Berriak Lehendakaritza
Eu

Sestaon I+Garen arloko zentro bat eraikiko da

2011.eko martxoak 11

Eusko Jaurlaritzak eta ArcelorMittal erakundeak 100 milioi euroko inbertsioarekin sustatuko dute zentroa, eta “nazioarteko erreferentzia” bihurtuko da

Patxi López lehendakariak akordioaren sinadura-ekitaldi garrantzitsu hori zuzendu du. Horren bidez, altzairuaren arloko I+G zentro bat eraikiko da, irabazi asmorik gabeko ikerketa eta garapen unitate enpresarial bat izango da, eta siderurgiaren arloan egingo du lan. Gaur aurkeztu den ekimena 2008an aurkeztu zen, eta datozen sei urteetan gauzatzeko berregin da. Guztira 100 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, eta 45 lanpostu sortuko ditu zuzenean. Gaur sinatu diren akordioetan, honako hauek egon dira: Patxi López lehendakaria, enpresako Zuzendaritza Nagusiko kide Gonzalo Urkijo, Bernabé Unda sailburua eta Sestaoko alkate José Luis Marcos Merino.

Eusko Jaurlaritzak 2008an sinatutako akordioa eguneratu du “behin betiko bultzada” emateko; izan ere, aurreko Gobernuarekin egindako hitzarmena “ezin izan zen zehaztu, eta ez zen behar beste garatu”. Orain, 2016a bitarteko inbertsioen egutegia egin da, eta Sestaon altzairuaren arloko I+G+b zentroa instalatzeko “ikerketa-lerroak eta beharrezkoak diren baliabideak” zehaztu dira. Patxi López lehendakariak akordio hori euskal siderurgiaren esparrurako eta Ezkerralderako garrantzitsua dela azpimarratu du. “Ziur gaude aliantza emankorra izango dela. Siderurgia ez da iraganeko kontua; aitzitik, oinarrizko sektore bat da, eta beharrezkoa da enpresa traktore handiak erreferentzia izaten jarraitzea, gure herrialdearen garapenaren euskarri izan daitezen eta gure eremurik kaltetuenetako bati balio erantsia eman diezaioten”, gehitu du.

Lehendakaritzan gaur sinatu diren akordioak bi esparrutan egin diren negoziazioen ondorio dira. Batetik, multinazionalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, proiektua berriz definitu eta gauzatzeko. Eta, bestetik, ArcelorMittal eta Sestaoko Udalaren artean, zentroa udalerriaren lurretan egin ahal izateko, hain zuzen ere, Benedicta nasan.

Patxi López lehendakaria akordioen sinaduran egon da, eta akordioak Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak, Gonzalo Urkijo ArcelorMittal enpresako zuzendaritza nagusiko kideak eta Sestaoko alkate José Luis Marcos Merinok sinatu dituzte.

Gaurko ekitaldia zentro horren abiapuntua izan da. Guztira, 100 milioiko inbertsioa egingo da, Eusko Jaurlaritzak eta altzairuaren multinazionalak erdibana jarrita.

Proiektu berritua

Proiektu hau 2008ko irailean aurkeztu zen. Urte horretan, akordio bat izenpetu zuten Eusko Jaurlaritzak eta ArcelorMittal enpresak, irabazi-asmorik gabeko enpresa-ikerketako eta -garapeneko zentro edo unitate bat sortzeko Euskadin, eremu siderurgikoan. Akordio horretan aurreikusten zen multinazionalak ondoren jarduera-programa bat aurkeztu behar zuela hurrengo bost urteetarako. Erakundea 2008ko amaieran eratu zen, ‘ArcelorMittal Basque Country Research Centre’ izenarekin. Egoitza Bizkaiko Teknologia Parkean zuen, Zamudion.

2009an, murrizketa nabarmena gertatu zen siderurgia-sektorearen ekoizpenean, eta horrek nabarmen jaitsarazi zuen ArcelorMittalek aurreikusitako berrikuntza-jarduera. Hurrengo bi urte horietan gauzatzeko asmoa zuen proiektuak moteldu egin ziren, eta zenbait kasutan, geldiarazi.

Nazioarteko erreferentziako zentroa

Hainbat hilabetetan elkarlanean jardun dira Eusko Jaurlaritza eta ArcelorMittal, I+G zentroaren Euskadiko proiektuak definitzeko. Alde batetik, kontuan izan da ArcelorMittalek Euskadiren alde egin duen apustua, hala ekoizpen-zentroetan nola siderurgiako I+G arloaren sustatzaile gisa ere. Bestalde, zentroko edukiak Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasun-politikarekin lotu dira, politika hori ekonomia irekia, berritzailea, ekintzailea, teknologikoki aurreratua eta iraunkorra sustatzen ari baita.

Sestaoko I+G zentroak World-class altzairuaren sektorea sustatuko du, ingurumenari eta energiari dagokionez iraunkorra delako eta berrikuntza urratzailea, ezagutza aurreratua eta sareko lankidetza oinarri izanik mundu-mailako erreferentzia delako; horrek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea indartuko du.

Partekatutako ikuspegi horrek eragile publiko eta pribatu guztiak biltzeko aukera ematen du: ArcelorMittalen partner-en mundu-sarearen gaitasunak eta Euskadin dauden I+G+B arloko proiektuak; eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen eta euskal siderurgiaren euskal klusterraren gaitasunak.

Bi berrikuntza-estrategia landuko dira: bata altzairuari, ijezketari eta metalurgiari lotutako prozesuak eta produktuak eta aplikazioak; bestea, berritzaileagoa, eraginkortasun energetikoan eta produktu eta merkatu berrietan sakontzeko dena. Horien bidez, epe labur eta ertaineko beharrei erantzungo zaie.

Kokapen posible egokienak aztertu dira, eta altzairua ardatz izango duen eraikin deigarri bat egitea erabaki da, 2.800 metro karratu ingurukoa; bulegoen aldea, eta eraginkortasun energetikoko eta produkzioko laborategi siderurgikoak izango ditu, baita fusio eta ijezketarako gunea ere.

ArcelorMittal enpresaren produkzio-plantetako ekipamenduak ere erabili beharko dira. Horregatik aukeratu da, hain zuzen, Sestaoko produkzio-planta garrantzitsuetatik gertu dagoen toki bat eraikin berria egiteko. Behar hori bat dator Sestaoko Udalaren interesarekin, udalerriko hainbat gune degradatu biziberritu nahi baititu, eta udalerriak altzairuarekin duen lotura historikoa berreskuratu. Hortaz, Benediktaren nasa I+G zentroa jartzeko kokapen egokitzat jo da.

 

3 iruzkin
  • Irekia
    2011.eko martxoak 14

    Muchas gracias por el aviso. Ya lo hemos corregido. Un saludo.

  • 2011.eko martxoak 14

    absorBer es con B!

  • 2011.eko martxoak 12

    Ya era hora de que se notara algo el cambio en Ezkerraldea. Durante siglos hemos asumido la industria sucia y contaminante, mientras veiamos como el progreso corría por la Margen Derecha en forma de suburbano. ¿Por qué llegó el Metro primero a Urduliz que a Santzurtzi si aquí triplicamos el número de habitantes?Quizá porque gobernaban los mismos en la Margen Derecha que en Ajuria Enea. Es una grandisima noticia. NO es venganza, ni revanchismo, es, como dice el Lehendakari en el video, JUSTICIA POETICA!!!

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria