Eu

Eusko Jaurlaritzak amaiera eman dio Zumalakarregiko igogailua bilboko udalari lagatzeko prozesua (Gobernu Bilera 2019-02-26)

2019.eko otsailak 26
  • Martxoaren 5etik aurrera, Zumalakarregiko igogailua udal igogailu sarearen barruan geratuko da

Gobernu Kontseiluak, ekainaren 6ko 104/2000 Dekretua indarrik gabe uztea onetsi du gaur egin duen bileran. Dekretu horren bitartez, “Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos, S.A” sozietate publikoaren esku utzi zen Zumalakarregiko igogailuaren ustiapena. Akordio horren bitartez amaiera eman zaie azpiegitura Bilboko Udalaren esku uzteko espedientea osatzeko legezko tramiteei.

Datorren martxoaren 1ean argitaratuko da EHAAn aipatutako igogailuaren besterentzea eta kudeaketa eta zerbitzua Bilboko Udalaren esku dohainik lagatzeko dekretua, ondorea martxoaren 5ekoa izango den arren. Hau da, martxoaren 5etik aurrera, Zumalakarregiko igogailua udal igogailu sarearen barruan geratuko da.

2010eko maiatzean, Euskotrenek ustiatzen zuen Txorierriko linearen barruan zegoen Zumalakarregiko egungo geltokiak tren zerbitzuarekin lotutako zerbitzua eskaintzeari utzi zion, Deustuko eta Zazpi Kaleetako geltokien arteko tren zirkulazioak kendu egin baitziren, metroaren 3. lineako lanak zirela eta.

Ordutik, Zumalakarregiko igogailuak funtzionatzen jarraitu du, geltokitik Uribarriko eta Zurbarango auzoei eskaintzen zaien hiri barruko zerbitzu gisa.

2017ko apirilaren 3an 3. linea zerbitzua ematen hasi zenetik, Uribarriko geltoki berriak ez du igogailu horren beharrik, sarbideak baititu Zumalakarregiko geltoki zaharraren ingurutik igarobide errodagarriak dituen kanoitik eta Balendin Berriotxoa kaletik.

Azpiegitura hobetzeko xedez, eta Udalaren asmoari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak azpiegitura udalerriari lagatzeko izapideak hasi zituen, hiriko zerbitzu gisa. Tramitazioak tratamendu bikoitza eskatzen zuen. Alde batetik, ondare arloko desafekzioa eta, bestetik, erabiltzaileei zerbitzua emateko Euskotreni emandako agindua bertan behera uztea. Tratamendu bikoitz horrek bete beharreko eskakizun asko izan ditu. Hori dela eta, tramitazioa luzatu egin da.

Administrazio izapide konplexuak eta neketsuak gainditu ondoren, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Udalaren esku utziko du igogailua, dohainik. Udalak jaso eta gero, Bilboko Udalaren Igogailuen Sarean sartuko da, herritarren erabilera publikorako.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko