Berriak Segurtasuna
Eu

‘Burmuina auzipean’ izenburua du Parez-Pare jardunaldi berriak, eta lehen aldiz egingo da UPV/EHUren Gipuzkoako Campusean

2019.eko otsailak 27

Arkautiko akademiak Euskal Herriko Unibertsitatera eraman ditu Parez-Pare jardunaldiak, bere ezagutzak beste erakunde batzuei helarazteko

 

 

Donostia, 2019ko otsailaren 27a

Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak irekiko du bihar Parez-Pare jardunaldiaren saioa. Jardunaldi horiek seigarren urtea betetzen duten honetan, lehen aldiz egingo dira Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campusean, zehazki Carlos Santamaria zentroko ‘Antonio Beristain’ auditorioan. Kriminologiako Euskal Institutuarekin elkarlanean antolatu dira. Oraingoan izenburu hau hautatu da: ‘Burmuina auzipean. Gaixotasun mentala, portaera kriminala eta egozgarritasuna’.

 

Gure helburuetako bat izan da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia herritarrei zabaltzea, eta horren ondoriozkoak dira duela sei urtetatik hona antolatzen ari garen Parez-Pare jardunaldiak. Sei urte hauetan, segurtasun publikoko eta larrialdietako profesional ugari pasa da Arkautiko akademiatik. Orain, beste urrats bat egin dugu eta gure ezagutza eta jakituria Euskal Herriko Unibertsitatea gisako erakunde batera eramango dugu, zehazki Gipuzkoako campusera”, aditzera eman du Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak. Era berean, gogorarazi du 2014an abian jarri zirela Parez-Pare jardunaldiak eta guztira 51 jardunaldi egin direla eta guztira 5.875 pertsona bertaratu dela, 4.436 gizonezko eta 1.439 emakumezko.

 

Parez-Pare jardunaldien beste etapa honi hasiera emateko, oso gai konplexua hautatu da: gaixotasun mentala, portaera kriminalak eta egozgarritasuna, ‘Burmuina auzipean’ izenburupean. Helburua da gai hori diziplina anitzeko alderdietatik aztertzea.

 

Lehen mahainguruan ‘Psikopatologia eta erantzukizun penala arintzea’ gaia jorratuko da. Eduardo Demetrio Crespo Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedradunak ‘Neurokriminologiaren etorkizuna eta erruduntasun kontzeptua’ gaiari buruzko hitzaldia emango eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerente Alvaro Iruin mediko psikiatra ‘Buru-nahastea, jarrera bortitza eta egozgarritasuna’ gaian zentratuko da.

 

Bigarren mahainguru batean, ‘Gizartearen aurkako jarreren jatorria’ gaiari buruz hitz egingo da. César San Juan IVAC-KREIko Delinkuentzia, Marjinaltasuna eta Gizarte Harremanei buruzko Nazioarteko Zentroko  zuzendariak (UPV/EHU) ‘Psikopatiaren arrazoi nahaspilatsuak’ gaia aztertuko du eta Valentziako Unibertsitateko irakasle Vicente Garrido psikologoak eta kriminologoak ‘Motibazio kriminala: hiltzaile multipleak’ gaiari buruz hitz egingo du.

 

José Luis de la Cuesta Kriminologiako Euskal Institutuko zuzendaria izango da mahainguruetako moderatzailea.

 

Atsedenaldian bi adituek haien liburuak aurkeztuko dituzte: César San Juanek ‘Psicología Criminal’ eta Vicente Garridok ‘Asesinos múltiples y otros depredadores sociales’.

 

 

http://www.arkauteakademia.eus/web/plea-avpe/el-cerebro-a-juicio

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak