Eu

Eusko Jaurlaritzak 626.800 euro onartu ditu euskarazko eta gaztelaniazko literatura argitalpenak laguntzeko (Gobernu Bilera 2019-02-26)

2019.eko otsailak 26

Iazko diru-laguntza deialdiaren bitartez, guztira, 32 literatura argitalpen babestu ziren

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak, bere gaurko saioan, 626.800 euroko kontu-saila onartu du literatura argitalpenak diruz laguntzeko. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren deialdi honek 511.800 euro bideratuko ditu euskarazko literaturaren edizioa laguntzera; gaztelaniazko lanak laguntzera, aldiz, 115.000 euro bideratuko dira. Iazko diru-laguntza deialdiaren bitartez, 32 literatura argitalpen babestu ziren; 22 euskarazko modalitatean eta 10 gaztelaniazkoan.

Diru-laguntzak ebazteko orduan, Balorazio Batzordeak kontuan izango ditu honako irizpideak: aurkeztutako lanen kultura-arloko interesa, eskaera egin duen argitaletxearen katalogoa eta ibilbidea, eta, azkenik, Edizio-Planaren ezaugarri teknikoak eta aurrekontuaren egokitasuna.

Lehenik eta behin, Edizio-Planean sartutako lanen kultura-arloko interesa gehienez % 40arekin baloratuko da. Ondorengo irizpideak hartuko dira kontuan, plana bere osotasunean begiratuta:

  • Lanen kalitatea.
  • Lanen edukia.
  • Egileen ibilbidea.
  • Euskadik edota bertako biztanleek bizi duten errealitate kultural, sozial eta linguistikorekiko lotura.

Bigarrenik, eskaera egin duen argitaletxearen katalogoa eta ibilbidea, gehienez puntuazioaren % 30era arte baloratuko da. Ondorengo irizpideak hartuko dira kontuan:

  • Azken hamar urteetan argitaratutako lanak.
  • Berrargitalpen kopurua.
  • Lanen banaketa.

Azkenik, baloratuko dira proposatzen den Edizio-Planaren ezaugarri teknikoak eta aurrekontuaren egokitasuna, gehienez % 30era arte. Ondorengoak hartuko dira kontuan:

  • Edizio mota eta euskarri digitalaren erabilera.
  • Paperezko liburuaren formatua, azalaren mota, paperaren gramajea eta inpresio mota.
  • Aurrekontuaren egokitasuna.

Balorazio-baremotik gutxienez % 60ko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak baztertuta geratuko dira eta ezin izango dira hautatutako proiektuetan barne hartu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko