Iñigo Urkullu Lehendakaria: “AEA duten pertsonek psikologia zerbitzuaren laguntza izango dute Basurtun, gaixotasunari aurre egiteko”
Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Alboko Esklerosi Amiotrofikoko (AEA) Unitatera eginiko bisitan, Lehendakariak ekipoa nazioarteko erreferentziazko unitateen mailan jartzen duen hobekuntza iragarri du
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak, Jon Darpón Osasun sailburuarekin, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiarekin eta Eduardo Maíz Ospitaleko gerentearekin batera, gaur goizean, lan-bilera izan du Bilbo-Basurtu ESIko AEAko unitateko arduradunekin eta gaixotasunarekin zerikusia duten elkarteekin. Hura amaitzean, Lehendakariak espazioak bisitatu eta AEAko unitatean ematen den arreta ezagutu du.
Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA) gaixotasun neuromuskularra eta degeneratiboa da; motrizitatean du eragina eta paralisia, mendekotasuna eta desgaitasuna dakartza. Edozein adinetan gerta daiteke, baina pazienteen batez besteko adina hirurogei urte inguru da. Bizitza nabarmen murrizten du, baina, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Unitateak diziplina anitzeko eredua jarraitzen duenez, hari esker pazienteak gehiago eta bizi-kalitate hobeaz bizitzea lortzen ari da. Paziente bakoitzari taldean eta ESIko zerbitzu guztiekin koordinatuta ematen zaio arreta, dela lehen mailako arretarekin, dela zerbitzu soziosanitarioen sarearekin koordinatuta.
Iñigo Urkullu Lehendakariak, bisitaren ondoren, Basurtuko AEAko Unitateko taldearen lana goraipatu du, Euskadiko beteranoena eta ibilbide luzeena duela aintzat hartuta: “Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet, nire izenean eta euskal gizarte osoaren izenean, beste kolektiborekin batera, esaterako Luzón fundazioarekin edo ADELA elkartearekin batera, AEA gaitza duten pertsonen ongizatearen alde atsedenik gabe lan egiten duten profesional guztiei”.
Diziplina anitzeko ereduaren bidez, saihestu egiten dira atzerapenak, paziente bakoitzari koordinazioz ematen baitzaio arreta. Unitateak neurologo bat, errehabilitatzaile bat, endokrinologo bat, dietista-nutrizionista bat, arnas aparatuko espezialista bat eta kasuak kudeatzeko erizain bat ditu. Nobedade gisa, diziplina anitzeko talde horretan pazienteentzako eta beren famientzako asistentzia psikologikoa sartuko da eta, hori dela eta, Iñigo Urkullu Lehendakariaren hitzen arabera, “Basurtu Ospitaleko AEAko Unitatea gaixotasun horren tratamenduan munduan dauden unitate onenen mailan egongo da”.
Mediku-elkarteak egiaztatu du alboko esklerosi amiotrofikoak jokabide- eta ezagutza-nahasmenduak eragiten dituela (memoria galtzea, hitz egiteko zailtasunak etab.), bai eta arazo fisikoak ere (paralisia). Horregatik du garrantzia asistentzia psikologikoa diagnostikotik sartzea, mendekotasuna areagotzen duten sintomei aurre egiteko modurik onena bilatzen laguntzeko, besteak beste, arnasa hartzeko zailtasunei, komunikatzeko edo elikatzeko zailtasunei. Beraz, funtsezkoa da, gaitzaren eraginpean dauden pertsonen eta beren familien egoera kognitiboa zaintzeko, gaur egun arte sistematikoki kontuan hartu ez den hori.
Basurtu Ospitaleko AEAko Diziplina Anitzeko Unitateak, Euskadin sortu zen lehenak, urtero 64 paziente berriri ematen die arreta, batez beste. 2014an inauguratu zenetik, guztira 322 pertsona zaindu ditu. Nahiz eta tratamendurako farmako bakarra duen (riluzol), pazienteentzako itxaropen-foku esanguratsua duten saiakuntza klinikoak egiten ditu. Era berean, patologia hori zaintzeko Europako sarean (ENCALS) dago; bertan, AEAren asistentzian eta ikerketan puntakoak diren Europako zentroak batzen dira. Hori dela eta, gaitzaren eraginpean dauden pertsona guztiek jo dezakete oraindik esperimentalak diren baina hainbat naziotako taldeen esperientziak babestutako tratamenduetara.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 18a