Berriak Osasuna
Eu

BioCruces Bizkaiak 25 herrialdetatik etorritako 150 ikertzaile bildu ditu sendagai pertsonalizatuak gorputzean banatzeko metodoak hobetzeko helburua duen COST DARTER sarearen lehen topaketan

2019.eko otsailak 21
  • Euskadi da farmako berriak garatzeko Europako sare horretako liderra, BioCruces Bizkaiaren bidez, gaixotasun genetikoak, autoimmuneak eta tumoreak edo birusak tratatzeko.
  • Hainbat urtetako proiektua da (2018-2022), eta hasierako topaketa 2019ko otsailaren 25etik 28ra egingo da, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean (Barakaldo, Bizkaia).
  • Haren xede nagusia da ezagutza partekatzea RNA terapiaren banaketa-metodoak hobetzeko, horrela etorkizunean terapia horien eraginkortasuna handitze aldera.
  • Sarean hogeita hamar bat herrialdetako 200 pertsonak baino gehiagok hartzen dute parte. Europakoak dira estatu horietako 27, eta horiei Txina, Kanada eta Estatu Batuak gehitu behar zaizkie.

 

Datorren astelehenean, otsailak 25, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Ekitaldi Aretoan, COST DARTER sareko hasierako topaketa abiaraziko da, azido erribonukleikoko (RNA) sendagaiak banatzeko metodoak hobetzeko. Ostegunera arte, hilak 28, luzatuko da ekitaldia.

Topaketa honetan ekimena osatzen duten hogeita hamar estatuetako gutxi gorabehera 25etik iritsitako 150 lagunek hartuko dute parte. Estatu horietako 27 Europakoak dira (Alemania, Belgika, Bosnia-Herzegovina, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Eslovenia, Espainia, Estonia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Israel, Italia, Kroazia, Letonia, Malta, Norvegia, Polonia, Portugal, Serbia, Suedia, Turkia, Txekiar Errepublika eta Zipre), eta beste hirurak Txina, Kanada eta Estatu Batuak.

Sarea BioCruces OIIko Ikerbasque ikertzaile Arechavala Gomeza doktoreak zuzentzen du, eta «COST» ekimenetako bat da (Europako lankidetza zientzian eta teknologian). Lau urtez jasoko du Europako Batzordearen finantzaketa, eta haren xedea da Europako ikerketa zientifiko eta teknikoa indartzea, ikertzaileen arteko lankidetza-sareak ezarriz.

 

COST ekimen honen xedea

Lau urte hauetan, COST ekimen honen xedea da –Arechavala doktorearen hitzetan– «Sendagai multzo oso pertsonalizatu baten (sendagai genetikoak, RNAn eragiten dutenak) banaketa hobetzea. Orain arte gaixotasun arraroen eremuan erabili izan dira gehienbat, baina beste gaixotasun batzuetan ere erabiltzen hasi dira poliki-poliki (minbizia, diabetesa...)». «Arazoa da –dio Arechavala doktoreak– sendagai mota hauek aplikatu direnean ez dutela gustatuko litzaigukeen bezain ondo funtzionatzen, eta uste dugu arazorik handiena dela ez direla ondo iristen iritsi behar luketen lekuraino».

Ildo horretan, honako hau dio Virginia Arechavala doktoreak «badirudi sendagaien eraginkortasunerako oztoporik handiena zera dela, kaltetutako ehunetara gaizki zabaltzen direla organismo barruan. Horrelako terapiak gero eta gehiago ikertzen diren arren, oso gutxi dakigu farmako hauek beren eraginguneetara heltzeko erabiltzen dituzten mekanismoez».

Konposatu horien ikerketa zatitua dago: ikertzaileek beren kasa egiten dute lan mundu akademikoan eta industrian, gaixotasun jakin batzuk ikertuz, oro har xede-ehunetako ondorio terapeutikoak ardatz hartuta. COST ekimen honen helburu nagusia da networking-aukera hau baliatzea ezagutza partekatzeko, horrela farmako horiek beren potentzialtasun osoa gara dezaten eta aukera terapeutiko orokor bihur daitezen.

 

Lankidetzan oinarritutako ikerketa-esparrua

«COST ekimenak zientziako lankidetza-sare erabat irekiak dira: ikertzaile talde batek planteatutako ideia bat hartuta, interesa dutenek izena eman dezakete arazoa lantzeko, muga geografikorik edo hierarkikorik gabe», dio Arechavala Gomeza doktoreak. «Izatez, lehen bilera honetan gaixotasunetan interesa duten ikertzaileek (ikertzaile klinikoak zein oinarrizkoak) eta konposatu horietako edo sendagaien banaketako adituek hartzen dute parte, bai eta pazienteek elkarteek, farmazia-industriak edo arautzaileek ere. Bilera horretan parte hartu duten ikertzaileen % 65 emakumezkoak dira, eta % 48 ikertzaile gazteak.»

Gainera, Arechavala doktorearen ustez «garrantzitsua da, halaber, foro honetan partekatzea emaitza negatiboak edo ez erabakigarriak, oso interesgarria delako ere funtzionatzen ez duen eta argitaratzen ez den hori ezagutaraztea, ikerketako bikoiztasunak saihesteko».

Hasierako bilera honek hurrengo lau urteen plangintza egiteko balioko du. Epe horretan aukera egongo da gauza ugari egiteko: bilera txikiagoak, ikertzaileen prestakuntza, ikertzaile gazteen edo ikerketan inbertsio txikiagoa egiten duen herrialdeetako ikertzaileen egonaldiak, etab.

Formatua honako hau izango da: hiru eguneko bilera (astelehenetik asteazkenera), eta laugarren egun bat –osteguna– «Management committee» edo kudeaketa-batzordeak barne-lana egin dezan.

 

Euskadi da, BioCruces Bizkaiaren bidez, Europar Batasuneko COST ekimen honen liderra.

BioCruces Osasun Ikerketako Institutua Europako sare berri bateko liderra izango da datozen lau urteotan oligonukleotido ez-kodifikatzaileak garatzeko asmoarekin.

Sendagai berri horietako gehienak gaixotasun arraroak tratatzeko sortu dira, eta haien maneiuaren inguruko esperientzia handiena munduan barreiaturik dauden ikertzaile talde txikiek dute. Hori dela eta, «sare honetarako finantzaketa lotu izana berri ona da; izan ere , hari esker aukera izango dugu datuak partekatzeko, akats berberak ez errepikatzeko eta irizpideak ezartzeko, arazoa elkarrekin konpontze aldera» dio Arechavala doktoreak, BioCruces Bizkaia OIIko gaixotasun neuromuskularren taldeko eta COST ekimen honetako koordinatzaileak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau