Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Elkargik 25 milioi euroko finantzaketa lerro berria jarri dute martxan, Brexit-aren eragina jasango duten enpresei laguntzeko

2019.eko otsailak 27
  • Erresuma Batuarekin merkataritza harreman zuzenak dituzten enpresek eta horien hornitzaile eta bezero sare osoak izango du finantzaketa jasotzeko aukera

  • FEI-IVFk, ELKARGIren abalarekin, 50.000€ eta 500.000€ arteko maileguak emango ditu

  • Oinarriak www.ivf-fei.euskadi.eus edo www.elkargi.es webguneetan kontsulta daitezke

Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuaren bitartez, eta ELKARGIk hitzarmena sinatu dute, 25 milioi euroko finantzaketa linea martxan jartzeko, Brexit-aren eragina jasan dezaketen euskal enpresei epe labur-ertaineko laguntza emateko.

Merkataritza transakzioek aurrean duten agertoki berri eta aurreikusezinaren eta horren eragin ekonomikoaren ondorioz, enpresen likidezia arriskuan jar dezakeen finantza efektua gerta daiteke. Hori dela eta, komenigarria da enpresa txikien eta ertainen, mikroenpresen, autonomoen eta saltokien finantzaketarako sarbidea eta likidezia babestea.

Finantzaketa linea hori, Erresuma Batuarekin inportazio eta esportazio merkataritza harreman zuzenak dituzten enpresek eta horien hornitzaile eta bezero sare osoak erabili ahal izango du.

FEI-IVFk, ELKARGIren abalarekin, 50.000€ eta 500.000€ arteko maileguak emango dizkie hitzarmenean ezarritako eskakizunak betetzen dituzten enpresei.

Enpresa txikien eta ertainen nazioartekotzeari laguntza ematea, enpresa horiei laguntzeko politika ekonomiko orokorren barruan, lehentasun garrantzitsua izan da eta da Eusko Jaurlaritzarentzat. Kanpoko jardueraren pisua, esportazioena batez ere, gure Autonomia Erkidegoaren nortasunaren zeinuetako bat da, eta beharrezkoa da lehiakortasunerako abantaila hori ahalik eta gehien babestea.

Horrela, finantza tresna horrek, Eusko Jaurlaritzaren Brexit Batzordearen barruan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak martxan jarritakoak osatuko ditu.

Enpresa onuradunak

Enpresa onuradunek jarduera ekonomikoa egin beharko dute Euskadin, eta euren egoitza, erabaki gunea edo/eta gutxienez jarduera zentro bat bertan izan beharko dute.

Halaber, Erresuma Batuko enpresekin merkataritza jarduera izan beharko dute, euren bezeroen artean Erresuma Batuarekin merkataritza harremanak dituzten enpresak eduki beharko dituzte, edo euren jarduera edo bertatik sortutako transakzio ekonomikoek Brexit prozesuaren eragina jasan dezaketen enpresak izan beharko dira. Horrez gain, zerga eta Gizarte Segurantza betebeharren ordainketan egunean daudela eta FEI-IVFrekin edo ELKARGIrekin zorrik ez dutela egiaztatu beharko dute.

Interesatuta dauden erakundeek FEI-IVFren www.ivf-fei.euskadi.eus edo ELKARGIren www.elkargi.es webguneetan kontsultatu ahal izango dituzte oinarriak eta dokumentazioa.

Finantzatu beharreko kontzeptuak arantzelen tasak, jardueraren aldi baterako beherapena, kobrantzen atzeratzeak, stock-a ziurtatzeko merkantzia gehiago erosi beharra, heltze prozesu luzeagoak… dira. Hau da, ekonomia-merkataritza testuinguru berriaren ondorioz duten maniobra funtsaren finantzaketa.

Maileguen baldintzak

Mailegu zuzen horiek baldintza hauek izango dituzte:

  • Gutxieneko zenbatekoa: 50.000,00 euro.
  • Gehieneko zenbatekoa: 500.000,00 euro.
  • Interes tasa: Urteko %1,20ko finkoa.
  • Finantzaketarako epea: 3 urte.
  • Gabezia: 6 hilabetera arte.
  • Kuotak: Hiru hilabetez behin, hiruhileko natural bakoitzaren amaieran.
  • Irekiera komisioa: maileguaren printzipalaren gaineko %0,5ekoa.
  • Aurretiazko amortizazio eta kantzelazio komisiorik gabe.

Gauzatuko diren finantzaketa eragiketa guztiak ELKARGIk abalatuko ditu, eta bera izango da aurkeztutako eskariak aztertu eta ebaluatuko dituena. Mailegu linea 25 milioi eurora heldu arte edo 2020ko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik, eta modu automatikoan urteko epealdietan luzatzeko aukera egongo da. 

Euskal enpresak eta Brexit-a

Euskadiko enpresek 2018an Erresuma Batura egindako esportazioen bolumena 1.732 milioi eurokoa da, hau da, Europar Batasun osora saldutakoaren hamarrena. Laugarren herrialdea da esportazioei dagokienez, Alemaniaren, Frantziaren eta Estatu Batuen ondoren. Jarduera talde esanguratsuenak automobilgintza, galdaketa eta makineria dira.

Inportazioei dagokienez, erregaiak eta burdinaren eta altzairuaren galdaketa dira erosketa guztien erdia baino gehiago hartzen dutenak. Euskadik 756 milioi euro erosten dizkio Erresuma Batuari.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pío Aguirre, Director General de ELKARGI