Berriak Lehendakaritza
qrcode

Osasun zentro berria Retuerton, Barakaldoko 6.000 herritar baino gehiagoren osasun arreta hobetzeko 

2019-02-25
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • 762.000 euroko inbertsioa egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak osasun-zentro berria bisitatu du; horren bidez, Osakidetzaren irisgarritasuna hobetuko da ezkerraldeko eremu horretan eta lehen mailako arreta sendotuko da

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur, Retuertoko osasun-zentro berria bisitatu du, Jon Darpón Osasun sailburuarekin, Juan Diego Osakidetzako zuzendari nagusiarekin, Julen Ballestero Barakaldo-Sestao ESIko gerentearekin eta Amaia Del Campo Barakaldoko alkatearekin batera.

Iñigo Urkullu Lehendakariak instalazioak bisitatu ditu eta honako hau esan du: “Retuertoko osasun-zentro berria ireki izana zonako auzokideen osasun-asistentzia hobetzeko beste urrats bat da; aldi berean, lehen mailako arreta sendotzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, pertsonengandik hurbilen dagoen arreta”.

Retuertoko osasun-zentroa martxoko lehen hamabostaldian jarriko da martxan; 762.000 euro inbertitu dira horretan eta lau kontsulta mediko eta erizaintzako beste lau ditu. Barakaldoko Udalak lagatako lonja batean dago; zentroak ia 6.300 heldu ditu esleituta. Bestalde, La Paz osasun-zentroak jarraituko du 15.806 pertsonari arreta ematen; lehen 22.095 pertsonari ematen zien arreta, Retuertoko zentro berria ireki aurretik.

Osasun-zentro berriak, urtean, batez beste, honako hauek egingo dituela aurreikusten da:

  • Medikuntza Orokorreko aurrez aurreko 30.620 kontsulta eta 600 etxera.
  • Erizaintzako aurrez aurreko 8.120 kontsulta eta 1.340 etxera.
  • 7.000 ateratze

Horrela, Barakaldoko auzo horretako herritarrak aspaldi egiten ari diren eskariari erantzuten zaio; orain arte, La Paz osasun-zentroraino joan behar zuten, kontsulta medikoetara. Osasun-zentro berri horrekin, Barakaldoko osasun-zentroen sarean zazpi daude, guztira; 100.000 pertsonari ematen diete zerbitzu.

Iñigo Urkullu Lehendakariak honako hau nabarmendu du: “lehen mailako arreta sendotzea pertsonen osasun integralaren aldeko apustua egitea eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzea da”. Pasa den astean, Osasun Sailak Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia aurkeztu zuen; estrategiaren helburua da euskal gizarteari zerbitzu ematea eta hura osatzen duten profesionalek antolakuntza hobeta izatea. Proposatzen dituen 35 neurri zehatzen artean, osasun-zentro berriak modernizatzeko eta irekitzeko inbertsioak sendotzea aurreikusten da. Lehendakariak esan du aurten  Zuia-Murgiako osasun-zentro berria eraikitzen hastea ere aurreikusten dela, eta Donostiako Aieteko kontsultategi berriaren obretan aurrera egitea.

2016tik, Eusko Jaurlaritzak 195 milioi euro inbertitu ditu osasun-azpiegituretan, puntako ekipamenduetan eta tresna edo aplikazio informatikoetan. Ahalegin ekonomiko hori, Lehendakariaren hitzen arabera, pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko egin da; horrela, osasun-sistema publiko unibertsala, bidezkoa eta kalitatekoa finkatzen da. Osakidetzak 330 osasun-zentro eta anbulatorio baino gehiago ditu.

Era berean, Iñigo Urkulluk Osakidetzako profesionalen eta Osasun Sailaren lana goraipatu du: “egunero posible egiten dute herritarrei eskaintzen diegun zerbitzua eraginkorragoa, hurbilagoa eta irisgarriagoa izatea”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)