Eu

Emozioen indarra da Kontsumobidek antolatutako hitzaldiaren gai nagusia

2019.eko otsailak 22

Otsailaren 26an egingo da 17:30ean Vitoria-Gasteizko Berritzegunean

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak hitzaldi bat antolatu du emozioek produktu edo zerbitzuak erosteko orduan duten indarraz gogoeta egiteko. Bertaratzea dohainik da, baina izena eman behar da aldez aurretik.

Emozioek pertsona kontsumitzaile gisa gure jokabidean duten indarrak pertsona guztioi eragiten digu, baina zalantzarik gabe nerabezaroa da horretarako adin sentikorrena. Teknologiaren eta kontsumo-forma berrien eraginpean egotean, eraikitzen ari den nortasunari uztartuta, heziketak garrantzi berezia du pertsona gazteetan. Horregatik, nahiz eta hitzaldia jende guztiari irekia den, irakasleek bereziki eskuratu ahal izango dituzte bitartekoak beren ikasleei kontsumoari buruz eta, batez ere, jasotzen dituzten askotariko estimuluei aurre egiteko erremintei buruz heziketa osagarria emateko.

Hitzaldia Tomas Elorriagak emango du, neurozientzia eta ekologia emozionaleko, baita talde-roletan ere, aditua. Ezagutu ahal izango dugu nola duela mende batetik gora publizitatea jakitun den, oharkabean edo jakinaren gainean, pertsuasio-mekanismoez eta emozioen indarraz, eta nola gai izan den marketinerako erreminta gisa haiek erabiltzeko. Elorriagak burmuinaren funtzionamenduari buruzko ezagutza eskainiko digu, jakingo dugu emozioak nola aktibatzen diren, eta gure erabakiak nola baldintza ditzaketen. Kontsumo kontziente bat hautatzeko gakoak jardunaldiaren amaieran emango dira.

Hitzaldia Vitoria-Gasteizko Berritzegunean egingo da otsailaren 26ko 17:30ean (Gasteiz etorbidea, 93; 01009 Vitoria-Gasteiz), eta dohainik da bertaratzea, nahiz eta beharrezkoa den aldez aurretik kontsumobide.formacion@kontsumobide.eus helbidean izena ematea, bertan adieraziz izen-abizenak, ikastetxea (irakaslea izanez gero), telefono zenbakia eta helbide elektronikoa.

Argibideetarako:

www.kontsumobide.eus

945 06 21 40

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak