Eu

Eusko Jaurlaritzak arte eszenikoak sustatzea xede duen 630.000 euroko kontu-saila onartu du eta, horrekin batera, arte plastikoak sustatzea helburu duen 445.000 euroko beste bat (Gobernu Bilera 2019-02-12)

2019.eko otsailak 12
  • Lehenengo diru-laguntza deialdiaren bitartez, iaz 108 ekimen diruz lagundu ziren; arte plastikoak sustatzekoen bidez, 61 proposamen babestu ziren

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak arte eszenikoak sustatzea xede duen 630.000 euroko kontu-saila onartu du gaurko bileran eta, horrekin batera, arte plastikoak eta ikusizko arteak sustatzea xede duen 445.000 euroko beste bat. Lehen arlora bideratuko diren diru-laguntzen helburua da arte eszenikoen inguruko formazioa, promozioa eta hedatzea bultatzea; arte plastikoei zuzenduriko laguntzek, bere aldetik, sorkuntzan eta ekoizpenean ere jarriko dute arreta. Arte eszenikoetara bideratutako laguntzen bidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 108 ekimen edo proiektu ezberdin babestu zituen iaz. Arte plastikoetarako eta ikusizko arteetarako laguntzei dagokienez, 61 ekimen lagundu ziren diruz. 

Iaz arte eszenikoetara bideratutako diru-laguntzak birdefinitu egin ziren, arte eszenikoen inguruko politika bateratuak sustatzeko xedearekin, antzerkiaren zein dantzaren arloen inguruko ikuspegia batuz. Honela, diru-laguntza horiek prestakuntza, arte eszenikoen sustatzea eta hedatzea barne hartzen dituzten bost modalitatetan banatzen dira. Aurtengo berritasunik nagusiena egonaldi-proiektuei zuzenduriko laguntzak dira, arte eszenikoak sustatzeko beste proiektu mota batzuetara ireki baitira orain (egonaldiak barne). Honako hauek dira aurtengo bost modalitateak.

  • Antzerki arloko profesionalen prestakuntza: Prestakuntza integraleko 6 proiektu eta prestakuntza bereziko 3 proposamen babestu ziren iaz.
  • Dantza prestakuntza: Atal honetako 7 proiektu lagundu ziren diruz 2018ko laguntzen bidez.
  • Arte eszenikoak sustatzea (egonaldi-proiektuak barne): Diru-laguntza hauen bitartez 5 ekimen bultzatu ziren iaz.  
  • Kaleko antzerkia sustatzea: Xedea da kaleko zirkuitu bat bultzatzea, bai eta antzerki eta dantza konpainien bideragarritasuna sustatzea ere. Kasu honetan, udalek jasotzen dituzte diru-laguntzak, baina zeharkako onuradunak konpainiak dira, kontratazioak diru-laguntzei esker ugariko baitira. Modalitate honek arlo honetako kultura-eskaintza sustatzen lagunduko du ere. Iaz, 51 udalek jaso zuten modalitate honen ondoriozko laguntzaren bat.
  • Dantza zirkuitua: Konpainiek jasotzen dituzte diru-laguntzak, kalitatezko zirkuitu bat bultatzeko kontratazioaren ugaritzeari esker. Iaz, 36 konpainiak jaso zituzten mota honetako diru-laguntzak.

Deialdi honetatik kanpo, eta arte eszenikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru-laguntzak ditu antzerki ekoizpenerako eta dantza ekoizpenerako. Kulturgintza sustatzeko xedearekin aurreko astean onartu zen deialdiko zazpi modalitateetatik bi, halaber, arte eszenikoei lotuta daude: antzerki-testuak eta dantza koreografikoak. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak proiektu, jaialdi eta ekimen ugari babesten ditu, diru-laguntza izendunen bitartez.

Arte plastikoak

Bestetik, ikusizko arteak babesteko bideratu diren 445.000 euroekin emandako diru-laguntzak hiru modalitatetan banatuko dira:

  1. Sustatze-hedatze modalitatea (55.000 euroko aurrekontua).
    1. Euskadiko Kultur Zentroetan egingo diren arte garaikideko ekitaldiak edo adierazpenak antolatzea (jaialdiak, lehiaketak, erakusketak…) eta aipatuetan parte hartzea; baita beren euskarri dokumentalak ere.
    2. Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren arte garaikidearen inguruko sentsibilizazio-ekitaldiak (topaketak, jardunaldiak, tailerrak, hitzaldiak); baita beren euskarri dokumentalak ere.
  2. Argitalpenen modalitatea (121.000 euro aurrekontua): Euskarri ezberdineko argitalpenak egitea, beti ere xedea Euskal Herriko arte garaikidea hedatzea eta artistak eta beren lana sustatzea denean.
  3. Sorkuntza-ekoizpena modalitatea (269.000 euro): Sorkuntza-ekoizpen plastikoaren eta ikusizko sorkuntza-ekoizpenaren arloan proiektuak gauzatzea: lan artistikoa gauzatzea eta ikerketa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko