Berriak Lehendakaritza
Eu

Makina Erremintaren sektorea funtsezkoa dela dio Lehendakariak Herrialde lehiakorrago bat eraikitzeko

2019.eko otsailak 27
  • Makina Erreminta kanpoko merkatura irekitzen aitzindaria izan dela eta punta-puntakoa dela azpimarratu du Lehendakariak

  • Industriaren pisua % 24tik gorakoa da euskal ekonomian

  • Euskadiko Makina Erremintak Estatuko % 90 adierazten duela nabarmendu du Urkullu Lehendakariak

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte lagun zuela, Makina Erremintaren Museoaren 20. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian izan da.

Ekitaldi instituzionalaren aurretik, Lehendakariak eta agintariek Makina Erremintaren Museoko instalazioak bisitatu dituzte. Bertan ikusi ahal izan dute ofizio tradizionalen erakustaldi bat, esaterako, karraskatzailearena, armagintzako grabatzailearena eta errementariarena; baita Lamoteko grabatuaren laburpena ere. Ohorezko liburuan sinatu ondoren, agintariak IMHko Alberto Ortueta aretora joan dira, eta bertan egin da ekitaldi instituzionala.

Lehendakariak nabarmendu duenez, Makina Erremintaren sektorea funtsezko sektorea da herrialde lehiakor batentzat, berritu, digitalizazioa barneratu eta industria modernoago baterantz aurrera egin nahi duen herrialde batentzat. Hala, Lehendakariak aitortu egin du Sektorearen jarrera aitzindaria eta egiten duen ekarpena Herrialde lehiakorrago baten eraikuntzan.

Urkullu Lehendakariak azpimarratu duenez, Euskadiko Makina Erremintak Estatuko % 90 adierazten du; eta, gainera, euskal ekonomian industriak duen pisua % 24tik gorakoa da. Testuinguru horretan, Makina Erreminta kanpoko merkatura irekitzen aitzindaria izan dela eta punta-puntakoa dela azpimarratu du Lehendakariak. “Erreferentea da berrikuntzan, gaitasun teknologikoan eta egokitzeko gaitasunean, esportatzeko bokazioan eta merkatu globalean duen presentzian”, zehaztu du. Hala, azaldu duenez, joan den urtean errekor bikoitza hautsi zuen, batetik, enpresa esportatzaileen kopuruan (16 mila) eta, bestetik, esportatutako zenbatekoan (25 mila milioi euro). “Bere ekarpena 2020an % 25era iristeko helburuari eusten diogu”, gaineratu du.

Gainera, Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu duenez, Makina Erremintaren Museoa kontserbazioaren eta pedagogiaren adibide bat da, “kultura industrialaren” eta prestakuntzaren zerbitzura. “Hemen aitzindari izan zarete formatu dualeko unibertsitateko goi-mailako prestakuntzan, nazioartean ospea zabaldua duen eredu batekin”, adierazi du. Etengabe eboluzionatzen ari den sektore batera egokitzeko gai diren pertsonak behar dituen produkzio-sistema baten testuinguru batean, Lehendakariak gogora ekarri duenez, proiektu honek proiektu pilotu gisa balio izan du euskal unibertsitate-sistema batentzat, zeinak gaur egun 25 titulazio dual dituen aintzatetsiak, baita 400 gazteri baino gehiagori zuzendutako eskaintza bat ere, non Makina Erremintako prestakuntza aktibo garrantzitsua eta nabarmena baiten.

Gaur goizean Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan egin den ekitaldian izan dira baita ere GFAko Ekonomiaren Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuru, Museoko aurreko zuzendari eta Zuzendari berri, Pedro Ortuondo eta Bea Ansola, AFM Clusterreko Presidente eta Zuzendari César Garbalena eta Xabier Ortueta, IMHko Zuzendari Ixaka Egurbide, Mondragon Kooperatibako Presidente Iñigo Ucín eta Danobat Taldeko Presidente César Arriola.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)