzat. Honen ondoan dago etapa horretako haurrentzako jolastoki irekia ere. Honela, jolastoki guztiak euritik babestuak gelditu dira, eta Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako eremuek nolabaiteko independentzia dute elkarrengandik. Etapa bakoitzak jolastoki estaliak nahiz irekiak ditu.

Jatorrizko eraikina zaharberritzea

Urdulizko Elortza Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxean egin diren lanen artean, jatorrizko eraikina zaharberritu eta bertako espazioak birbanatzeari ere heldu zitzaion. Lanak amaiturik, eraikin honek gainerako irakaskuntza-eremuak eta espazio komunak jasotzen ditu. Gainera, eskola jantokia ere handitu da, jolastokiaren eremu bat estali eta jantokiari gehituta. Honela, jantoki berrituak 240 ikaslerentzako lekua du orain. Eraikin nagusian, aipaturiko jantokia eta sukaldeaz gain, honako hauek ere badaude: gimnasioa (biltegi eta aldagelekin), liburutegia, irakasleen gela, informatika gela, erabilera anitzeko gela, ingeles gela, indartze gela, eta administrazio eremua.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak