Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Lanbidek 1,7 euro bideratu ditu familia- eta lan-bizitza uztartzeko bide ematen duten enpresentzako laguntzetara (Gobernu Bilera 2019-02-26)

2019-02-26

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren akordioaren berri eman dio Gobernu Kontseiluari; akordio horren bidez, 1,7 milioi euro bideratzen dira familia- eta lan-bizitza uztartzeko bide ematen duten enpresentzako laguntzetara.

Laguntza-ildo horren bidez, Lanbidek enpresei erraztasuna ematen die seme-alabak eta mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden familiartekoak zaintzeko eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dauden langileak ordezkatzeko.

Hori ez da Eusko Jaurlaritzak kontziliaziorako eskaintzen duen laguntza-bide bakarra. Kasu honetan, dirulaguntzak eszedentzia edo lanaldi-murrizketa horiek eskatzen dituzten pertsonek lantoki dituzten enpresetara bideratzen dira.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak honako hiru laguntza-ildo hauek ditu: lehenengoa, seme-alabak zaintzeko eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dauden langileei zuzenean laguntzeko; bigarrena, mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden familiartekoak zaintzeko; eta, hirugarrena, seme-alaba adingabeak etxean zaintzeko langileak kontratatzeko.

Horrela, guztira lau dira, ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak arautzen duenaren arabera, familia- eta lan-bizitza uztartzeko laguntzetara bideratzen diren laguntza-ildoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko