Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernu Kontseiluaren Akordioa, Gernikako Estatutuaren 40. urteurrenean, estatutua ez betetzea sustatzen dutenen aurrean hura defendatzeko. (Gobernu Bilera 2019-02-26)

2019.eko otsailak 26

1.- Eusko Jaurlaritzak salatu egiten du Euskadiko prozesu autonomikoa eteteko eta Gernikako Estatutua osorik betetzeko oraindik egiteko dauden transferentziak egitea saihesteko asmotan Senatua erabiltzeko eginiko ahalegin desleiala –zehazki, “Lurralde-ordezkaritzako ganbera” izenekoa–.

Pasa den otsailaren 20an onetsitako mozioa alderdien interes koiunturalen ondoriozkoa da, bizikidetzaren, elkarrenganako errespetuaren eta ondasun erkidearen egitura-eskakizunen ondoriozkoa izan beharrean.

2.- Gernikako Estatutua Eusko Legebiltzarkideen Batzordeak proposatuta izapidetu zen eta Gorte Nagusiek onetsi zuten eta erreferendumean berretsi zen, euskal herritarren gehiengoarekin, 1979ko urriaren 25ean. Izaera juridikoa hartu zuen, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organiko gisa. Beraz, Euskadiren erakunde-antolamendurako oinarrizko araua da, bizikidetza-ituna eskaintzen duena.

3.- Eusko Jaurlaritzak erabat gezurtatzen du Eusko Jaurlaritzak 2017ko irailaren 22an onetsitako eta Eusko Legebiltzarrak Legebiltzarreko talde guztien babesarekin –Alderdi Popularra salbuespen bakarra izan zen– abalatutako egiteko dauden transferentzien katalogo eguneratua “Gernikako Estatutuaren euskal irakurketa nazionalista hutsaren” ondorio denik, Senatuan onetsi den mozioan adierazten den bezala.

Eta hainbat arrazoik erakusten dute hori:

I. Katalogoak 1993an euskal ganberak Eusko Legebiltzarraren gehiengo handiaren babesaren bidez onetsi zuen dokumentua eguneratzen du; gehiengo horren barruan Alderdi Popularraren Legebiltzarreko taldea ere izan zen. Zer gertatu da 1993aren eta 2019aren artean, PP hain nabarmen bereizteko erreserbarik eta errezelorik gabe sinatu zuen Estatutuaren irakurketa partekatutik?

II. Katalogo eguneratuak Gernikako Estatutuan aipatzen diren gaiak jaso ditu, bai eta duela lau hamarkadatako erakunde-agendan ez zeuden beste gai berri batzuk ere, eta fitxa bakoitzean eskualdatzea babesten duen Konstituzio Auzitegiaren doktrina esleitzen da.

III. Euskal estatutua berezia da. Aurreikuspen batzuek ez dute parekorik gainerako estatutu-testuetan, eta, gainera, Euskadiri, beste estatutu batzuetan errepikatzen badira ere, orokorrean errepikatzen ez diren eskumenak erreserbatzen dizkio. Horietako bat EAEko lurralde-eremuan dauden espetxeetako erakundeei buruzkoa da; hura 10.14 artikuluan [“gartzelatzeko eta gizartean berrintegratzeko erakunde eta etxeen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua, gaizibil, gaztigu eta gartzelazkoez legegintza orokorrak dioenaren arauera”] eta 12.1 artikuluan [“Gartzelei buruzko legegintza”] jaso da. Eskumena esleitzeko arau horiek argi eta garbi adierazten dira, eta, hori dela eta, ez dago aukerarik ustezko interpretazio nazionalistarako. Edo betetzen dira eta, horretarako, Kataluniako autonomia-erkidegoarekin eginiko antzeko transferentzia eraginkor egiten da, edo ez dira betetzen.

 

4.- Eusko Jaurlaritzak salatu egiten du bere sektore publikoari atxikitako edo haren mendeko langile publikoak interes orokorrei objektibotasunez erantzuteko eta eginkizunak eraginkortasunez eta legezkotasunaren arabera betetzeko gai ez direla defendatzeko ahalegin larria. Eskumen bat eskualdatzeak, besteak beste espetxe-sistema, bertan lan egiten duten funtzionarioak eskualdatzea da, eta horren egokitasuna ez da atxikitako administrazio publikoaren araberakoa.

Pertsona horiek espetxeetako funtzionarioei esleitutako eginkizunak objektibotasunez eta profesionaltasunez garatu ezingo lituzketela iradokitzea funtsik gabeko errespetu bidegabea da.

Eusko Jaurlaritzak euskal funtzio publikoaren egokitasuna defendatzen du.

5.- Eusko Jaurlaritzak erabat ezeztatzen du euskal estatutu-legearen betearazpena Estatuko herritarren arteko desberdintasunen iturri izatea. Hori hala dela onartzeak eredu autonomikoa eraistea eta euskal autogobernua baztertzea ekarriko luke, bai eta horren elementu berezienetako bat ere, Ekonomia Ituna.

Ordea, Konstituzio Auzitegiak zenbait aldiz esan duenez: “Berdintasunak, eskumen autonomikoak baliatzeko muga gisa, esan nahi du Estatuko lurralde osoan eskubide eta betebeharren beharrezko identitatea, nolabait. Lurraldeko edozein aldetan espainiar guztien eskubide eta betebeharretan berdintasunaren printzipioa ezin da ordenamenduaren uniformetasun zorrotz eta monolitikotzat ulertu”.

6.- Eusko Jaurlaritzak ez ditu baztertzen eta gutxiesten ordenamendu juridikoan aurreikusitako lankidetzako, elkarlaneko, koordinazioko eta lurralde-elkartasuneko mekanismoak. Ordea, erregulartasunez parte hartzen du estatu autonomikoaren esparruan lurralde-lankidetza eraginkorra izateko legeetan aurreikusitako gailu organikoan. Baina lankidetza egoteko, erakunde publiko bakoitzari legez dagozkion eskumenak aitortu behar zaizkiola berresten du, bere jarduketa leialaren eta bidezkoaren adierazpen gisa. Ezin da sekula konstituzionaltasunaren blokeak diseinatutako eskumenen banaketa galtzeko edo ez betetzeko aitzakia gisa erabili.

7.- Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari oraintsu prestatutako eskualdatzeen egutegia irmotasunez eta konpromisoz gauzatzeko aurrera egiten jarraitzeko eskatu dio, ekintzen bidez aurreko puntuetan adierazitako gogoetak bermatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko