Eu

Haizearen Orraziaren Plaza eta Eskulturak Monumentu Multzo kategorian kultura-ondasun kalifikatzeko proposamena aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak

2019.eko otsailak 15
  • “Gizartearen eta artearen ikuspegitik errekonozimendu nabarmena” duen ondasun horren balioa nabarmentzea da babes horren helburua, bai eta baldintzarik onenetan zaintzea ere.

  • Bingen Zupiria sailburuak eta Eneko Goia alkateak azpimarratu dute obraren ingurune naturala ere kontuan hartu dela gaur aurkeztu duten babes-proiektuan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Donostiako alkate Eneko Goiak gaur aurkeztu dute Haizearen Orraziaren Plazak eta Eskulturek osatutako multzoa babesteko proiektua. Ekimen horren bitartez kultura-ondasun kalifikatu deklaratu nahi da Eduardo Chillidaren eta Luis Peña Gancheguiren obra hau, Monumentu Multzo kategorian. Deklarazio horrek aukera emango du ondasun horren balioa nabarmentzeko, “errekonozimendu handia baitu maila sozialean, artistikoan eta akademikoan”, eta, era berean, baliogarria izango da erarik egokienean zaintzeko eta bere irisgarritasuna hobetzeko. Eskultore donostiarraren seme Pedro Chillidak eta plazaren egile eta arkitektoaren alaba Rocío Peñak ere parte hartu dute aurkezpenean.

Pauso horrek duen garrantzia azpimarratu du Bingen Zupiria sailburuak, obra horren balioa nabarmentzearren eta bere mantentzea ziurtatzearren. “Haizearen Orraziaren Plazak eta Eskulturek osatzen duten multzoaren kalifikazioa Monumentu Multzo gisa, obra honekiko eta bere egileekiko errekonozimendu sozial bat ez ezik, bide bat da ondare honen mantentze egokia ziurtatzeko. Ekimen honen bitartez euskal gizarteak beste pauso bat eman nahi du Haizearen Orrazia eta honen egileak aitortzeko, bai eta multzoaren zaintza bermatzeko ere”, adierazi du.

Eneko Goia alkatek, eskertu egin du Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzoari babes maila gorena emateko erakutsi duen azkartasun eta prestasuna, duela hilabete batzuk Donostiako Alde Zaharra babesteko egin zuen modura. "Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gure hiriarekin duen inplikazio eta konpromisoa nabarmentzen du horrek", esan du. Eneko Goiak azpimarratu du Haizearen Orraziaren babes maila gorena "behar beharrezkoa" dela, multzo guztiari "merezi duen balio eta errekonozimendua ematen baitio": "Haizearen Orrazia ez da soilik Donostiaren ikurra; hiriaren ondarea da, gure herriko ondarea ere bada, baina ausartuko naiz esatera gizateriaren ondare ere badela".

Alkateak azaldu duenez, Jaurlaritzak onartu duen dekretuaren ondorioz, etorkizunean Udalak egin beharreko mantenu lanak babes neurriak kontuan harturik egin beharko ditu. Gainera, azaldu du Udala jadanik lanean ari dela mendi-magalaren babes proiektuan, baita multzo guztiari irisgarritasun hobea eskaintzeko lanetan ere.

Babes-proposamena gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua izan ondoren, 20 eguneko alegazio-aldiari ematen zaio hasiera, bihartik aurrera zenbatuta. Alegaziorik egongo ez bada, Gobernu Kontseiluak Dekretu bidez onesteari ekingo dio, eta Ondasun Kalifikatuen Erregistroan sartuko da Haizearen Orraziaren plazaren eta eskulturen Multzo Monumentala, bere ingurunea barnean dela. Bestalde, babes hori ezinbesteko baldintza da UNESCOk Gizadiaren Ondare deklaratzeko balizko prozesu bati hasiera eman nahi bazaio.

Babesa

‘Haizearen Orraziaren Plazaren eta Eskulturen Multzoa’ –horrela agertzen da espedientean– babesteko proposamenak hiru eremu hartzen ditu kontuan: Peña Gancheguik diseinatutako Plaza, Eduardo Chillidaren hiru eskulturak eta ingurune naturala. Izan ere, obraren eta naturaren arteko lotura hori da proposamenaren ardatzetako bat. “Obraren izaera urbanoaren eta izaera naturalaren arteko muga izate hori funtsezko faktorea da proiektuaren ikusmoldean”, jaso da babes-proposamenean.

Babes hori onetsitakoan, babes-erregimen bat ezarriko da multzoa osatzen duten elementu desberdinetarako, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen arabera. Ondasunaren elementuak ondoko babes-mailen arabera babestuko dira: babes berezia, erdi-mailako babesa, babesik gabeak eta, azkenik, bat ez datozenak. Proposamenak zehaztu egiten du zein izan behar duen elementu bakoitzari dagokion babes-mailak:

  • Babes bereziko Hori da babes-mailarik handiena. Ondasunaren zatiek funtsezko balio arkitektoniko edo artistiko batzuk biltzen dituzte. Elementu hauek dira:
  • Eduardo Chillidaren burdinazko hiru eskulturak; bere harkaitz-oinarriak hartzen dira barnean.
  • Plazaren jatorrizko arkitektura, ‘babesik gabeak’ atalean zerrendatutako elementuak izan ezik.
  • Igeldoko mendi-hegal naturala.
  • Iraunkorki murgilduta ez dauden harkaitz-behealdeak.
  • Erdi-mailako babes Babes-maila ertain bat eskatzen du; ondasunaren zatiek, bertan barnean hartzen direnek, balio kulturalak dituzte, antzemangarriak izanda ere erabat ezinbestekoak ez direnak ondasuna babesteko. Bi elementu barne hartzen dira:
  • Sarbideko plaza txikia
  • Antiguako kolektorea
  • Elementu babesik gabeak. Ez dute interes kulturalik eta, beraz, ez dute babes-erregulazio bat behar:
  • Jatorrizko arkitekturaren elementu hauek: goiko plataformako iturria eta bankuak, galtzada-harrizko horma, flysch-aren estratuen artean kokatua, beheko plataforman.
  • Babes bereziko elementuen, erdi-mailako babesekoen edo bat ez datozenen zerrendan barne hartzen ez direnak.
  • Elementu diskordanteak edo bat ez datozenak. Ondasunaren elementuak, bere funtsezko balioetan eragin negatiboa dutenak. Ezinbesteko arrazoirik ezean, kendu edo ordezkatu egin behar dira.
  • Hegaleko hormigoizko euste-hormaren gainazaleko tratamendua.
  • Hegalaren goialdea egonkortzeko tratamenduaren muga antinaturala edo nabarmenegia.
  • Plazan instalatutako hormigoizko hesiak.
  • Tonu kontrastatua duten mortairuzko birjunturak plazan.
  • Plazaren diseinuan integratuta ez dauden kutxatila-estalkiak.
  • Sarbideko plaza txikian instalatuta dauden altzairu herdoilgaitzezko hiri-altzariak.
  • Sarbideko plaza txikian jatorrizko arkitekturari atxikitako elementuak (terrazako instalazioen kaxak eta plazara sartzeko arrapala).

Espedienteak arreta berezia jartzen du obraren eta naturaren arteko lotura berezi horretan: itsasoa/zerua/lurra elkarrizketa. Adierazten duenez, harreman hori mekanismo desberdinen bitartez ezartzen da: topografia artifizial baten sorkuntza (“itsaslabarraren topografiaren oinarri eta kontrapuntu gisa ”), eskulturak paisaia naturalean barneratu izana (“arroketatik sortuak eta zeruertzaren bistak iragaziz”) eta paisaia naturalean giza eskala barneratu izana (“espazioari giza eskala ematea, bertatik obra eskultorikoa antzemateko moduan eta paisaia naturalean txertatuta, proiektua ernarazi duen ideietako bat da”).

Hala, nabarmentzekoa da gaur aurkeztutako proposamenak obraren perspektiba bisuala ere babestea proposatzen duela, itsas ikuspegietarako 1.500 metroko ikusmena planteatuz, “paisaia babesteari buruzko beste araudi batzuetan egin bezala”.

Babes-proiektuak Haizearen Orraziaren Plazak eta Eskulturek osatutako multzoaren alderdi desberdinak kontuan hartu ditu: balio espaziala eta estetikoa; balio profesionala eta egileen errekonozimendua; obraren balioa bere testuinguru kulturalean eta gaur egun; balio urbanistikoa; eta, azkenik, bere balioaren errekonozimendu publikoak. “Haizearen Orrazia modernitate sortzailearen adibide bat da, XX. mendearen azken hereneko korronte aurreratuenetan txertatuta, indarrean jarraitu eta gai dena XXI. mendean emozio estetikoa sorrarazteko, proposamen plastiko berrienen maila gaindituz”, adierazten du Kultura Ondarearen Zuzendaritzako proposamenak.

Obraren balio espazialari eta esetikoari dagokienez, babeserako proposamenak nabarmentzen du eskulturak halakotzat hartuak direla: “Eduardo Chillidaren sorkuntza plastiko ugariaren une gorenaren emaitza eta bere obra entzutetsuenetakoak”. Eta azpimarratzen du espazio arkitektonikoa nabarmentzen dituela eskultura hauek. Proposamenak gogora ekartzen duenez, eskultore donostiarraren beraren iritziz hiru eskulturak “oso lotuta daude lekuari eta hiriari”. “Eduki sinboliko bat dute, hiriarekin, naturarekin, espazioarekin eta giza existentziarekin berarekin zerikusia duena”, jaso da babes-proposamenean.

Era berean, proposamen honek jaso egiten du ‘thémenos’-aren eta ‘krepis’-aren (Luis Peñaren proiektuaren 1975eko memorian barne hartzen diren oinarri-kontzeptuak) tradizio klasikoarekin plazak duen lotura, baita arkitektura modernoaren zenbait korronterekin eta hutsaren ideia plastiko birlanduekin ere, XX. mendeko teoria eta proposamen aurreratuetan bildutakoekin (Oteiza, Chillida…). Adierazten denez, Luis Peña Gancheguiren obra gailenena da, “espazioen eta ikuspegi aldakorren sekuentziari” esker, baita forma, testura, kolore eta eraikuntzako xehetasunei esker ere: “Horrek guztiak aukera ematen du obra arkitektoniko hau espazio publiko gailenenen artean kokatzeko, Euskal Herrian ez ezik, nazioarteko mailan ere”.

“Espazio arkitektonikoaren, eskulturen eta ingurune naturalaren arteko sinbiosi zoriontsu honek, pertzepzio-une zehatzaren (argia, haizea, lainoak, itsasoa, soinuak, tenperatura eta abar) araberako estimulazio sentsorial aldakorrei lotuta, zirrara estetiko bat sorrarazten du, benetan paregabea”, gaineratzen du proposamenak.

Haizearen Orrazia

Haizearen Orraziaren inguruneak, 1926an urbanizatuak, izaera periferikoa izan zuen, harik eta 1977an Eduardo Chillidaren eta Peña Gancheguiren obraren eraikuntza amaitu zen arte. Babes-espedienteak gogora ekartzen duen bezala, proiektuaren ekimena urte batzuk lehenago sortu zen eta, 1968an hiriak proposatu zuenean Eduardo Chillidari bere ibilbideagatik omenaldi bat egitea, egileak berak planteatu zuen obra iraunkor baten exekuzioa. Donostiako Udalak onartu egin zuen proposamena, eta plaza baten sorkuntza gehitu zitzaion proiektuari; plaza horrek balio izateko “Chillidaren obra behatzeko eta aldi berean hiri-erremate bat izateko”. Luis Peña Ganchegui kontratatzea gomendatu zuen eskultoreak, eta 1974an ‘Tenis plaza’ izena eman zion proiektua erredaktatu zuen hark.

Plaza eraikitzeko lanak 1976ko martxoan hasi ziren eta multzo osoa 1977ko irailaren 3an inauguratu zen. Proiektua hiriaren ikono bilakatu zen, Euskadiko ingurune ezagunenetako bat eta nazioartean ospea zabaldua duen multzo bat.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak