Euskadiko Klima Aldaketaren lehen Asteak (Asteklima) ehun jarduera inguru eskainiko ditu herritar guztientzat
- Ekitaldi nagusia izango den Donostiako ‘Change the Change’ Nazioarteko Konferentziaz gain, arazo global horren inguruan sentsibilizatzeko jarduerak antolatuko dira Euskadiko 49 udalerritan.
- Programa zabalaren barruan, erakusketak, tailerrak, jardunaldiak, mikrotopaketak edo itsasontzi-irteerak izango ditugu martxoaren 1etik 10era bitarte.
Klima-aldaketaren aurkako borroka herritar guztiei eskainitako erakusketa, tailer eta mikrotopaketa batzuetan gauzatuko da Euskadiko berrogeita bederatzi udalerri ingurutan. Ihobek (Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoak), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, beste erakunde batzuekin batera (hala nola URA-Uraren Euskal Agentzia, Visesa, AZTI, Neiker, Tecnalia, Aclima klusterra, Itsas Mater Museoa, BC3, Iberdrola, Ecodes, Ekoetxea ingurumen-zentroen sarea, Kristina Enea Fundazioa eta UNESCO-Etxea) ia ehun ekimen antolatuko dituzte gizartea arazo global horren inguruan kontzientziatzeko. Jarduera horiek guztiak Asteklima izeneko Euskadiko Klima Aldaketaren lehen Astearen barruan egingo dira. Asteklima martxoaren 1etik 10era egingo da, eta Klima Aldaketari buruzko ‘Change the Change’ Nazioarteko Konferentzia izango da ekitaldi nagusia.
Donostian, martxoaren 6tik 8ra bitarte izango da hitzordua, eta berotze globalari lotutako urteko garrantzitsuenetako bat izango da. Nazioarteko lehen mailako hizlariek gogoeta egitera eta soluzioak bilatzera bultzatuko duten bitartean, Euskadiko 49 herri eta hiritan herritar guztientzako ia ehun jarduera egingo dira martxoaren 1etik 10era bitarte.
86 ekimen egingo dira guztira: 37 Araban, 26 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan. Gainera, ondorengo astean ere (martxoaren 11tik 17ra bitarte) beste 6 jarduera egingo dira, eta, beraz, guztira 92 ekimen egingo dira klima-aldaketaren aurka.
Ekintza horietan, ahalik eta jende gehien bildu eta inplikatu nahi da. Programaren zati handi bat hitzaldi, tailer eta jardunaldiekin osatuko da, baina herritarrei, gainera, zinema-saioak, lehiaketak, ipuin-kontalariak, erakusketak eta adin-tarte guztietarako beste jarduera batzuk eskainiko zaizkie.
Udalerriek bultzatutako jarduerez gain, industriak, zientziak eta kulturak ere zeregin garrantzitsua beteko dute lehen Astekliman. Jardunaldi eta topaketa horietan landuko diren ikuspegien artean, klima-aldaketak hainbat arlotan (osasuna, moda, big data, ura, enpresa-sektorea, diseinua, itsasertzaren gaineko inpaktua, eraikuntza jasangarria, nekazaritza-sektorea, giza eskubideak eta abar) izango duen eragina azpimarra daiteke.
Halaber, beste ekintza mota batzuk ere izango ditugu, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta Miramar Jauregian egingo den ‘Slow Fashion’ desfilea, erakusketak Donostiako Aquariumean, Alderdi Ederren eta Boulevardean, eta argazki-erakusketa bat Gasteizen, Gasteizko Argazkilarien Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak berak bultzatuta.
Jarduerarik erakargarrienetako bat Mater Itsas EkoMuseoan egingo da. Martxoko lehen bi asteburuetan, herritar guztientzako itsasontzi-irteerak egingo dira, Pasaiako portutik Jaizkibelgo itsaslabarretara. Irteera horietan, klima-aldaketak itsas ingurunean dituen ondorioak landuko dira dinamikoki (itsas mailaren igoera, espezieen desagerpena, aldaketa meteorologikoak eta abar). Eta hilaren 1etik 8ra bitarteko lanegunetan, bi eskola-tailer eskainiko dira egunero, klima-aldaketak itsas ingurunean duen inpaktua azaltzeko. Itsasontzi-irteerak zein tailerrak doakoak izango dira, baina erreserba egin beharko da aldez aurretik.
Euskadiko Klima Aldaketaren lehen Astearen helburua, nolanahi ere, herritarrak erronka global horri aurre egiteko konpromiso pertsonala hartzeko mobilizatzea da, ekintza oro, txikia izanik ere, baliagarria delako premisapean.
Jardueren garapenari buruzko informazio guztia asteklima.eus webgunean dago eskuragarri
Euskadi: hitzordua klima-aldaketarekin
Berotze globala planeta osoa eraginpean hartzen duen arazoa da, eta, 2019. urtean, arazo horri aurre egiteko moduari buruz eztabaidatzeko nazioarteko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat izango dugu Euskadin. ‘Change the Change’ (“aldaketa aldatu”, ingelesez) izeneko Nazioarteko Konferentziak arloko espezialistarik onenetako 50 bilduko ditu, eta 600 pertsona inguruk parte hartzea dago aurreikusita.
Konferentzia Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak antolatu dute, eta Ekitaldi Jasangarriaren Erronka Garbia ziurtagiria lortu du. Ziurtagiri horrek egiaztatzen du ekitaldiak ingurumenaren gaineko inpaktu negatiboak minimizatuz diseinatu, antolatu eta burutu direla.
Gainera, ondorio positibo bat utziko du ingurumenean. Izan ere, Konferentziara joateagatik eragindako emisioak konpentsatzeko aukera emango zaie joaten direnei, Donostian bertako zuhaitz-espezieekin egingo den basoberritze-proiektu baten bidez.
-
2019-02-27
Mmmm.... Una buena causa, pero... Tres políticos, los tres del mismo partido, en la misma foto. Campaña electoral. Acto pagado con la pólvora del rey. ¿Por qué me parece a mí que hay más salsa que caracoles, más envoltorio que contenido, más trapúa que pupúa...?Los otros dos no es que sean de echar cohetes, pero la presencia de Ernesto Gasco, el hombre más falso e insustancial que existe en la política vasca, no hace sino arrojar dudas sobre el alcance real del evento. Y la foto... no digamos.