Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia aurkeztu du

2019.eko otsailak 28
  • SANO planak bost jardun-eremutan elikadura osasungarria eta jarduera fisikoa bultzatzeko neurriak proposatzen ditu: familian, eskolan, osasun-zentroetan, sektore pribatuan eta komunitate-ingurunean

  • Kalkulatzen da mutikoen ia % 34k eta neskatoen % 30,7k obesitateko edo gehiegizko pisuko arazoak dituela Euskadin

Osasun Sailak, gaur, SANO- Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia aurkeztu du; tresna horren bidez, mende honetan osasun publikoan dagoen erronka nagusietako bati helduko zaio eta, horretarako, batik bat jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko neurriak hartuko dira. Planaren helburua haur eta gazteek osasuntsu bizitzeko dituzten gaitasunak hobetzea eta jokabide ez-osasuntsuen arriskuak murriztea da, beren ingurunean elkarreraginean diharduten eragileekin lankidetzan.

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman du, gaur, dokumentua ezagutzera, Bizkaiko Osasun Lurralde ordezkaritzan; sailburuarekin batera, Juanjo Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria.

Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du kezkatuta dagoela obesitate-arazoak dituen ume- eta nerabe-kopurua etengabe ari delako igotzen; izan ere, hamar aldiz handitu da azken lau hamarkadotan. Euskadin, obesitatea duten 2 eta 17 urte bitarteko haurren kopurua murriztu egin da 2012aren eta 2017aren artean, Osasunaren Inkesta Nazionalaren datuen arabera; mutikoetan % 8koa da eta neskatoetan % 5,7koa. Zifra hori Estatuko batez bestekoaren azpitik dago (% 10,3).  Hala ere, gomendatutako pisutik gora edo obesitatea duten ume eta nerabeen kopuru osoak gora egin du; mutikoen kasuan % 8 inguru (adin horretako biztanleen ia % 34rengan du eragina) eta, neskatoetan, % 6 baino gehiago (% 30,7ko intzidentzia du).

OMEk duen kezka bera du Eusko Jaurlaritzak ere, eta kontziente da estrategia bat ezarri behar dela, sektore anitzeko ikuspegitik gehiegizko pisua eta haurren obesitatea modu integralean eta Euskadiko errealitatera egokituta prebenitzen saiatzeko. “Haur osasuntsu, aktibo eta zoriontsuak izango dituen oraina eratzen jarraitu nahi dugu, ahalik eta osasuntsuena izango den etorkizunerako oinarriak sendotuko dituena”, esan du Jon Darpón Osasun sailburuak.

SANO - Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategiak 5 jardun-eremu ditu: familiak, eskola-ingurunea, osasun-ingurunea, sektore pribatua eta komunitate-ingurunea. Eremu guztien erdigunean Euskadiko umeak kokatzen ditu. Eremu horiek OMEk munduko obesitatearen epidemia murrizteko esku hartzeko proposamenean jaso dituen berak dira. Eremu bakoitza helburu zehatzetan, garatu beharreko proiektu estrategikoetan eta dagoeneko abian diren proiektuetan antolatzen da.

Estrategia gidatzen duten hiru helburuak honako hauek dira:

  1. Hiru urteko epean, Euskadiko haur eta gazte guztiek frutak eta barazkiak kontsumituko dituzte egunero.
  2. Hiru urteko epean, Euskadiko haur eta gazte guztiek zazpi orduz egingo dute jarduera fisikoa eta, horrela, OMEren gomendioa beteko dute, edo astean eskola-ordutegitik kanpo bi orduz egingo dute jarduera fisikoa.
  3. Hiru urteko epean, Euskadiko udalerri guztiek sartuko dute haurren obesitatearen prebentzioa beren agendetan.

Sailburuak azaldu duenez, helburu horien bidez elikadura osasungarria eta jarduera fisikoa sustatu nahi da Euskadiko haur eta gazte guztietan. Horretarako, oso gogoan hartzen dira dagoeneko abian diren esku-hartze esanguratsuak: 2013-2020rako Euskadiko Osasun Plana, Euskadiko Elikadura Osasungarriko Ekimenak, 2018-2022rako Euskadiko Familiei Laguntza emateko Erakundeen arteko IV.Plana.

SANO eredu integratzailea eta diziplina anitzekoa da, eta hura antolatzeko ingurune osasungarriak sortzeko eragina duten eragile guztiek hartu dute parte, elkarrekin koordinatuta, lidergoarekin eta erakunde-konpromisoarekin.

DOKUMENTU OSOA

Bilbo, 2019ko otsailaren 28a

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2019.eko otsailak 28

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia (#SANO) aurkeztu du ➡ https://t.co/i90lFBynmn https://t.co/Xqnm3IhgqO

Ekitaldiko kargudunak