Eu

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio Elkarrekin-Podemosek 2018ko Aurrekontuen Legea aldatzeko aurkeztu dituen bi Lege Proposamenak izapidetzeari (Gobernu Bilera 2019-02-19)

2019.eko otsailak 19
  • Bi legegintzako ekimen horien gainetik daude pasa den ostegunean aurrekontu-luzapena arintzeko onartu ziren premiazko neurrien legeak
  • Gainera, Gobernuak Elkarrekin-Podemos taldea ohartarazi du bere ekimenek ez dutela Ganberaren Araubidea betetzen; izan ere, kredituak areagotzen dituzte eta ez dute adierazten gastu hori zer partidaren kargura izango den
  • Eusko Jaurlaritzak Elkarrekin-Podemosi gogorarazi dio Gobernua ogasun-aurrekontu edukien inguruan legeak emateko eskudun bakarra dela 

Gobernu Kontseiluak, gaur, asteartean, Elkarrekin-Podemos Legebiltzarreko taldearen bi lege-proposamen izapidetzearen aurkako irizpidea eman du:

Bi ekimen horien bidez, abenduaren 22ko 5/2017 Legearen (2018 ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak onesten dituen Legea) 19. artikulua aldatu nahi da eta seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarriak ezabatu. Alegia, langile publikoen soldataren eta diru-sarrerak bermatzeko errentan aurreikusitako prestazioen zenbatekoaren inguruko manuak.

Eusko Jaurlaritza bi ekimen horiek izapidetzearen aurka ageri da; izan ere, bere ustez, horien gainetik dago pasa den ostegunean aurrekontu-laguntzaren inguruko hiru legeetako bi onartu izana: otsailaren 14ko 1/2019 Legea (Diru-sarrerak bermatzeko errentaren inguruan 2019 ekitaldirako premiazko aurrekontu-neurriei buruzkoak) eta otsailaren 14ko 2/2019 Legea (Ordainsarien eta luzapenari buruzko beste alderdi batzuen inguruan 2019 ekitaldirako premiazko aurrekontu-neurriei buruzkoak).  Eusko Jaurlaritzaren iritziz, ez du zentzurik helburu berarekin legeak onetsi ondoren helburua galdu duten legegintzako ekimenak izapidetzea.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak Elkarrekin-Podemosi gogorarazi dio bi legegintza-ekimen horiek aurrekontu-kredituak areagotzea dakartela, baina Eusko Legebiltzarraren Araubidean bertan ezarritako eskakizunak betetzen ez dituela (148.2 artikulua); izan ere, ez du adierazten indarrean dagoen aurrekontuaren zer partidaren kargura ordainduko diren proposamenak eragingo dituen gastuak.

ESKUMENIK EZA

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak esan du ez dagoela Elkarrekin-Podemos taldeak aurkeztu dituen bi lege-proposamenak izapidetzearen alde, Autonomia Estatutuaren arabera (25. eta 44. artikuluak), Gobernua delako ogasun-aurrekontu edukia duten arauak izapidetzeko legezkotasun esklusiboa duen bakarra.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko