Eu

Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 18,7rentzat euskara da ama-hizkuntza bakarra

2019.eko otsailak 20
  • Otsailaren 21a, Ama hizkuntzaren Nazioarteko Eguna

 

VG 2019 II 20

2016ko datuei erreparatuta ikusten dugu Euskadin euskara ama-hizkuntza bakarra izan dela 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 18,7rentzat, Eustat-en datuen arabera. Gazteen beste % 10,8k bai euskara bai gaztelania izan dituzte ama-hizkuntzak. Guztira, hamar gaztetik hiruk euskara jaso dute gurasoengandik txikitan (% 29,5).

 

Otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen Unescok 1999an. Haurrak 3 urte bete arte etxean jasotzen duen hizkuntzari deitzen zaio ama-hizkuntza. Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bultzatzea du helburu ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna ezartzeak, hau da, munduko herri guztiek darabiltzaten hizkuntza guztiak babestea. Gazteen Euskal Behatokiak, Euskadiko gazteei dagokien informazio gaurkotua zabaltzeko helburua izanik, Euskadiko Autonomia Erkidegoko gazteen ama-hizkuntzari edo lehen hizkuntzari buruzko datuak aztertu ditu.

 

Portzentaje hori handitu egin da azken hogei urteetan: 1996an % 21,9 izan zen eta 2016an % 29,5 izatera igo da. Baina hazkunde hori euskara eta gaztelania batera ama-hizkuntzak izan dituztenen igoera izan delako gertatu da, euskara ama-hizkuntza bakarra dutenen portzentajea ez da ia aldatu urte hauetan eta.

 

Datu orokor horien atzean lurralde historikoen arteko alde daude. Gipuzkoan hiru gaztetik batek euskara du ama-hizkuntza bakarra (% 35,1); Arabako gazteen artean, aldiz, % 4,7k entzun dute dena euskaraz etxean txikitan. Eta hartzen baditugu kontuan, bakarrik edo gaztelaniarekin batera, euskara ama-hizkuntza izan duten gazte guztiak ikusten dugu Gipuzkoan ia erdiak direla (% 48,3), baina Bizkaian % 22,0 dira eta Araban are gutxiago, % 13,0.

 

Dena den, ematen du Hezkuntza-sistemak moteltzen dituela neurri handian lurraldeen arteko alde horiek. Araban gazteen % 13,0k bakarrik ikasi du euskara etxean baina 2016an Arabako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 51,4k zioten ondo edo oso ondo hitz egiten zutela euskaraz. Gauza bera adierazi zuten Bizkaian bizi diren gazteen % 68,3k eta Gipuzkoan bizi direnen
% 78,9k, hau da, etxean euskara jaso dutenek baino askoz gehiagok.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak