Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

6.000 sari banatuko dira 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan

2011.eko martxoak 10

Compra aQtiva Plana abian jarri da euskal merkataritzan eskaria sustatzeko

Euskal kontsumitzailearen konfiantza-pertzepzioa indartzea, bezeroak leialtzea eta merkataritza bikainaren Q-a balioestea bilatzen du ekimenak. Sektorerako beste neurri batzuekin osatzen da plana, hala nola: dendetako 'Renove' Plana, Merkataritza Bikaina programa, enpresa-transmisioko programa, edo Ikusmer behatokiaren orientazio berria. Erosketak martxoko 14tik 26ra bitarte egiten dituzten Euskadiko txikizkako merkataritzako bezeroek beren leialtasunarengatiko saria jaso dezakete ekimen berri baten ondorioz. Compra aQtiva Plana izena du eta gehienez 6.000 sari banatzea ahalbidetuko du 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan, saria irabazi duten bezeroek saria jaso duten establezimenduetan beretan beste erosketa batzuk egiteko baliagarriak izango direnak.

Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak azken urtean abiarazitako ekintzen multzoa osatzen du plan honek. Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Eusko Jaurlaritzaren Merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak gaur aurkezturiko plana SPRIren laguntzarekin egingo da.

Compra aQtiva Planaren helburu nagusia merkataritza-sektorean eskaria sustatzea da. Baina, horrez gain, euskal kontsumitzailearen konfiantza-pertzepzioa ere indartu nahi du, baita nabarmendu eta ilusioa piztu ere, denboraldiaren hasierako une honetan, merkealdiaren eta segidako stock azoken ondoren. Era berean, bezeroak leialdu nahi ditu, merkataritza-jarduera bultzatuz, eta merkataritza bikaineko Q-a ere balioetsi nahi du, Euskadiko merkataritzaren elementu bereizgarri gisa betiere. Horrela erakusten du kanpainaren markak: Compra aQtiva Plana.

Ekimenaren buru den Eusko Jaurlaritzak Euskadiko merkataritza-sektorearen laguntza du, une oro informatuta izan duen sektorearena. Emaitzak ebaluatutakoan, antzeko ezaugarriak dituzten ekintzen jarraitutasuna finkatzea da asmoa, sektorearen laguntzarekin.

Zertan datza?

Kanpainaren funtzionamendua honako hau izango da: notario aurrean Euskadiko txikizkako merkataritza-establezimenduen artean egindako zozketa bidez gehienez ere 6.000 sari banatuko dira 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan. Zehazki, 50 euroko 2.000 erosketa-txartel eta 100 euroko 4.000 erosketa-txartel izango dira.

Notario aurrean hautaturiko 6.000 saltokiekin, sarien banaketa-bideak diseinatu dira. Behar bezala egiaztaturiko agente batzuk arduratuko dira sariak emateaz establezimendu bakoitzean une horretan kutxan ordainketa egiten ari den pertsonari. Saria lortzen duen pertsonak beste erosketa batean baliatu ahalko du zenbateko hori, betiere saltoki berean soil-soilik.

Sustapen honen lurralde-esparrua Euskadi osoa da. Merkataritza-garrantziaren araberakoa izango da sarien lurralde-banaketa: % 50 Bizkaiarentzat, % 35 Gipuzkoarentzat eta % 15 Arabarentzat. Txartelen ematea martxoaren 14tik 26ra bitarte egongo da indarrean, bi egun horiek barne.

2011ko ekainaren 30era arte trukatu ahalko dituzte bezeroek erosketa-txartelak beste erosketa batekin. SPRIk erosketa-txartelaren balioa saltoki irabazleari ordaintzeko mugaeguna 2001eko martxoaren 30a izango da.

Sustapen hau ezagutarazteko kanpaina bat diseinatu da hainbat hedabidetan, bi faseko kanpaina, hain zuzen ere: bata intriga-klabean, astearteaz geroztik abian dagoena, eta beste bat igandetik aurrera (hilak 13) txertatuko dena, sustapena abiarazi aurretik. Gainera, kanpaina ezagutaraziko duten agenteek ibilgailu elektrikoak erabiliko dituzte Euskadiko kaleetan zehar.

Osagarria beste programa batzuekiko

Eusko Jaurlaritzak azken hilabeteetan garaturiko beste ekimen batzuekiko osagarria da ekimen hau. 2010eko udaberrian Euskal Merkataritzaren Egokitzapen Plana onartu zenetik, hainbat programa abiarazi dira, hala nola:

  • Merkataritza Bikaineko programa, bikaintasuneko EFQM eredupean etengabeko hobekuntzako prozesuen ezarpenera bideraturikoa, betiere sektorera egokituta. 250 saltokik ekin diote jada hainbat sari lortzeko bideari, hala nola Brontzezko Q-a, Euskadin ezarritako ziurtagiri aitzindaria.
  • Merkataritza Ekipamenduen modernizazioa, eta horren bidez euskal merkataritzak laguntzak jaso ditu bere lokal eta ekipamendu informatikoak modernizatzeko inbertsioetarako. Eusko Jaurlaritzak 4,7 milioiko ekarpena egin dio programari eta hobekuntzetan 36 milioiko mobilizazioa eragin du horrek sektorearen aldetik.
  • Enpresa Transmisio eta Ekintzailetzakoa, sektoreko txikizkako enpresen jarraitutasuna ahalbidetzeko.
  • Gaikuntza eta finantza-tutoretzakoa.
  • Merkataritzako Lehiatu programa eta enpresen arteko lankidetzakoa.
  • Edo Ikusmer Merkataritzaren Euskal Behatokiaren orientazio berria adimen lehiakorreko erreminta gisa, eginiko azterlan berrien lehen emaitzak jada aurkeztu dituena.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak