Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriarte Euskadiko Lanbide Heziketan prestakuntza jasotzen izan diren irakasle txiletarrekin elkartu da

2019.eko otsailak 27
  • Irakaskuntzarako metodologia berrien inguruko prestakuntza jaso dute irakasle txiletarrek Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako esperientzia ezagututa

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Lanbide Heziketako Plangintza eta Antolaketa zuzendari Nikolas Sagarzazurekin batera, Txileko lizeo teknikoetako irakasle talde batekin elkartu da gaur arratsaldez, Tknikan (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroan). Azken hilabeteotan Euskadin egonaldia egiten izan dira txiletarrok, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan, ikas-irakaskuntza prozesuetako aldaketa metodologikoaren inguruko prestakuntza jasotzen. Ia lau hilabeteko egonaldia egin ondoren, ostiral honetan itzuliko dira Txilera.

Txileko lizeo teknikoetako 34 irakasle dira, guztiak ere hango Hezkuntza Ministerioaren beka jaso dutenak, Técnicos para Chile programaren barnean. Joan zen azaroaren erdi aldetik hona egin duten egonaldian prestakuntza jaso dute ikas-irakaskuntzako metodologia aktibo eta kolaboratiboen inguruan, eta bereziki, Euskadiko Lanbide Heziketan nola ezartzen ari den ETHAZI eredua (Etekin Handiko Zikloak). Aipaturiko eredu horretan elementu nagusia lankidetzazko ikaskuntza da, erronketan oinarritutakoa. Horretarako Tknikan jaso dute prestakuntza lehenik, Lanbide Heziketako bost euskal ikastetxetan abian diren esperientziak ere ezagutu dituzte eta, azkenik, aukera izan dute 8 egunez eta espezialitateka sakabanaturik hamar ikastetxetako eguneroko giroa bizitzeko. Horrez gain, metodologia horiek euren ikastetxeetan aplikatzeko proiektua egiteko aholkularitza ere jaso dute. Izan ere, hemen ikusia eta ikasia praktikara eraman beharko baitute Txilera itzultzean.

Txileko ordezkaritzak interes handiz jarraitu du metodologia honek nola jartzen duen arreta ikaslearen gainean –izan ere, ikaslea bera baita bere ikasketa prozesuaren protagonista-, eta nolako garrantzia duten zeharkako gaitasunek bertan, hala nola, talde lanak, erantzukizunak edo ekintzailetzak.

Euskadiren enbaxadore

Ekitaldian, prestakuntzak gaur egun eskatzen duen etengabeko eguneratzea eta egokitzea izan du hizpide Uriarte sailburuak. “Gure Lanbide Heziketak horretan egin duen lana eta egiten duen lana, funtsezkoa izan da. Aurrerapen teknologikoek, ekoizpen prozesuetan gertatu diren aldaketek, material aurreratuek eta pertsonen enplegagarritasunak ikasleen prestakuntzan etengabe aldaketak egiten jarraitzea eskatzen dute. Nahitaezko aldaketak dira, gure herrialdeen onura ekonomikoaren alde aritu nahi badugu”, azaldu du. “Hilabete batzuetarako familia utzi eta hona etortzea erabaki zenutenean zenituzten aurreikuspenak bete izan espero dut. Gure helburua da zuen herrialdera prestakuntza ona jasota itzultzea, era horretan zuen lana berme gehiagoz buru ahal izan dezazuen”.

Horrela bada, Hezkuntza sailburuak desio bat ere azaldu die irakasle txiletarrei. “Aurrerantzean gure enbaxadore onenak izan zaitezten nahi nuke. Euskadin defendatzen ditugun baloreak zabal ditzazuela, eta Euskadi laguntza emateko nahiz jasotzeko prest dagoen herria dela konta dezazuela, etxera itzultzen zaretenean” esan du amaitzeko.

Técnicos para Chile programa

Euskadik 2008tik du, Hezkuntza Sailaren bidez, Txileko Hezkuntza Ministerioarekin lankidetza hitzarmena, herrialde hark Técnicos para Chile programa abian jarri zuen lehen urtetik, hain zuzen ere. Lehen urte hartan programak 150 beka eman zituen, eta horietatik 55 bekadun Euskadira etorri ziren prestakuntza jasotzera. Ordutik hona, 550 teknikaritik gora (ikasle nahiz irakasle) izan dira euskal ikastetxeetan euren prestakuntza osatzen.

Tknika (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzarako Euskadiko Zentroa), Zubigune fundazioarekin batera, arduratzen da Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen eta Txileko programaren arduradunen arteko koordinazio lanak egiteaz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak