Eu

Beatriz Artolazabal: “betiON teleasistentzia zerbitzuak 50.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu eta pertsonalizazioan oinarritzen den ereduaren aldeko apustua egiten du”

2019.eko otsailak 27
  • Artolazabal sailburuak honako hau azaldu du: “pertsona bakoitzean oinarritzeak dakar deien periodikotasuna, laguntzarako teknologia-mota edo beren beharren balioa handitzeko modua neurtzea”
  • Erabiltzaile bakoitzak behar duen esku-hartzearen maila zehazteko egiten diren bisitek % 41 egin dute gora, azken bi urtean

 

 

Bilbo, 2019 02 27

betiON teleasistentziako zerbitzu publikoak, 2018aren amaierarako, 50.236 erabiltzaile izan zituen; alegia, lehen aldiz gainditu da 50.000 erabiltzaileen muga, eta % 6 egin du gora (2.907 pertsona gehiago), 2017aren aldean. Hala jakinarazi du, gaur goizean, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, betiONek Bilbon dituen instalazioak bisitatu dituenean.

Zerbitzuak arreta pertsonalizatuan oinarritzen den eta etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua egiten du. Artolazabalen hitzen arabera, “alde batetik, eredu hori lankidetza soziosanitarioaren adierazgarri handia da, eta hori betiONentzako lan-ildo nagusietako bat da". Gainera, “nahiz eta adinekoen kolektiboa, zalantzarik gabe, zerbitzua ematean oinarrizkoa den, desgaitasuna duten pertsonetara eta gaixotasun mentala duten pertsonetara zabaltzean azken horien normalizazioa lortu nahi da eta zerbitzuari eskaintzen duen babesean aurrera egiteko aukera ematen dio”. Azkenik, betiONek “arreta pertsonalizatuan oinarritzen den eredua garatzearen alde egiten du, bakardadearen, erorketen, segurtasunaren eta ingurune soziofamiliarrarentzako laguntzaren prebentzioan jarduteko”.

Hori guztia “erabiltzaile bakoitzaren beharretan oinarritutako teleasistentziaren bidez lortzen da; horrek dakar zerbitzutik eskainiko den prestazio-mota adostu behar izatea, segimendu-deien periodikotasun zehatza, laguntzarako teknologia-mota, beharren balioa handitzeko modua, programa espezializatuetan sartzea etab.”.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gizarte- eta osasun-zerbitzuen koordinazioaren alde eginiko apustua nabarmendu du sailburuak, “zahartze demografikoaren erronkari heltzeko eta eredu komunitarioa sendotu eta garatzeko tresna gisa”. Telelaguntzako zerbitzu publikoa borondate horren adierazgarri da, sailburuaren hitzen arabera; izan ere, erakunde eta zerbitzu publikoen arteko elkarlanak ezartzen ditu. “Osasun Batzordearekin koordinazioa, aurretiko hitzorduen kudeaketa eta arreta-zentroa gripearen txertaketa-kanpainaren informazio-plataforma gisa horren adibide argiak dira", esan du.

Izan ere, zerbitzu publiko hori bilakatzen joan da, baita teknologia berrien eskutik ere, harik eta pertsonan oinarritzen den laguntzarako eta segimendurako zerbitzu proaktibo bilakatu arte, eta harekin dihardu elkarreraginean zenbait baliabideren bidez: telefono-deiak eta alerta teknologikoak hartu eta jasotzea, asistentziak eta baliabideetara bideratzea eta etxeko bisitak. Horrela, pertsonak beren ohiko familia- eta gizarte-ingurunean denbora gehiagoz mantentzeko bide ematen da.

Zerbitzu pertsonalizatua

betiONeko integraziorako koordinazioko langileek bisitak egiten dizkiete zerbitzua eskatzen dutenei. Bisita horien bidez, eskatzailearen egoera eta bere bizileku-ingurunea ezagutzen dituzte, bere ezaugarrietara egokitzen diren prestazio pertsonalizatuen mota eta maila esleitzeko.

Altako bisita horiez gainera, etxeko bisitak ere egiten dizkiete erabiltzaileei, beste motibo-mota batzuengatik. Besteak beste, arrisku-maila altua identifikatuta duten pertsonen eta etxean esku hartzeko beharra dakarren arazo-motaren bat edo gizarte-arriskuren bat dutenen aldizkako segimenduak, edo baita erabiltzailearen eta bere ingurunearen egoerari buruzko informazioa eguneratzeko beharrezko bisitak ere. Gero, egokitzat jotzen bada, intzidentzia-txostena egiten da, eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari bidaltzen zaio.

Bisita-mota hori % 41 hazi da azken bi urtean; izan ere, pertsonalizazio-eredua ezarri da. Eredu hori erabiltzaileen etengabeko balorazio-sisteman oinarritzen da; horren bitartez, beren bizi-ereduak aztertzen dira eta une bakoitzean behar den babes-maila zehaztu daiteke. Ondorioz, betiONek erabiltzaileei prestazio osagarri batzuk eskaintzen dizkie: laguntza zaintzailearentzat, narriadura kognitiboaren arriskua arintzeko ariketa kognitiboak eta zenbait gailuren bidez egokitutako telelaguntza.

Gailu horiek alarma-seinaleak bidaltzen dituzte zentralera arrisku-egoera antzematen dutenean, besteak beste kea/sua edo gasa antzematen dituztenean, bai eta erorketen detektagailuak, karbono monoxidoaren eta mugikortasun/pasibotasunaren detektagailuak ere, besteak beste.

Memoria 2018

2018ko urteko memoriatik ondorioztatzen denez, emakumeak izan dira telelaguntza zerbitzuaren onuradun nagusiak; izan ere, erabiltzaileen % 78,08 emakumea izan da eta % 21,92 gizona. Adinaren arabera, pertsonen % 80,20k gutxienez 80 urte bete ditu. Gainera, erabiltzaileen % 57,17 bakarrik bizi da.

Lurraldeen arabera, 2018an 50.236 erabiltzaile izan ziren guztira eta, horietatik, % 55,31 Bizkaian bizi zen (27.785), % 32,58 Gipuzkoan (16.369) eta % 12,11 Araban (6.082). Ehuneko horiek Euskadiko biztanle-banaketaren ehunekoen oso antzekoak dira (% 52,3 Bizkaian, % 32,7 Gipuzkoan eta % 14,9 Araban).

Horrela, bada, Euskadiko telelaguntzaren zerbitzu publikoaren estaldura % 11,33koa da 65 urtetik gorakoetan, % 30,33koa 80 urtetik gorakoetan eta % 44,55ekoa 85 urtetik gorakoetan. Horrenbestez, adinak gora egin ahala, estaldura-maila handiagoa da.

Gaur egun, hau zerbitzu finkatua da, eta erabiltzaileek oso balorazio positiboa egiten dute; izan ere, erabiltzaileei eginiko inkesta batek erakusten du gogobetetasun-maila orokorraren indizea 4,46 puntukoa izan dela 5 punturen gainean, 2018an.

24 ordu, 365 egun

Telelaguntza gizartean laguntzeko eta esku hartzeko zerbitzu teknikoa da, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen duena, eta erabiltzaileei aukera ematen die, telefonoaren bidez eta komunikaziorako ekipamendu informatiko bereziarekin, etengabeko arreta-zerbitzua izateko, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, gizarte-larrialdietako edo -beharrizaneko egoeretara egokitutako erantzuna emateko prestakuntza berezia duten pertsonen eskutik, dela beren kabuz, dela beste baliabide komunitario batzuk mobilizatuz.

betiON zerbitzua bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoei zuzentzen zaie; gizarte-zerbitzuek aitortutako mendekotasun-egoeran edo ahultasun-egoeran bizi diren 65 urtetik gorakoei; adimen-desgaitasuna, fisikoa edo sentsoriala eta mendekotasun aitortua duten pertsonei, maila edozein dela ere; eta buruko gaixotasuna diagnostikatuta duten eta mendekotasun-egoera aitortua edo gizarte-bazterketako arriskua bizi dutenei.

Telelaguntza zerbitzuaren bidez laguntzekoak diren egoeren artean honako hauek daude: etxean erortzea; adinekoei beren ekintzak kontrolatzeko zailtasuna eragiten dieten nahasmendua; osasun-arazoak; edo bakardadea. Kasu horietan guztietan, telelaguntza erabiltzaileen eta beren familiartekoen lasaitasunerako eta segurtasunerako elementu garrantzitsua da.

Zerbitzu hori jaso nahi duten pertsonek beren udaleko oinarriko gizarte-zerbitzuen bidez jo dezakete zerbitzura, 012 telefonoaren bidez, ZUZENEANen bidez edo honako webgune honen bitartez:

http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contss/es/contenidos/informacion/teleasistencia/es_teleasis/teleasistencia.html

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak