Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak adierazi duenez Eusko Jaurlaritzak hiri-mugikortasunaren hobekuntzan inbertitzen eta giza garapen-eredu jasangarrian aurrera egiten jarraituko du

2019.eko otsailak 20
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Abiadura Handiko Trena nabarmendu du Urkullu Lehendakariak “hiri-mugikortasuna” eraldatzeko gaitasunaren adibide gisa bizi-kalitatearen eta Europan harreman- eta elkartze-aukera berrien sorkuntzaren zerbitzura

  • Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du mugikortasun-sare integrala hobetzen

Iñigo Urkullu Lehendakariak SUM BIO 19 – XXI. mendeko hiriak mugitzen jardunaldia inauguratu du.

Bere jardunean, Lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da hiri-mugikortasunaren hobekuntzan inbertitzen eta giza garapen-eredu jasangarrian aurrera egiten jarraitzea. “Euskadik “Europako hiri handi baten” dimentsioa du eta orientazio horrekin inbertitzen dugu barneko mugikortasuna eta kanpoko konexioa hobetzen”, adierazi du.

Lehendakariaren hitzetan, gertu dago benetako eraldaketa hiri-mugikortasunean, hiru eragilerekin: Automatizazioa, Elektrifikazioa eta abiaburua-helmuga Mugikortasun Zerbitzuak. Zentzu horretan, azaldu duenez, hiru joera horiek elkartzeak bide emango dio garraio eraginkorrago, garbiago eta automatizatuago bati; eta eragin positiboa izango du ibilgailuen murrizketan, istripuen prebentzioan eta ingurumenaren hobekuntzan. Zehazten ari den etorkizun berri honen aurrean, Lehendakariak azpimarratu duenez, Euskadik aitzindaritzan egon nahi du eta proiektu pilotuak garatu nahi ditu, proba-bankutzat balio izango dutenak eskala handiago batean aplikatuak izateko. “Hori da gure erronka eta konpromisoa”, gaineratu du.

“Hiri-mugikortasunaren” nazioarteko Jardunaldiaren testuinguruan, Abiadura Handiaren garrantzia nabarmendu du Lehendakariak. Hala, Abiadura Handiko Trena “hiri-mugikortasuna” eraldatzeko gaitasunaren adibide onena dela adierazi du, bizi-kalitatearen eta Europan harreman- eta topaketa-aukera berrien sorkuntzaren zerbitzura. “Orain, Estatuko ezegonkortasun politikoak hainbesteko lehentasuna duen premiazko azpiegitura batean atzerapenik ez ekartzea da gure helburua, hain zuzen ere Euskadiko Abiadura Handiko Trenarena”, gaineratu du.

Gainera, Lehendakariak gogora ekarri duenez, pertsonei zerbitzu bat emateko oinarritik abiatuta, garraio-txartelen erabilera ahalbidetu da komunikabide-modu guztietan. “Mugikortasun-sare integrala hobetzen aurrera jarraitzen dugu. Komunikazio-azpiegituretan eta haien integrazioan inbertitzen dugu”, gaineratu du.

Bilboko Euskalduna jauregian egin da ekitaldia, eta bertan izan dira Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Ingurumena, Lurraldearen Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola, baita hauek ere: Gobernuko delegatu Jesús Loza, Ingurumeneko Estatuko Idazkari Hugo Morán, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatu Miguel Ángel Gómez Viar, Bilboko alkate Juan Mª Aburto, eta Petronor-eko presidente exekutibo Emiliano López Atxurra.

SUM BILBAO 2019

SUM Bilbao 2019 mugikortasunaren etorkizunari eta XXI. mendeko hirietako Garapen Jasangarriaren Helburuen (GJH) lorpenean duen inpaktuari buruzko hausnarketa globalean aitzindari izateko helburuz sortutako nazioarteko ekitaldi baten aurreneko edizioa da. Bilboko Udalak eta Petronor-ek antolatutako ekitaldia Bilboko Euskalduna jauregian egingo da 2019ko otsailaren 20an eta 21ean.

SUM Bilbao 2019k hiri eta administrazio publikoen, enpresen eta start-upen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen eremuko nazioarteko adituak bilduko ditu. Elkarraldi horren emaitza gisa, esperientziak eta ezagutza trukatzeaz gainera, Bilboko Deklarazioaren bitartez, tresna programatiko bat jarriko da eskura, oraingo mugikortasunaren politiken eta praktiken arteko zubiak trazatuko dituena, Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta Agenda 2030ekin lerrokatutako ereduetarantz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak