Eu

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultur sorkuntzari lotutako 460 proiektu lagundu zituen iaz 12 diru-laguntza deialdi irekiren bidez, 7,5 milioi euro inbertitu zituelarik

2019.eko otsailak 25
  • Bingen Zupiria sailburuak azaldu du Sailak ahalegin bat egingo duela laguntza hauek eta beste batzuk sortzaileengana hurbiltzeko; horretaz informatuko da unibertsitateetan eta Musikene edo Dantzerti bezalako zentroetan.

 

Donostia, 2019/02/25       

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak kultur sorkuntza sustatzeko iazko ekitaldian bideratu ziren diru-laguntza irekien balantzea aurkeztu du gaur eta, horrekin batera, nabarmendu du zuzentzen duen Sailak pauso bat emango duela kultur politika horiek sortzaileengana hurbiltzeko. Azaldu duenez, kultur sorkuntzaren sustapenari lotutako 460 proiektu babestu ziren iaz, 12 diru-laguntza deialdi irekitan bildutako 39 modalitateren bidez. Diru-laguntza horiek 7.579.315 euroko aurrekontua izan zuten. Ahalegin horrez gain, 7,2 milioi euro inguru inbertitu ziren kultur sorkuntza ardatz duten bestelako programa eta ekimenen bitartez. Hirugarrenik, Sailak ahalegin handia egiten du euskal sortzaileen lan hori ikusgarriago egiteko, eta horretarako jaialdi, azoka eta ekinbide ezberdinak laguntzen ditu.

Joxean Muñoz Kultura sailburuordearekin batera, Zupiriak azpimarratu du sormena laguntzeko xedearekin egiten den ahalegin hori Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egin den prentsaurreko batean: “Adierazi izan dugunean euskal sortzaileengandik hurbil egon nahi dugula, horretaz ari gara: beren proiektuak aurrera ateratzen lagundu nahi dugu. Kultura Sustatzeko zuzendaritzak 12 laguntza-ildo ditu eta ildo horiek 39 babes-modalitate biltzen dituzte. Horien bitartez, ehunka sortzaile babesten dira urtero eta arlo guztietako proiektuak aurrera ateratzen dira. Era berean, euskal sorkuntzaren sustapena ardatz duten bestelako programak ere bultzatzen dira Sailetik; hala nola, Eremuak, Noka Mentoring edota Gure Artea Sariak, beste askoren artean. Ekimen hauen bitartez 7,2 milioi euro inguru inbertitzen dira”.

Zupiria sailburuak adierazi du sorkuntza babesteko ekimenekin batera, esfortzu handia egiten dela euskal kultur sorkuntza ikusgarriago egiteko: “Legealdiko beste konpromisoetako bat da sortzaileen lana ikusgarriago egitea. Eusko Jaurlaritzak babesten dituen jaialdi, azoka eta ekimen askoren xedea da euskal kultur sorkuntza ikusgarriago egitea. Hiru zutabe horietaz haraindi, nazioarteko kultur sorkuntza Euskadira gerturatzen duten beste kultura-erreferentzia batzuen aldeko apustua legoke, non euskal sorkuntzak geroz eta presentzia handiagoa daukan. Azkenik, aipatu behar da Etxepare Euskal Institutuaren bidez egiten den ahalegina euskal sortzaileen lana nazioartekotzeko”.

 

Sortzaileengana hurbiltzea

Sorkuntza sustatzeko apustu hori aintzat hartuz, Joxean Muñoz sailburuordeak azaldu du Sailak pauso bat eman nahi duela politika horiek sortzaileengana hurbiltzeko; alegia, laguntza-ildo horien balizko hartzaileengana gerturatzeko: “Euskal kulturgintzaren barruan, askok politika horiek ezagutzen dituzte, baina badaude hainbat eragile kultur sorkuntza babesteko Administrazioak egiten duen esfortzu garrantzitsu hori oraindik ezagutzen ez dutenak. Hori dela eta, aurrerapauso bat eman eta kalera atera nahi izan dugu, sorkuntza-gunetara gerturatu, kultura-jarduera hori nola babes dezakegun azaltzeko”.

Horretarako, UPV/EHUko hiru campusak, Deustuko Unibertsitatea, Musikene edo Dantzerti bezalako zentroak, kultura-elkarteak edo gazte informazioko bulegoak bisitatuko dira baliabide horien berri emateko. Halaber, ‘Zure ideiarekin jarraitu / No abandones tu idea’ lelopean, sare sozialetan zabalduko da informazio hori, bai eta informazio hori azalduz unibertsitateko ikasleek egin dituzten zenbait bideo ere. Horrez gain, aste honetan bertan webgune bat abiatuko da non sorkuntza sustatzeko diru-laguntzen inguruko informazioa jasoko den: Informazio bera Eusko Jaurlaritzaren webgunean jasoko da: www.euskadi.eus/zureideiarekinjarraitu

 

Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza deialdi irekiak kultur sorkuntzarako

  • Kultur sormena deialdia (diziplina anitzekoa).
    • Antzerkirako testuak.
    • Zinema-gidoiak.
    • Musika konposizioa.
    • Proiektu eta prototipoen atariko diseinuak (Ikertu).
    • Gazteei zuzenduriko euskarazko literatura-testuak.
    • Euskarazko ipuin eta eleberri laburrak.
    • Koreografiak sortzea.
  • Arte eszenikoak sustatzeko diru-laguntzak.
    • Antzerki arloko profesionalen prestakuntza.
    • Dantza prestakuntza.
    • Arte eszenikoak sustatzea.
    • Kaleko antzerkia sustatzea.
    • Dantza zirkuitua.
  • Antzerki jarduera profesionaletarako diru-laguntzak.
    • Sormen egonaldiak.
    • Ekoizpenak
    • Hitzartutako zirkuituak.
  • Antzerki konpainien bi urteko jardunak.
    • Dantza-jardueretarako diru-laguntzak.
    • Dantza-lanak.
    • Dantza-ekoizpenak.
    • Dantza-konpainiak sendotzea.
  • Arte plastikoen eta ikusizko arteen arlorako diru-laguntzak.
    • Sustapen-zabalkundearen modalitatea.
    • Argitalpenen modalitatea.
    • Sorkuntza-ekoizpena modalitatea.
  • Ikus-entzunezko ekoizpenerako diru-laguntzak.
    • Fikziozko film luzeak.
    • Aurrekontu baxuko fikziozko film luzeak.
    • Animaziozko film luzeak.
    • Sortze-dokumentalak.
    • Laburmetraien ekoizpena.
  • Ikus-entzunezko proiektuak garatzeko diru-laguntzak.
  • Sorkuntza grafikorako diru-laguntzak: komiki eta nobela grafikoak.
    • Komiki eta nobela grafikoak.
    • Ilustratutako albumak.
  • Literatura-argitalpenetarako diru-laguntzak.
    • Euskarazko literatura-ekoizpena.
    • Gaztelerazko literatura-ekoizpena.
  • Musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak.
    • Partituren edizioa.
    • Musika proiektu unitarioak.
    • Musika ekimen enpresarialak.
    • Musika programazioa.
  • Sorgune, praktika sortzaileak bultzatzen dituzten kulturagune independenteei zuzendutako diru-laguntzak.
  • Bitartez, kultura eta gizarte arloetako bitartekotza- eta berrikuntza-proiektuetarako diru-laguntzak.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak