Eu

Eusko Jaurlaritzak akordio bat sinatu du Eusko Ikaskuntzarekin, erakunde honen funtsen parte bat Euskadiko Artxibo Historikoari lagatzeko (Gobernu Bilera 2019-02-19)

2019.eko otsailak 19
  • Euskadiko Historia Garaikideko Dokumentazio Zentroan bildutako materiala zein zenbait euskal familiak eta erakundek Eusko Ikaskuntzari dohaintzan emandako dokumentuak biltzen dira lagatzean

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak lagapen-akordio bat onartu du, bere gaurko saioan, Eusko Ikaskuntzaren funtsen zati bat Euskadiko Artxibo Historikoaren esku uzteko. Lagatze honen barruan, alde batetik, azken lau hamarkadotan Euskadiko Historia Garaikideko Dokumentazio Zentroan batutako materiala biltzen da. Horrez gain, zenbait euskal familiak eta erakundek Eusko Ikaskuntzari dohaintzan emandako hogeita hamar bat dokumentu-funts daude lagapen honen baitan.

Erakunde biek iaz iragarri zuten ekimen hau, Euskadiko Artxibo Historikoan egindako agerpen publiko batean; gaur onartutako akordioaren bidez lagapena gauzatzen da. Guztira, 2.000 kutxa ingurutan biltzen da lagatako funtsa, eta gehiena jadanik Funtsen erabilera Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentro-Irargik kudeatuko du Artxiboan bertan.

Dokumentazio-zentroa

Eusko Ikaskuntzak Dokumentazio Zentroan bildutako materialak honako elementu hauek ditu:

  • Kalitate handiko liburutegi espezializatua; 8.217 liburu eta aldian behingo 2.367 argitalpen-zenbaki ditu.
  • 1936aren eta 1980aren bitarteko dokumentazioaren bilketa, 175 kutxatan gordeta, batik bat Donostia-San Sebastiango Casa Baroja inprimategikoak eta La Voz de España egunkarikoak.
  • Kartelen bilduma bat.
  • Hemeroteka bat, 400 kutxa ingururekin.

Dokumentu-ondare hori azken lau hamarkadatan bildu da, Eusko Ikaskuntzak Gaur Egungo Historiaren Dokumentazio Zentroaren proiektua sustatu zuenetik. Proiektua 1979an sortu zen, Gerra Zibiletik euskal historiari buruzko hainbat arlotako materialak bilduko zituen Zentroa sortzeko beharra planteatu zenean. Honen helburua zen garaiko ikertzaileen eta etorkizunean Trantsizioaren historiari buruz idazteko interesa erakutsiko zutenen esku jartzea interesekotzat jotzen zen dokumentu-ondare guztia. Proiektu hau, hasiera batean, Hondarribiko Ramery Jauregian kokatu zen eta, urteetan zehar, Euskadiko oraintsuko historiari buruzko material ugari bildu zuen: liburuak, egunkariak, aldizkariak, liburuxkak, panfletoak edota kartelak.

Gainerako funtsak

Dokumentazio Zentroaren materialaz gain, zenbait euskal familiak eta erakundek Eusko Ikaskuntzari dohaintzan emandako dokumentuak ere biltzen dira gaur onartutako lagatzean. Elementu horien artean nabarmentzekoak dira honako hauek:

  • Aramendi bilduma (39 kutxa), AHNan eta Artxibo Historiko Militarrean eskuratutako dokumentuekin.
  • Arteaga – Aznar funtsa (6 kutxa).
  • Corral funtsa (5 kutxa).
  • Santiago Cunchillos funtsa (4 kutxa).
  • Hauteskundeei buruzko dokumentazioa (32 kutxa).
  • Eva Forest – Alfonso Sastre funtsa (15 kutxa).
  • Eugène Goyenetche funtsa (9 kutxa).
  • KAS koordinatzailearen dokumentazioa (3 kutxa).
  • Langileen erakunde iraultzailearen dokumentazioa (89 kutxa).
  • Alderdi politikoei buruzko dokumentazioa (270 kutxa).

Hortaz, badaude era askotako funtsak, familia ugarirenak, alderdi politikoenak, sindikatuenak, gizarte-mugimenduenak eta bestelako artxiboetan eskuratutako dokumentuak. Azpimarratzekoa da Santiago Cunchillos, Eugéne Goyheneche, Arteaga-Aznar edo Sastre-Foresten funtsen garrantzia.

Eusko Ikaskuntzak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren mendeko Euskadiko Artxibo Historikoari lagatako funtsak balio handiko ondare dira, ikuspuntu historikotik eta kulturaletik. Artxibo Historikoak baldintza egokiak ditu material hori babestu, kontserbatu eta, hala badagokio, zabaldu ahal izateko.

Eusko Ikaskuntzak, era berean, funts horiek ahalik eta baldintza egokienetan kontserbatu eta zabaldu ahal izateko interes bera du. Hori dela-eta, alde biek erabaki dute dokumentu horiek lagatzeko akordioa sinatzea; bertan ezartzen da Eusko Ikaskuntzak doan laga diola funts horiek gordetzea.

Hitzarmen hau dokumentu-ondarearen eta artxiboen politikaren programetako baten oinarri da, Euskadiko historia ulertzeko esanguratsuak diren dokumentu-funtsak berreskuratzeko programarena. Artxiboak kontserbatu eta zabaldu egingo ditu, dituen artxibo-funts publikoen irizpide berei jarraikiz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko