Eu

Eusko Jaurlaritzak adimenaren aniztasun funtzionala duten pertsonentzat enplegu publikoa sortzeko programa operatiboa jarriko du abian

2019.eko otsailak 22
  • Gobernu Kontseiluak plan bat onetsiko du, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat gordetako plaza publikoen % 2 adimen-desgaitasuna duten pertsonek betetzen dutela bultzatzeko
  • Josu Erkoreka: “Gure helburua da kolektibo horrek lanerako duen eskubidea benetan eta eraginkortasunez balia dezan bermatzea, bai eta tratu-berdintasuna eta lan-merkatuan baztertzen ez direla bermatzea ere”

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak, gaur goizean Euskal Ganberan egin den Kontroleko osoko bilkuran, Gobernu Kontseiluak laster “Adimen Desgaitasuna duten Pertsonak Enplegu Publikora Sartzeko Programa” onetsiko duela iragarri du. Programa operatiboa da, eta, hautaketa-prozesuen kudeaketaz ez ezik, aurretiko eta ondoko jarduketa osagarri guztiez ere arduratuko da: kolektibo horren profilera egokitzen diren lanpostuak identifikatu eta diseinatzea, langile berriei lanean txertatzeko prozesuan zehar laguntzea, lanpostuko eginkizunerako laguntza, tutoretza eta segimendua.

Josu Erkorekak azaldu duenez, helburua da kolektibo horrek lanerako duen eskubidea benetan eta eraginkortasunez balia dezan bermatzea, bai eta tratu-berdintasuna eta bazterketarik eza bermatzea ere: “Lan-merkatuan dituzten enplegu-aukerak eta lanbide-sustapena bultzatu behar ditugu. Lan inklusiboko merkatua nahi dugu, kolektibo guztiei bidezko aukerak eskaintzen dizkiena. Adimenaren aniztasun funtzionala duten pertsona guztien jarduera-tasa eta enplegura sartzeko aukera hobetu nahi ditugu, eta euskal sektore publikoarekin hasiko gara”.

2020ko Enpleguaren Euskal Estrategiak eta onetsi den eta Eusko Legebiltzarrari bidali zaion Euskal Enplegu Publikoaren Legearen zirriborroak plaza publikoen % 7 aniztasun funtzionala duten pertsonentzat gordetzea jaso dute; plaza horietatik, % 2 adimen-desgaitasuna duten pertsonek beteko dute. Helburu hori betetzeko, Gobernu Kontseiluak “Adimen Desgaitasuna duten Pertsonak Enplegu Publikora Sartzeko Programa” onetsiko du. Programak zenbait jarduketa aurreikusten ditu:

  • Adimen-desgaitasuna egiaztatzen duten langileen profilera egokitutako lanpostuen analisia.
  • Kolektibo horrentzako lanpostu esklusiboak sortzea eta, horretarako, beharrezkoa denean, Euskadiko administrazio orokorreko lanpostuen zerrenda aldatzea.
  • Behar berezietara egokitutako hautaketa-prozesuak diseinatzea.
  • Lanpostuak aldi baterako betetzeko berezko lan-poltsa deitzea eta, horretarako, beharrezkoa bada, poltsen hornidura arautzen duen araudia egokitzea.
  • Lanpostuetara sartzen diren pertsona berrien prestakuntza-prozesua, laguntza edo hasierako tutoretza diseinatzea.
  • Horiek behin betiko betetzeko enplegu-eskaintza publikoa eta hautaketa-prozesu bereziak deitzea.

Adimen Desgaitasuna duten Pertsonak Enplegu Publikora Sartzeko Programa” prestatu eta abian jartzeko, Eusko Jaurlaritzak adimenaren aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duten elkarteen laguntza eta elkarlana izan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak