Eu

Astigarragak trenbideen gainean kokatuko den 310 m2 ko tren geltoki berria izango du

2019.eko otsailak 26
  • ETS proiektuaren azken xehetasunak prestatzen ari da; horren barruan geltokirako sarbidea egongo da altzairuzko igarobideen bitartez, Urumea ibaia eta trenbideak gainditzeko  
  • Obra, Astigarraga-Irun arteko “hirugarren hariko” lanekin eta Euskal Y-aren Hernani-Astigarraga tartearen garapenarekin koordinaturik egingo da

Trenbideen gainean egongo den Astigarragako geltokiak 310 metro karratuko azalera osoa izango du. Horietatik 140 gela teknikoetarako erabiliko dira, eta gainerakoak zirkulaziorako eta erabiltzaileen joan etorrietarako. Guneak izango duen gehieneko altuera librea 4,10 metrokoa izango da. Horiek dira trenbide azpiegitura berriak izango dituen ezaugarrietako batzuk, eraikuntza proiektuan jasotzen denez. Gaur arratsaldean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak eta Zorione Etxezarraga Astigarragako Alkateak aurreratu duten Proiektuaren idazketa amaieratik gertu dago.

Gaur egun, Renferen aldirietako trenek zirkulatzen duten Madril-Irun linea konbentzionalak bi geltoki ditu inguruan, Hernanin eta Martutenen (Donostia), eta Astigarraga eta bertako biztanleak erdibidean geratzen dira, bietatik nahiko urrun. Hori dela eta, Sustapen Ministerioaren enkomenda betez, Euskal Trenbide Sarea, euskal trenbide kudeatzailea da proiektu hori gauzatzearen arduraduna.

Astigarragako Udaletxean egin den jende aurreko agerraldian Tapiak eta Etxezarragak azaldu dutenez, geltokiaren eraikina trenbide gaineko espazio laukizuzen gisa dago egituraturik, erdi kristalezkoa iparraldeko eta hegoaldeko fatxadekin, eta altzairuzko estrukturaren bitartez osaturik. Eraikin berria, iparraldeko fatxadan dagoen eta bertarako sartzeko balioko duen igarobidearen paraleloan proiektatu da, eta nasetara jaisteko eskailerak hegoaldeko fatxadan egongo dira.

Barrualdean, kristalezko kaxak dituzten bi igogailu egongo dira, mugikortasun urria duten pertsonei nasetarako irisgarritasuna bermatzeko. Atarian, geltokiko gela teknikoetara bideratuta bi bolumen eraiki egongo dira, terminalerako sarbide bakarra erdialdean utziz. Bertan egongo dira makina baliogabetzaileak. Halaber, hegoaldeko fatxadaren ondoan 3 metroko zabalerako ibilbidea dago, bertatik irten gabe nasaz aldatzeko.

Geltokirako sarbidea oinez baino ezin izango da egin, altzairuzko igarobide zabalak dituen pasealekuaren bitartez. Izan ere, ekialdetik, Astigarragako udalerrian, trenbidea eta Urumea ibaia gainditu behar dira, eta mendebaldetik, Donostiako udalerrian, trenbidea.

Oinezkoentzako trazatuak duen zabalerari esker, oinezkoak eta bizikletak ibili ahal izango dira bertatik. Urumeako igarobideak, 5 baotan banaturiko 200 metro inguruko luzera dauka.

Proiektuaren barruan, egungo sare konbentzionalaren paraleloan zirkulatuko duen Hernani-Astigarraga tarteari dagokion abiadura handiko linea sartzea aurreikusten da. Plataforma berrian eta UIC zabaleran joango den Euskal Y-aren tartea, zabalera iberiarreko Madril-Irun egungo linearekin lotuko da Astigarragan. Konexio hori beharrezkoa da UIC zabalerako unitateak Donostian dagoen Atotxako geltokira sartzeko, eta baita egungo lineatik Frantziako mugara jarraitzeko ere. Egungo lineari “hirugarren haria” gehituko zaio Astigarraga eta Irun arteko tartean.

Geltokian 6 trenbidek egiten dute bat, eta horietatik 4 pasanteak izango dira; 2 trenbide mutur bakoitzean, Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartearekin lotura izango dutenak, eta beste 2 erdian, Donostiara doan hirugarren haritik jarraituko dutenak. Beste alde batetik, geltokiak 2 trenbide propio izango ditu, nasa berrietatik aldirietako bidaiariei zerbitzua emateko.

ETStik aurreikusten denez uda honetarako amaiturik egon daiteke behin betiko eraikuntza proiektua. Aurreikuspenak betetzen badira, obra “hirugarren haria” instalatzeko eta berehala berrekingo zaien Euskal Y-aren “Hernani-Astigarraga” tarteko lanekin koordinaturik gauzatuko da.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Zorione Etxezarraga, Astigarragko alkatea