NIK Patrika Digitala
Berriak Ogasuna eta Ekonomia
qrcode

Pedro Azpiazu sailburuaren adierazpenak 2019 ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei buruzko hiru lege-proiektuak onartu eta gero

2019-02-14

Pedro Azpiazu sailburuaren adierazpenak 2019 ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei buruzko hiru lege-proiektuak onartu eta gero.

 

Egunon, buenos días.

 

Zuek denok ondo dakizuen bezala, 2019ko aurrekontuen luzapenari laguntzeko hiru legeen bozketa egin berri da.

 

Hiruak onetsi dira. Nire esker ona erakutsi gura diet oposizioko taldeei, lege horien onespena erraztu dutelako. Gaurtik aurrera, Euskadiko 150.000 familiak bizi baldintza hobeak izango dituzte.

 

Dakizuen bezala, Jaurlaritzak 250 milioi euro inguru bideratuko ditu lege horietan jasotzen diren politika publiko guztiak gauzatzera.

 

Gorabeherez eta liskarrez betetako garaiak bizi ditugu politikan. Egia esateko, benetan penagarria izango litzateke Euskadin “errealitate paraleloa” bizitzen ez jakitea. Errealitate horren erdigunea gure ongizatea, gure garapen ekonomikoa eta gizarte arloko gure kohesioa izan behar dira. Baditugu hori lortzeko mekanismoak.

 

Joan den astean Jaurlaritzak norabide aldaketa egin zuen, akordio politiko faltaren ondorioz neurri horiek bertan behera geratzeko arrisku larriaren aurrean. Gaur ikusi ahal izan dugu, agian, norabide aldaketa hori ez zela beharrezkoa, legeek aurrera ateratzeko aukera eman duen EH Bilduren jarrera ikusita.

Gaur Bilduk irteerarik gabeko kale batean ikusi du bere burua. Ikusi dute hiru legeak aurrera aterako direla. Ikusi dute Legebiltzarreko alderdiek tokiz kanpo utzi dituzten mugimenduak egin dituztela.  Ez bozkatzea. Ez dut jarrera hori baloratuko. Beren jarrera oso ongi azaldu beharko dute. Gobernu hau ez da izango hori epaituko duena. Ez bozkatzea da errazena. Hiru legeak aurrera aterako direla jakinda, abstenitzearen pareko da.

Zalantza bat geratuko zait betirako, ibilbide hau egiteko horrenbeste gorabehera beharrezkoak ote ziren ala ez. Alferrikako hainbeste denbora eta baliabide, hainbeste titular erraz, hainbeste deskalifikazio.

Baina, azkenean, hiru legeen funtsa onetsi egin da. Neurriak berehala jarriko dira martxan. Eta hori zen Jaurlaritza gisa genuen erantzukizuna.

Jaurlaritza honek badaki ez duela 2019rako aurrekonturik. Badaki, baita ere, ahalegin guztiak egin zirela aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta badaki, inork baino hobeto, aurrekontuen luzapenarekin jarraitu behar duela gobernatzen.

Bere muga argiekin, erantzukizunean oinarrituta aurrera eraman beharreko luzapena da.

Denon artean, hainbat gauza lortzeko gai izan gara: %2,25eko soldata igoera langile publikoentzat; Eusko Legebiltzarraren aurrekontu zuzkidura; DSBE-RGI orokorraren %3,5eko igoera eta %4,5ekoa hartzaile pentsiodunen kasuan; eta %5eko igoera familiako eta laneko bizitzaren kontziliaziorako laguntzetarako, seigarren xedapen gehigarria kenduz.

Hezkuntza arloko hirugarren legean, ikastetxe kontzertatuetako irakasleen soldataren %2,25 igo eta moduluak eguneratu egin dira, eta EHUren aurrekontua 10 milioi euro handitu da.

Eskerrak eman gura dizkiet euren jarrerarekin lan hori abalatu duten eta lankidetzaren aldeko apustua egin duten alderdi politikoei. Izan ere, lankidetzak beti ematen ditu borrokak baino emaitza hobeak.

 

Orain lanean jarraitzea dagokigu, erantzukizunez, betiko moduan.

 

Eskerrik asko

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 14a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)