Eu

Kontroleko osoko bilkura (2019/02/22)

2019.eko otsailak 22

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, Kontroleko Osoko Bilkuran talde parlamentarioek egindako galderei eta interpelazioei erantzun diete.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, egoera politikoari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu duenez, Senatuan mozio bat onestea, “Erkidego bati konpetentziak gehitzeak berdintasun-printzipioa urratu egiten duela” arrazoibidetzat hartuta, gezur bat elikatzea da. “Inolako ondorio praktikorik ez duen mozio bat planteatzeari probokazioa deitzen zaio”, adierazi du. Lehendakariak azaldu duenez, itunaren bitartez iritsi dira Euskadira transferentzia guztiak. Zentzu horretan, Lehendakariak azpimarratu duenez, konpetentziek hobekuntza ekarri dute herritarren bizi-kalitatean eta ongizatean. “Gernikako Estatutua osorik betetzea pertsona guztientzat da onuragarria eta ez dio inori kalterik egiten, ez hemen ezta Estatuan ere”, zehaztu du.

Gainera, apirilaren 28ko hauteskundeen ondorioei buruz, Estatuko dibertsitate nazionalean oinarritutako eredu bat aipatu du Lehendakariak. Horretarako, Lehendakariak esan du, elkarrizketa, negoziazioa, akordioa eta berrespena erabili behar direla.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Estatuan legealdia amaitzeak Euskadirentzat dituen ondorioei buruz.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, legealdiaren bukaera goiztiarrak, eta Estatuan Ganberak ixteak, bere kontrapuntua izan dezake Parlamentu hau akordioetara irekiago egoteko. Lehendakariak, ordea, azpimarratu egin du, hauteskundeak gorabehera, lanean jarraitu daitekeela Euskadin. Hala, eskua luzatu die talde guztiei akordio berrietan lanean jarraitzeko.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Estatuan legealdia itxi eta berriro ireki bitartean, Euskadin aukera bat dago aurrera egiten jarraitzeko. Zentzu horretan, Lehendakariak gogora ekarri du bukaera goiztiar horrek atzeratu egin dezakeela egiteko dauden transferentzien egutegiaren eta planaren betearazpena, baina nahiago izan du alderdi positiboarekin geratu: “lehen aldiz aintzatespen formal bat dugu Espainiako Gobernuaren aldetik, Gernikako Estatutua bete gabe dagoela aitortzen duena”, zehaztu du.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskadiko Alderdi Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, bukatu berri den legealdiari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak Legealdi labur eta gorabeheratsutzat hartu du bukatu berri den legealdia, nahiz eta aurrekoa ere hau bezain nahasia izan. “Espainiaren gobernagarritasunak ezegonkortasun-arazo larri bat du, inkomunikazio politikoak eta akordiorako gaitasunik ezak jota dago, bipartidismoa atzean geratu da eta ez da hemiziklo pluralago bat kudeatzeko gaitasunik erakutsi”, zehaztu du.

Lehendakariak argitu duenez, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin duen harremana instituzionala da eta, uneoro, izan da harreman hori elkar aditzeko eta lankidetza leialeko giroa sendotzeko, bai Sánchezekin bai Rajoyrekin. “Bi kasuetan, eta bi Presidenteekin, benetan, sinesten dut balantzea zeharo positiboa dela”, adierazi du.

Senatuak onetsitako mozioari buruz, “izugarrizko zentzugabekeriatzat” hartu du Lehendakariak. Bere ustez, ohiz kanpokoa da defendatzea legea betetzeak hautsi egiten duela berdintasun-printzipioa. “Berdintasuna ez da uniformetasuna, Alonso jauna”, gaineratu du.

Interpelazioa, Edurne García Larrimbe Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, euskal administrazioetan eta bereziki greban dauden sektore feminizatuetan soldata-arraila ezabatzeko aurrera eramango diren neurriei buruz.

Lehendakariak azpimarratu duenez, soldata-arraila arazo konplexu bat da, arazo estrukturala, kausa anitzen eraginaren ondorio. Zentzu horretan, Lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak hartua duen konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko lan-eremuko berdintasun eraginkorrarekin, argia da eta irmoa da. Ibilbide-orri bat dugu eta gure bideari jarraituko diogu soldata-arraila murrizteko”, zehaztu du.

Lehendakariak aitortu duenez, soldata-desberdintasunaren ondorioek autonomia ekonomiko urriagoa ekartzen diete emakumeei, baita pobrezia-indize handiagoak eta eragin zuzena ere gizarte-segurantzako kotizazioetan eta, ondorioz, pentsioetan. Hala, Lehendakariak azpimarratu egin du Eusko Jaurlaritzak lanean diharduela oinarriak ezartzen, Euskadik, progresiboki, soldata-arraila murriztea lortzeko eta Europan soldata-arraila txikiena duten herrialdeen artean kokatzeko. “Lanean jarraituko dugu modu koordinatu batean orainaldi bat bizitzeko eta etorkizun bat eraikitzeko berdintasunean oinarrituta”, gaineratu du.

Galdera, Laura Garrido Knörr Alderdi Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, genero-berdintasunaren erregulazioaren atzerapenari buruz.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, Emakundek lanean jarraitzen du Gobernu honek eta Parlamentu honek zehaztutako erronkari erantzun bat emateko: emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean prebentzioa eta erantzuna indartzea, proposamen araugile berri bat planteatuz.

Europako eta Estatuko araudi berritik eratorritako betebeharrez jabetuta, Lehendakariak ziurtatu duenez, lanean ari dira Euskadiko araudia sendotzea eta zabaltzea planteatzeko. Zentzu horretan, Urkullu Lehendakariak azaldu duenez, orain lantzen ari diren lege-aurreproiektua aurrerapauso bat gehiago izango da eta indartu egingo ditu garatutako neurriak, prebentzioan eta arretan emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean, baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako beste alderdi batzuetan ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak