Eu

Espainiako eta Euskadiko gobernuek elkarlanean jardungo dute, SEPEren bulegorik ez duten udalerrietan Lanbideren ordezkaritzek izapidetzeko kudeaketa horiek

2019.eko otsailak 14
  • Enpleguko Estatuko idazkariaren, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren, SEPEren eta Lanbideren topaketa Vitoria-Gasteizen

VG 19-02-14

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta SEPE-Estatuko Enplegu Zerbitzuak, gaur goizean, bilera izan dute, Vitoria-Gasteizen; bertan, urtean behin koordinazio-bilera egitea adostu dute, Koordinazio eta Segimendu Batzordearen barruan, enpleguaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatzeko esparruko lankidetzan aurrera egiteko. Halaber, hitzarmenaren oinarriak zehaztu dituzte, SEPEren bulegorik ez duten euskal udalerrietan Lanbideko ordezkaritzek egiteko herritarrei kudeaketa horiek eta, horrela,  herritarrek informazioa jaso eta SEPEra bideratzeko joan-etorririk egin behar ez izateko.

 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak topaketa izan dute, gaur, Yolanda Valdeolivas Enpleguko Estatuko idazkariarekin, Jesús Loza Gobernu Zentralak Euskadin duen ordezkariarekin eta Gerardo Gutiérrez SEPE - Estatuko Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarekin, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan. Halaber, Borja Belandia Lanbideko zuzendariak eta Amaia Arteaga Enpleguko zuzendariak parte hartu dute.

 

Koordinazio eta Segimendu Batzordearen garapenean, bi administrazioek egingo dute aurrera lankidetzan, autonomia-erkidegoari lan-eremuko, enpleguko eta enplegurako lanbide-heziketako lan-legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeko esparruan.

 

Era berean, gaur Vitoria-Gasteizen batu diren ordezkaritzen akordio baten oinarriak ezarri dituzte, herritarrek SEPEren zerbitzurik ez duten udalerrietan Lanbideko bulegoak erabiltzeko irisgarritasuna hobetzeko, elkarreragingarritasunaren bidez, eta informazioa batu eta SEPEren bulegora bideratzeko leihatila funtzioak betetzeko. Horrela, Oiongo herritar batek SEPErekin izapideren bat egin behar badu, ez du Vitoria-Gasteizera joateko beharrik izango, Lanbideko tokiko bulegoak kudeatuko baitu.

 

Topaketan, besteak beste, honako gai hau aztertu da: datozen asteotan, Ministerioak orain arte indarrean izan den langabezia asistentzialagatiko babes-eredua ordezkatuko duen beste bat aurkeztea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jesús Loza, Yolanda Valdeolivas, Gerardo Gutiérrez