Eu

Administrazio publikoak % 60ko proportzioan murriztu beharko du energiaren kontsumoa 2050. urterako, eta % 35eko proportzioan 2030. urterako

2019.eko otsailak 21
  • Legeak administrazio publikoaren maila guztiak hartzen ditu eraginpean, baita eremu pribatua ere
  • Tapiak balorazio positiboa egin du “Euskadik energia-trantsizioa egiteko behar duen herrialde-akordioaren” inguruan
  • Legearen azken helburua berotegi-efektuko gasen emisioak eta kutsatzaile kaltegarrien emisioak murriztea da

Eusko Jaurlaritzak, joan den legegintzaldian, energia-politikaren orientazioari jarraikiz euskal administrazio publikoen eremuan energia-jasangarritasunerako oinarrizko arauak ezartzeko eta administrazio horiek bete beharreko eginkizunak eta betebeharrak zehazteko lege-proiektu bat landu zuen. 

Legea gaur onartu du Eusko Legebiltzarrak, eta administrazio publikoaren maila guztiak hartzen ditu eraginpean. Zehazki, eraikinei, etxebizitzei eta garraio-erregulazioei lotutako betebeharrak ezartzen ditu. Era berean, eremu pribatuan, industria-sektorea, zerbitzuak eta merkataritza, bizitegi-sektorea eta garraio publikoak hartzen ditu eraginpean.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak balorazio positiboa egin du akordioaren inguruan; izan ere, adierazi duenez, “Euskadik energia-trantsizioa egiteko behar duen herrialde-itunerako oinarriak ezarri dira adostasunez”.

Energiaren etorkizuneko hornidurak erronka handiak dakartza gure gizartearentzat, Euskadiko energia-matrizea jatorri fosileko erregaien mende baitago neurri handi batean (energiaren kontsumoaren % 80tik gora). Tapiak adierazi duenez, Legearen bidez aurre egin beharreko erronka garbia da: berotegi-efektuko gasen emisioak eta osasunerako kaltegarriak diren kutsatzaile atmosferikoak murriztea. Hori dela eta, jarrerari, konpromisoari, errealismoari, orekari eta erantzukizunari lotutako iraultza bat eskatu dio ganberari.

Legeak, nolanahi ere, energiaren aurrezpenean eta energia berriztagarrien eta energia-efizientziako neurrien sustapen eta ezarpenean oinarritutako trantsizio-eredu baten premiari erantzuten dio.

Egin beharreko inbertsioak errazteko toki-erakundeei laguntzeko gutxienez 100 milioiko finantza tresna eratuko da.

Sektore publikorako helburu eta ekintzarik azpimarragarrienak:

  • Urte beteko epean eraikinen, ibilgailuen eta argiteria-instalazioen inbentarioa egitea
  • Energiaren kontsumoa urterako % 60ko proportzioan eta 2030. urterako % 35eko proportzioan murriztea
  • Abiarazi beharreko estrategiak finkatuko dituzten energia-arloko jardun-planak diseinatzea
  • Energia erosteko lizitazioetan, beharrezkoa izango da eskuratutako energiaren % 100 energia berriztagarria izatea
  • Eraikin publiko guztiek dagokien energia-ziurtagiria eduki beharko dute, EAEko Energia Efizientziaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatua
  • urtetik aurrera, erosten diren ibilgailuen % 100ek erregai alternatiboak erabili beharko dituzte
  • Bidaiarien errepideko garraioko zerbitzu publikoa erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuen bidez egin beharko da. Lizentziak emateko edo berritzeko agirietan, kontuan hartu beharko da berritutako ibilgailu-flotaren % 100ek erregai alternatiboak erabili beharko dituela 2020. urtetik aurrera
  • 000 biztanletik gorako udalerriek hiri-mugikortasuneko plan bat eduki beharko dute. Foru Aldundiek hiriarteko mugikortasunari erantzuteko planak onartuko dituzte.
  • Administrazioek langileak aurrezpena eta efizientzia areagotzeko tekniken inguruan prestatzeko plan bat onartu beharko dute.

Sektore pribaturako helburu eta ekintzarik azpimarragarrienak:

INDUSTRIA, ZERBITZU PRIBATUAK ETA MERKATARITZA:

  • Ekipamenduen, instalazioen, eraikinen, berokuntza- eta hozte-sistemen, ibilgailuen eta argiteriaren energia-auditoriak egitea, aurrezpenari eta energia-efizientziari lotutako eta instalazio berriztagarriak egiteko neurriak har daitezen.
  • 100 pertsonak baino gehiagok txandaka lan egiten duten lantokietara joateko garraio-plan bat edukitzea. Plan horrek garraiobide publikoen edo titulartasun pribatuko ibilgailu alternatiboen erabilera ahalbidetzeko neurriak jaso beharko ditu.
  • Eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiria
  • Hidrokarburo likidoen kontsumoa, industria-sektorearen energia-iturri gisa, pixkanaka murriztu beharko da 2030ko abenduaren 31ra arte, data horretatik aurrera gutxiago kutsatzen duten energia-iturriekin erabat ordeztu ahal izateko.

BIZITEGI-SEKTOREA ETA HIRIGINTZA-GARAPEN BERRIAK:

  • Berokuntza, etxeko ur beroa eta/edo hoztea produzitzeko instalazioa duten eraikinek kontsumo indibidualak kontabilizatzeko sistemak eduki beharko dituzte.
  • Gutxieneko etxebizitza kopuru bat duten bizitegi-eraikinetan, erreforma garrantzitsu bat egin nahi denean aldez aurreko energia-auditoria bat egin beharko da, aurrezpena eta energia-efizientzia hobetzeko har daitezkeen neurri gehigarriak eta energia berriztagarrien instalazioak jartzeko dauden aukerak finkatzeko.
  • Bizitegi-eraikin guztietan, 2022ko abenduaren 31 baino lehen energia-efizientziaren ziurtagiria
  • Ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioak ezartzea.
  • Eraikin berrietan, aparkaleku komunitarioak ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen aurresistemez eta bizikletak erabili eta aparkatzeko guneez hornitzea.

GARRAIO PRIBATUA:

  • Ezartzen diren irizpideak betetzen dituzten T1 eta T2 motako garraio-floten kasuan, egungo egoeraren eta garraio-sistema alternatibo efizienteagoak eta jasangarriagoak erabiltzeko aukeren konparazio-azterlan bat egin beharko da.

ENERGIA-ENPRESAK:

  • Energia banatzen duten enpresek energia-produktuen kontsumoei buruzko informazioa eman beharko diete administrazio publikoei.
  • Energia banatzen duten enpresek edo neurtzeaz arduratutako enpresek sortutako datuetarako doako eta denbora errealeko sarbide telematikoa eta kontagailuaren beraren datuetarako zuzeneko sarbidea ahalbidetu beharko diete horniduraren titularrak diren azken kontsumitzaileei.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak