Eu

Beatriz Artolazabal: “Euskadik urrats handiak eman ditu berdintasunean eta kontziliazioan eta, horien bidez, familiek planteamendu positiboak garatu ahalko dituzte, gizarte-kohesiorako”.

2019.eko otsailak 22

VG 19-02-22

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, honako hau esan du: “Euskadi urrats handiak ematen ari da berdintasunean eta kontziliazioan eta horiek erraztasun handiagoak ekarri dituzte, familiek gizarte-kohesioan eragin positiboa izango duten bizi-planteamenduak garatzeko”.

Artolazabalek gaur goizean Eusko Legebiltzarrean esan duenez, “Familiei Laguntza emateko IV. Plana eta VII. Berdintasun Plana elementu estrategikoak dira, paradigma-aldaketa horretan aurrera egiteko.  Hura ezartzeko, Europako ereduetan oinarritu gara; eredu horiek, zenbait urtez berdintasun-politikak eta familia-politikak garatzen jardun ondoren, giza garapeneko adierazle oso positiboak lortu dituzte, eta Euskadin ere horiek ditugu helburu”.

“Horrela, guraso eta zaintzaile langileen erronkei ari gara aurre egiten, laneko eta familiako erantzukizunak kontziliatzeko orduan, eta planteatutako neurriek benetako eragin positiboa dute euskal familietan. Kontziliazio-dekretua aldatzeak ekarriko du 10.000 gurasok laguntzara jo ahal izatea, eta errenta baxuenak dituzten familiei doako zerbitzua eskaintzeko neurriaren onurak, hura indarrean sartu zenetik, ordurako semeak edo alabak matrikulatuta zituzten 500 familia ari dira jasotzen. 30 enpresa ari dira kontziliazioaren inguruko aholkularitzako eta laguntzako esperientzia pilotuan parte hartzen”, esan du Beatriz Artolazabalek.

2018an, Concilia+ webguneak 87.041 bisita izan zituen; 50.880 orrialde ikusi ziren eta 49 kontsulta egin ziren. Gurasotasun-ikastaroetan, urtero, 200 profesionali ematen zaie prestakuntza, eta ikastaro horiek zuzenean dute eragina profesional horiek artatzen dituzten familietan.

Gizarte-eskubideak

“Europara begira gaude, plangintza estrategikoa diseinatzean. Hori horrela, Europako Batzordeak, 2017ko apirilean, «Familiako eta laneko bizitzaren kontziliazioa» ekimena proposatu zuen; hori Gizarte Eskubideen Europako Oinarriaren funtsezko helburua da”, esan du Artolazabal sailburuak.

Artolazabalek honako hau esan du: “oinarri horretan, Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak, pasa den urtarrilaren 24an, behin-behineko akordioa hartu zuten, Europako Batzordeak guraso eta zaintzaileen familia- eta lanbide-bizitzaren kontziliazioari buruz emandako gidalerro berriaren proposamenari buruzkoa. Hura aintzat hartuta, Europako gutxieneko araua ezartzen da eta horrek guraso-baimenaren lau hileko eskubidea ezartzen du, eta bertan dakar bi hilabete ez direla besterenezinak gurasoen artean. Gainera, bi hilabete horietarako konpentsazioa sartzen du, estatu kideek zehaztuko duten mailan”.

“Euskadin haurdun geratzen ez den gurasoarentzako oinarri arautzailearen % 100aren baliokidea den konpentsazio ekonomikoaz ari gara; horren bidez berdindu egingo da Europak babestutako guraso-baimena amatasun-baimenarekin, 16 astera arte. Baimen hori besterenezina izango da eta ezingo du denboran beste gurasoak hartutako amatasun-baimenarekin bat etorri. Horrela, gure ustez, Euskadi genero-berdintasunaren indizean Europako lehen lau herrialdeen artean kokatzeko helburua nabarmen betetzen da. Aitzindariak gara neurri horiek ezartzen”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Artolazabalek, bestalde, honako hau esan du: “garrantzitsua da lanean jarraitzea, norberaren eta laneko bizitza kontziliatzeko bide emateko, emakumeekiko justiziagatik ez ezik, enpresa-eraginkortasunagatik ere. Berdintasuna ez da giza eskubideen kontua bakarrik, funtsezko eragilea ere bada “Gobernamendu onerako” eta herrien giza, gizarte eta ekonomia garapenerako”.

“Errealitateak argi erakusten digu emakumeak direla gure gizartean zaintza-lanen arduradun nagusiak, kontuan hartuta gainera lan horiek funtsezkoak direla gure gizartea garatzeko. Hala ere, nahiz eta, azken hamarkadetan, emakumeak lan-merkatuan eta gizarte-jardueran txertatzeko aurrerakuntza handiak egin diren, oraindik emakumeei esleitzen zaie pertsonen zaintzaren erantzukizuna, ez bakarrik umeena, baita adinekoena edo mendekoena ere. Emakumeak dira kontziliazio-estrategietan inplikatuta dauden kudeatzaileak eta, aldi berean, baliabide nagusiak”, esan du.

“Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezkoa da norberaren, familiako eta laneko bizitza kontziliatzea eta berdintasunean egin ahal izatea. Badakigu oraindik hura eragozten duten oztopoak ditugula, horietako asko egiturazkoak, esaterako emakume eta gizonen artean soldata aldetik dagoen aldeak dakar baimenetara edo lanaldi erdietara nork jo baldintzatuta egotea. Paradigma-aldaketan egin behar dugu aurrera, gurea bezalako gizarte aurreratuak behar dituen zaintza-beharrez hitz egitean". Paradigma-aldaketa hori helburu eta ardatz gisa jaso da Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean; bizitza erdigune izatea proposatzen du, jarraitutasunari, bizi-kalitateari eta herritarrek bizi duten justizia- eta ekitate-mailari dagokienez jasangarria izateko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak