Berriak Hezkuntza
Eu

Ipar Irlandako ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du Euskal Hezkuntza Sistema ezagutzeko

2019.eko otsailak 21
  • Ipar irlandarren interesa da Euskadiko eskola inklusiboaren eredua ezagutzea, baina baita azken hamarkadetan hezkuntza-sistemaren bidez euskara berreskuratzeko egin den bidea ere.
  • Hainbat ikastetxe bisitatu dituzte, tartean Bilboko Zorrotza auzokoak; auzo honetan esku-hartze komunitarioaren ereduari jarraitzen dion gizarte-hezkuntzako proiektu bat ari da garatzen

Ipar Irlandako ordezkaritza bat egun hauetan Euskadin dago Euskal Hezkuntza Sistema bertatik bertara ezagutzeko. Bi dira oinarrizko interes guneak: alde batetik, Euskadin garatzen den eskola inklusiboaren eredua eta, bestetik, hizkuntzen tratamendua eta azken urteotan hezkuntza-sistemaren bidez euskara berreskuratzeko egindako bidea. Haien egoera ez da gurearen parekoa, baina gaelikoan murgiltzeko ikastetxeak buru-belarri ari dira bertako hizkuntza, gaelikoa, eskolaren bidez berreskuratzeko prozesua bultzatzen.

Ipar Irlandako ordezkaritza Lehen Hezkuntzako hainbat ikastetxetako zuzendariek, hezkuntza-etapa horretako irakasleek, hizkuntzen eta hezkuntza-premia berezien arloko arduradunek eta Ipar Irlandako Gobernuko Hezkuntza Sailaren ordezkari batek osatzen dute.

Bilera eta bisita agenda betearen baitan, aste honetan Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuarekin eta Maite Alonso sailburuordearekin elkartu dira, eta gure hezkuntza-sistemaren esparru orokorra eta ezaugarri nagusiak azaldu dizkiete. Bestalde, Eugenio Jimenenez Ikastetxeen eta Plangintzako zuzendariarekin, Hezkuntza Ikuskaritzarekin, Berritzeguneetako (prestakuntzan eta hezkuntzaren berrikuntzan laguntzeko zentroetako) hizkuntza aholkulariekin, ISEI-IVEIrekin (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako arduradunekin ere elkartu dira.

Gaelikoa berreskuratzea

Ipar Irlandako ordezkaritzaren bisitaren helburu nagusietako bat Euskadin azken hamarkadotan euskara hezkuntza-sistemaren bidez berreskuratzeko jarraitu den prozesua bertatik bertara ezagutzea da. Izan ere, Ipar Irlandako hainbat sektore ere bertako hizkuntza, gaelikoa, berreskuratzeko antzeko prozesu batean murgilduta dago une hauetan. Hori dela eta, oso leku eta errealitate soziolinguistiko ezberdinetako ikastetxeak bisitatu dituzte, aurrez aurre ezagutzeko horietako hizkuntza-proiektuak eta euskara eta euskaraz (komunikazio-hizkuntza gisa) irakasteko horietan egiten den lana. Gai honi lotuta, irakasleen formakuntzaz eta irakasleen euskalduntze-prozesuaz ere interesatu dira. Horrela bada, besteak beste, Gasteizko Arantzabela Ikastolako, Bilboko Begoñazpi Ikastolako, Donostiako Santo Tomas Lizeoko eta Bilboko Zorrotza auzoko Fray Juan ikastetxeko esperientzien berri izan dute. Azkena aipatutako ikastetxe horretan Zorrotzan garatzen ari den gizarte-hezkuntzako proiektua ere azaldu zaie. Bilboko Udala, auzoko hiru ikastetxe publikoak zein bertan lan egiten duten gizarte-eragile eta erakunde asko daude inplikatuta proiektu horretan. 

Ipar Irlandako ordezkaritzaren intereseko beste gai nagusia Euskal Hezkuntza Sisteman garatzen den eskola inklusiboaren eredua izan da. Irlandako ordezkariak harrituta geratu dira ikastetxe eta gela arruntetan eskolaratuta dauden hezkuntza-premia bereziko edo hezkuntza-laguntza behar duten premia espezifikoko ikasleen portzentajearekin. Gaur egun, ikasle horien %95 dago testuinguru normalizatu batean (gela arruntean) eskolaratuta Euskadin, eta hezkuntzaren arloko ikerketa askoren arabera hori onuragarria da bai ikasle horientzat bai gainerako ikasleentzat, era horretara dibertsitatearekin bizitzen ikasten baitute.  

Alde horretatik, bisitariek jakin nahi izan dute Administraziotik zer laguntza, baliabide eta errefortzu jartzen diren ikastetxeen esku.

Ipar Irlandako ordezkariei deigarria egin zaien beste datu bat 2 urterekin Euskadin eskolaratzen diren haurren kopurua izan da, gaur egun %93 inguru baitira. Eskola inklusiboarekiko interesa erakusten duen beste datu bat da hau; izan ere, ikasleen lehenbiziko urteetatik balizko ezberdintasun asko konpentsatzeko aukera ematen du horrek, eta, gainera, onuragarria da hizkuntzaren ikuspegitik ere, euskaraz oso adin goiztiarretatik lan egitea ahalbidetzen baitu.

Zorrotzako gizarte-hezkuntzako proiektua

Bilboko Zorrotza auzoko Haur eta Lehen Hezkuntzako Fray Juan ikastetxera egindako bisitan, Hezkuntza Sailak auzoan sustatutako gizarte-hezkuntzako proiektuaren berri izan dute Irlandako profesionalek. Proiektua Bilboko Udalarekin eta Zorrotzako elkarte eta erakundeekin lankidetzan garatzen da. 

Gizarte-hezkuntzako proiektu honek esku-hartze komunitarioaren ereduari jarraitzen dio, eta Zorrotzan dauden hainbat sektore eta eragilek parte hartzen dute bertan. Aipaturiko erakundeez gain, proiektuan lanean ari dira familiak, Zorrotzako hiru ikastetxe publikoak, osasun zentroa, haur eskola, euskaltegia, auzo elkarteak eta auzoko gainerako gizarte zein kultura eragileak. Guztien artean eta guztien inplikazioa tarteko, honako hau da helburua: Zorrotzako haur, nerabe eta gazteak hezkuntza-curriculumaren arlo guztietan trebatutako herritar gisa heztea, eta, aldi berean, haur, nerabe eta gazte horiek euren auzoarekin zein gizartearekin konpromisoa hartzea eta solidarioak izatea.

Une hauetan, zerbitzu solidarioen ikaskuntzarekin loturiko hainbat ekimenen inguruan ari dira lanean, eta, esate baterako, auzoko osasun zentroarekin batera garatuko da odola emateak duen garrantziaren inguruko sentsibilizazioa auzotarren artean pizteko ekimena. Eta garatzea aurreikusitako beste ekintza batzuen artean bizikidetzarekin, euskararen sustapenarekin, eskola kalera ateratzearekin edo metodologia berrikuntzarekin zerikusia duten beste hainbat ekintza daude.  

 

Ipar Irlandako ordezkaritzak egiazki inpresio ona jaso du Zorrotzako ikastetxe publikoek auzora begira egiten duten lan handiarekin.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Zorrotza
    2019.eko otsailak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @edukafamilia: Nos visitan desde Irlanda del Norte para conocer el #Proyectosocioeducativozorrotza #Zorrotza

    https://t.co/PBp3TZL5hN

  • @CamiladeEpalzaA
    2019.eko otsailak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Ipar Irlandako ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du Euskal Hezkuntza Sistema ezagutzeko ➡︎ https://t.co/AfzPq5FmCx https://t.…

  • @CamiladeEpalzaA
    2019.eko otsailak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Una delegación de Irlanda del Norte visita Euskadi para conocer el Sistema Educativo Vasco ➡︎ https://t.co/W7iJbSVJmR https://t

  • @edukafamilia
    2019.eko otsailak 22

    Comentario de Twitter:
    Nos visitan desde Irlanda del Norte para conocer el #Proyectosocioeducativozorrotza #Zorrotza

    https://t.co/PBp3TZL5hN

Ekitaldiko kargudunak