Eu

Marcos Muro: “4. Gazte Planean, etxebizitza, enplegua, hezkuntza eta osasuna ezinbesteko elementuak dira, bizi-proiektuak eraikitzeko”

2019.eko otsailak 14
  • Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, enplegurako orientazioari buruzko Gazte UP topaketan, Deustuko Unibertsitatean

Bilbo, 19 02 14

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, gaur goizean, honako hau azaldu du: “laugarren Gazte Planean, etxebizitza, enplegua, hezkuntza eta osasuna funtsezko elementuak dira; izan ere, ezinbestekoak dira, gazteak beren bizi-proiektuak eraikitzen hasteko”.

 

El Correo egunkariak Deustuko Unibertsitatean (Bilbo) antolatu duen Gazte UP jardunaldiaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du Murok. Esan duenaren arabera, “enplegua, etxebizitza, hezkuntza eta osasuna bizitza osasungarria, emantzipatua eta autonomoa posible egiten duten elementuak dira. Lau oinarri horiek finkatuta badaude, zenbait elementu, besteak beste aisia, kirola, kultura, kontsumoa, partaidetza, mugikortasuna edo berdintasuna, berehala sortzen dira”.

 

Jardunaldiaren inaugurazioan, sailburuordearekin batera Jesús Riaño Deustuko Unibertsitateko Deusto Alumniko zuzendaria, Alfredo Sánchez El Correoko merkataritza-zuzendaria, Nora Sarasola BBKko Gizarte Ekintzako zuzendaria, Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Enpleguko zinegotzia eta Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatua izan dira.

 

Marcos Murok honako hau nabarmendu du: “badakigu langabezia eta lan-ezegonkortasuna euskaldun askoren bizi-proiektuen diseinua eta garapena atzeratzen duten faktoreak direla. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren eta Gazteria Zuzendaritzaren bidez, proiektu eta ekintza zehatzak martxan jartzeko lan egiten du, enplegu-aukerak heldu ahal izateko. Besteak beste Lehen Aukera, Gazte Itzulera eta beste zenbait programa edo hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa horren erakusle dira”.

 

Laguntza

“Kontratudun lehen lan-esperientziei bide ematea, enplegu-aukerak hobetzea prestakuntza gehiagorekin, gizarte- eta lan-orientazioa ematea edo gazte-ekintzailetza sustatzea, besteak beste, dagoeneko egiten ditugun lanak dira”, esan du.

 

Gainera, Muro sailburuordeak ekintzailetza autoenplegurako eta aberastasuna sortzeko bide gisa nabarmendu du. “Ekintzailetzari laguntzeko ekosistema ona dugu, baina ekintzailetza adin goiztiarragoetan ezarri behar dugu. Ez bakarrik nork bere kontura lan egiteko, baita garapen pertsonalerako aukera gisa ere”.

 

Marcos Murok Deustun batu diren gazteei esan dien bezala, “Lanbiden, ekintza eta programa zehatzak abian jartzeko dugun tresnaz gainera, ekintzailetza ere sustatzen dugu. Ekimen zoragarri honetan sartzen direnei laguntzeko programa bereziak ditugu. Zoazte Lanbidera. Entzun egingo dizuete eta arreta eta laguntza emango dizuete”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • José María Guibert, Jesús Riaño, Xabier Otxandiano, Teresa Laespada, Nora Sarasola, Alfredo Sánchez