Berriak Lehendakaritza
Eu

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiko genero berdintasunerako lan taldea datorren otsailaren 28an eratuko d

2019.eko otsailak 21
  • Izaskun Landaida, Emakundeko Zuzendaria izango da lan taldearen buru eta bertan parte hartuko dute sindikatuek , enpresarien elkarteek eta Jaurlaritzak

  • Bihar, Otsailak 22, Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren Eguna ospatzen da

  • Egun, EAEn, soldata diferentzia urtean 7.573 eurokoa da 


Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren Egunaren bezperan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak jakinarazi du Elkarrizketa Sozialaren Mahaiko genero berdintasunerako lan taldea datorren otsailaren 28an eratuko dela. Emakume eta Gizonen arteko Soldata arrakalaren arazoari aurre egiteko helburua duen talde honen buru Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria izango da eta bertan parte hartuko dute sindikatuek, enpresarien elkarteek eta Jaurlaritzak.

Lan talde honen eraketa, eta beste lau lan talderena, otsailaren 11an eratutako Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren bileran erabaki zen. Talde honetan landuko diren gaiak dira kontziliazio erantzunkidea bultzatzea, enpresetako berdintasun planak, genero berdintasuna negoziazio kolektiboan eta Jaurlaritzak iragan azaroan onartutako Soldata Arraila murrizteko Estrategia eta Plan operatiboaren jarraipena.

Egun, EAEn, emakume eta gizonen arteko soldata diferentzia urtean 7.573 eurokoa da, horrek suposatzen du urtean %24,4 gutxiago kobratzen dutela emakumeek. Soldata arraila egiturazko arazo baten adierazpena da, emakume eta gizonen arteko berdintasun ezarena, eta emakumeen lan merkatuan bizitzan zehar jasaten duten diskriminazioa islatzen du.

Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren Egunaren bezperan, Emakundek gogoratu du arrakalak erreproduzitu eta iraunarazi egiten duela emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gure gizartean. Arrakala faktore askoren ondorio da, besteak beste: sexuaren araberako lan-segregazioa eta emakumeek egindako lanaren balorazio sozial eta ekonomiko txikiagoa; emakumeek eta gizonek lan-merkatuan duten posizio desberdina (genero harremanek eta estereotipoek baldintzatuak); eta erantzunkidetasunik eza zainketa-lanetan, besteak beste. Soldata-desberdintasunaren ondorioen artean, honako hauek aipa daitezke: emakumeen autonomia ekonomiko txikiagoa, pobrezia-indize handiagoak eta horren zuzeneko eragina gizarte-segurantzarako kotizazioetan, eta, beraz, pentsioetan.

Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, azpimarratu du egiturazko arazo handi baten aurrean gaudela eta eragile guztien inplikazioa eta lana beharrezkoa dela aurrera pausoak emateko.

Iragan azaroan Eusko Jaurlaritzak Euskadin soldata-arrakala txikitzeko Estrategia eta Plan Operatiboa onartu zituen. Plan Operatiboak 4 ekintza-ardatz ditu, 20 zuzentarau, 60 neurri zehatz, eta 283 milioi euroko baliabide ekonomikoen aurreikuspena hurrengo bi urteetarako. Jaurlaritzako sei sailen: Gobernantza Publikoa eta Autogobernua; Ekonomiaren eta Azpiegituren Garapena; Ogasuna eta Ekonomia; Hezkuntza; Enplegua eta Gizarte Politikak; Lana eta Justizia inplikazioa du, eta Lehendakaritza eta Emakunde dira ekimenaren koordinatzaile eta bultzatzaileak.

Honekin batera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aldatzeko Legearen aurreproiektuan soldata-arrakala murrizteko neurriak txertatzea aurreikusia dago, “Kontratu publikoetan, dirulaguntza publikoetan, hitzarmenetan eta itun sozialetan jenero-ikuspegia txertatzeko gida” eguneratuko da, eta kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak eta soldata-arrakalaren aurkako neurriak txertatzeko instrukzio espezifiko bat onartuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak