Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutuaren 40. urteurrenean, Estatutua ez betetzea sustatzen dutenen aurrean hura defendatzea adostu du

2019.eko otsailak 26
  • Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Gobernuaren lankidetza-hitzarmen bat BJKNrekin eta EUDELekin kalteberatasun-kasuak detektatzeko eta etxegabetzeen aurrean neurri sozialak aplikatzeko

  • Euskadiko egoitzetan bizi diren adineko pertsonei segurtasun handiagoa eta kalitateko prestazio farmazeutikoa emango dizkien eredu berri bat onetsi du Eusko Jaurlaritzak

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondoren izan ohi den prentsaurrekoan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola, Osasuneko sailburu Jon Darpón eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal lagun zituela.

GERNIKAKO ESTATUTUA DEFENDATZEKO AKORDIOA

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du “Gernikako Estatutua defendatzeko akordioa bere 40. urteurrenean, estatutua ez betetzea sustatzen dutenen aurrean.” Erkoreka sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak salatu egiten ditu instituzioen leialtasun falta eta Senatuaren instrumentalizazioa.

Zentzu horretan argitu duenez, Eusko Jaurlaritzak ukatu egiten du zeharo estatutu-legearen betearazpena izatea Estatuko herritarren arteko desberdintasunen iturria. “Hori defendatzeak ekarriko luke eredu autonomikoa suntsitzea eta euskal Autogobernua baztertzea”, zehaztu du. Hala, Erkorekak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza beti egon da ordenamendu juridikoan aurreikusita dauden beharrezko lankidetzaren, elkarlanaren, koordinazioaren eta lurralde-koordinazioaren alde. “Dena den, lankidetza sortzekotan aitortu eta errespetatu egin behar dira instituzio bakoitzari legez dagozkion konpetentziak”, gaineratu du.

Gainera, Josu Erkorekak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa lanean jarraitzeko Espainiako Gobernuak osorik bete dezan Gernikako Estatutua. Zentzu horretan, azaldu duenez, datozen orduetan lehenengo negoziazio-blokeko gainerako gaien dokumentazioa jasotzea espero dute. “Komunikazioa arina eta etengabea da Lurralde Politikako Ministroaren taldearekin duguna, eta espero dut akordio batera iritsi ahal izatea eta Transferentzien Batzorde Misto berri baten deialdia egitea”, adierazi du.

HITZARMENA NEURRIAK ETXEGABETZEEN AURREAN

Bere aldetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Gobernuaren lankidetza-hitzarmen bat BJKNrekin eta EUDELekin kalteberatasun-kasuak detektatzeko eta etxegabetzeen aurrean neurri sozialak aplikatzeko. Arriolak adierazi duenez, hitzarmenaren aplikazioarekin arindu egin nahi da, ahal den gehien, fede oneko zordunentzat adierazten duen drama bizi diren etxeetatik bota izateak; hau da, kalteberatasun-egoeran bizi den pertsona edo familia bakar bat ere kalean ez geratzea inolako babesik gabe. Arriola sailburuak azaldu duenez, hitzarmenaren berrikuntza nabarmenetako bat da orain antzematen den gabeziarik handiena konpontzen duena: inplikatutako eragileen artean komunikaziorako kanal eraginkorrik eta operatiborik ez egotearena. “Gabezia hori erregistro informatiko bat sortuz konponduko da; erregistro horrek erraztu egingo du instituzioen arteko komunikazioa eta burututako ekintzen azterlan estatistikoa, espedienteen kudeaketa bizkorra eta eraginkorra izan dadin, eta aurreikusitako ekintza sozialak planifikatu ahal izateko, horien premia izanez gero”, argitu du.

DEKRETUA FARMAZIA-ZERBITZUEI BURUZ

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eta Osasuneko sailburu Jon Darpónek jakinarazi dutenez, Gobernu Kontseiluak gaur onetsi du Dekretua, adinekoen egoitzetako farmazia-zerbitzuei eta medikamentuen gordailuei buruzkoa. Osasuneko sailburuak adierazi duenez, Dekretu horrekin prestazio farmazeutikoaren kudeaketa-eredu berri bati ematen zaio hasiera adinekoen egoitzetan. “Eredu berri horrek segurtasun handiagoa eta kalitateko prestazio farmazeutikoa emango dizkie Euskadiko egoitzetan bizi diren adineko pertsonei eta, aldi berean, hobetu egingo du eraginkortasunean”, zehaztu du Darpónek.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek bere aldetik nabarmendu duenez, farmaziaren arloan gaur onetsitako hitzarmenarekin eta egoitzen erregulazioa hobetzeko ematen ari garen pauso berriekin arreta integrala eta pertsonan oinarritua lortzen da; kalitatearen kudeaketa, ebaluazio eta etengabeko hobekuntzarako eredu bat; eta gure adinekoen eskubideen bermea.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak