Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Ermuak tren sarbideen hobekuntzak eta geltoki berria izango ditu

2011.eko martxoak 11

Eusko Jaurlaritzak 25 milioi euro inbertituko ditu Ermurako tren sarbideen hobekuntzan eta udalerri horretan geltoki berria eraikitzen, Iñaki Arriolak, Garraio Sailburuak, Ermuko   Lobiano Jauregian gaur burutu den ekitaldian azaldu duenez. Carlos Totorika, Ermuko alkatea, anfitrioi gisa aritu da

Goialdean geltoki berria eraikitzean, bide-zubiaren luzapen gisa, une honetan eskaileraz eta igogailuz loturik dauden Valdespinako parkea eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plaza banantzen dituen trenbide lubeta kendu ahal izango da. Etorkizunean, aisiarako bi toki horien arteko lotura jende guztiak erabili ahal izango du, behealdeko igarobide irisgarriari esker.

Proiektuaren idazketa fasea oso aurreratuta dago. Proiektuaren barruan, maniobrak egiteko gune bat eraikitzea ere aurreikusten da, geltokitik oso gertu. Horrela, Ermua-Eibar-Elgoibar tranbiaren maiztasuna hobetu ahal izango da.

Aurretik, Arriolak eta Totorikak Ermuko Udalak antolaturiko erakusketa bisitatu dute. Erakusketa horretan, Garraio Sailak Ermua-Eibar-Elgoibar trenbide igarobidean burutu dituen zenbait jarduketa biltzen dira.

Ermuko jarduketa, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak diseinatu duen jarduketa paketearen barruan dago. Pakete horren helburua, egunero linearen erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea da, egunean 3.000 bidaiari baino gehiago dituen tranbian, batez ere.

Horrela, une honetan zenbait lan burutzen ari dira, Txarakua-Azitain zatia bikoizteko lanak, Karakateko Gurutzaketa, Txarakuako trenbide pasagunea kentzea edo Eibarko geltokia (estaziñoa) zaharberritzeko lanak, besteak beste. Horrez gain, duela denbora gutxi, San Lorentzo-Unibertsitatea bikoizketa eta Eibarren dagoen Ardantzako geltoki berria inauguratu dira. Ermua-Eibar-Elgoibar ardatzaren garapenerako estrategikoak diren proiektu horiek amaitu ondoren, 15 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango dira ibilbide osoan.

"Ermua" proiektuaren deskribapena

Ermuko zatirako egokitu den trenbide bikoitzeko trazatu berriak 1.500 metro ditu guztira. Hasiera Eitzaga inguruan dago, eta ia oso-osorik tunel barruko trazatu saihesbidean doa (1-025 metroko luzerakoa), Ermuko sarreraraino. Bertan N-634 errepidea gurutzatuko du, 40 metroko bide-zubiaren bidez, inguruan egongo den geltoki berrira heldu aurretik. Horren ondoren berriro ere egungo trenbidearekin egingo du bat, Izelaieta kaleko behealdeko igarobidearen aurretik. Jarduketa horri esker, lur azpian egongo den saihesbidean dagoen Oletxeko trenbide pasagunea kendu ahal izango da.

Ermuko geltoki berria, egungo geltokiaren ondoan egongo den azpialdeko igarobidearen ondoan egongo da, eta Valdespinako parkearen eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plazaren arteko zeharkako lotura ezarriko du. Geltokiaren ataria trenbidearen plataformaren azpian egongo da, sarbidea kaleko kotatik egingo da, behealdeko mailan, eta horrek bat egingo du zabalera aldakorra eta 80 metroko luzera izango duen erdiko nasarekin. Bertara eskailera finkoaren eta igogailuaren bitartez heldu ahal izango da.

Orografiak eta hiriguneetako eraikinek zirkulazioaren abiadura mugatzen dute trenbide bakarreko egungo trazatuan -hori oso garrantzitsua da bidaiarien garraioan-, trenbide pasaguneetan ikusten den eremua mugatu egiten dute eta, gainera, ibilbidea deseroso egiten dute.

Halaber, gaur egun Ermuan dagoen geltokiak ez du bazterbiderik ezta bidaiarien eta merkantzien ibilbide luzeko trafikoak batera ustiatzeko aukera ematen duen instalaziorik ere. Hori dela eta, jarduketa honetan, maniobratarako gune bat prestatuko da tunel barruan, Ermuko geltokitik gertuen dagoen aldean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua, eta Carlos Totorika, Ermuko alkatea