Eu

Basque Team Fundazioak, Athletic Clubek eta Eibar Kirol Elkarteak lankidetza akordio bat sinatu dute goi mailako euskal kirola sustatzeko

2019.eko otsailak 20
  • Bi futbol klubek, beren erantzukizun sozialari jarraiki, goi mailako euskal kirola bultzatzeko apustua egin dute eta ekonomikoki lagunduko dute proiektua

Basque Team Fundazioak bi bidelagun berri izango ditu goi mailako euskal kirola babestu, sustatu eta hedatzeko bere helburuari begira: Athletic Club eta Eibar Kirol Elkartea. Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk 2007an sortu zuten Fundazio honek lankidetza akordio bat sinatu du bi entitateekin eta, horren arabera, entitate hauen laguntza ekonomikoa izango du bere helburuak lortzeko. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak eta Amaia Gorostiza Eibar Kirol Elkarteko presidenteak aurkeztu dute, goizean, hitzarmena.

Akordioaren aurkezpena Euskadiko Artxibo Historikoan egin da, bi taldeek larunbatean jokatuko duten derbiaren atarian, eta alde guztiek nabarmendu dute pauso honen garrantzia goi mailako euskal kirola sustatzeko bidean. “Eusko Jaurlaritzak eta Basque Teamek eskertu egin nahi dugu Athletic Clubek eta Eibarrek erakutsi duten eskuzabaltasuna. Basque Team Fundazioak 50 bekatu baino gehiago ditu, eta beren modalitateetan munduko onenen artean dauden kirolariak daude horien artean. Hala ere, tamalez, diziplina horiek normalean ez dira profesionaltzat hartzen, eta askotan kirolari hauek baliabide gehiago behar izaten dituzte nazioarteko hitzorduetan lehiatzeko. Akordio honi esker, baliabide gehiago izango ditugu goi mailako euskal kirola bultzatzeko”, adierazi du Bingen Zupiria sailburuak.

Gaurko ekitaldian, halaber, Mailen Chorraut eta Ander Elosegi Basque Teameko kirolari olinpikoek bideo bat bidali dute, Australiatik, bekatutako kirolari guztien izenean esker ona helarazteko asmoz Athletic Clubi eta Eibarri.

Hitzarmenaren arabera, Athleticek 179.000 euro jarriko ditu urtero goi mailako euskal kirola sustatzeko eta Eibarrek 70.000 euro. Kopuru horiek talde bakoitzaren aurrekontua aintzat hartuta kalkulatu dira, eta ez dira aldatuko akordioak irauten duen bitartean. Hitzarmenak 2019ko urtarrilaren 1ean sartu ziren indarrean eta bi urteko iraupena izango dute (2020ko abenduaren 31ra arte), bi urteko epeetan luzatzeko aukera jaso delarik.  

BAT Fundazioa

Basque Teamek garrantzi handiko eginkizuna du gizartean: kirolari loturiko balioak hedatzea, aniztasunaren alde egitea, hobetzeko nahia eta pertsonen integrazioa bultzatzea edota kirol-kultura sustatzea. Elementu horiek guztiek gizartea egituratzen dute, eta Basque Teamen proiektuari balioa ematen diote. Bere ezaugarri eta jarduera propioei esker, Euskadiko kirol-munduan aparteko espazio bat eratzen du BasqueTeamek, nazioarteko goi-mailako lehiaketetan presentzia duena. Horrela, akordioan jaso denez, gizartearentzat eredu diren Basque Teameko kirolariekin lotzen diren esfortzuari, sakrifizioari, errespetuari eta iraunkortasunari lotutako balioak lehen mailako futbol taldeen markarekin ere lotuko dira. Era berean, futbol klubek euskal gizartean duten indarra eta eragiteko ahalmena Fundazioarentzat onuragarriak izango dira.  

Futbol taldeek eta Fundazioak sinatu dituzten kolaborazio hitzarmenek herrialdearen marka finkatzeko eta eliteko kirola, bere osotasunean, Euskadiko elementu bereizgarri eta estrategiko bihurtzeko lagunduko dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak