Eu

Euskadik ontzigintzaren, portuen, arrantzaren eta energia berriztagarrien arloetan duen indarra erakutsiko du World Maritime Week azokan

2019.eko otsailak 12
  • Arantxa Tapia sailburuak ostegunera arte BECen 35 armadore eta ontziola enpresa, ehun bat txostengile eta ekonomia urdina deitzen denaren azken berrikuntzak erakutsiko dituzten ehun enpresatik gora elkartuko dituen nazioarteko azoka inauguratu du
  • Lau biltzar sektorial: Sinaval, Eurofishing, FuturePort eta Marine Energy Week, Euskadiko ekonomiak arlo horietan dituen aukerak aztertu ahal izateko

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak gaur inauguratu du datorren ostegunera arte, hilaren 14ra arte, Barakaldoko BECen egingo den World Maritime Week azoka. Nazioarteko topaketa profesional honetan, eta izen beraren pean, Ontzigintza, Arrantza, Portuak eta Itsas Energia Berriztagarriak nazioarteko lau biltzarrak egingo dira. Hiru lan-jardunaldietan euskal ekonomiak arlo horietan dituen aukerak aztertuko dira.  

Foro berean bildu diren lau ataletan (Sinaval, Eurofishing, FuturePort eta Marine Energy Week) 35 armadore eta ontziola enpresak eta lehenengo mailako ehun bat txostengilek parte hartuko dute. Horrez gainera, erakusketa-eremu bat ere izango da, eta bertan 100 bat enpresak erakutsiko dituzte ekonomia urdina deitzen denaren azken berrikuntzak.  

Offshore energia, hazten ari den merkatua

World Maritime Week azokaren gai edo ardatz nagusietako bat itsas energia izango da, gaur bertan egingo den jardunaldi tekniko batean. “Offshore energia, hazten ari den merkatua” izenburupean egingo den mintegia Energiaren Euskal Erakundeak –Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia–, TECNALIAk eta Bilbao Exhibion Centrek antolatu dute.

Nazioarteko txostengile adituek hiru saiotan banatuta parte hartuko dute, eta saio horietan sakon aztertuko dira, besteak beste, hasiberria den merkatu honen egoera eta joerak, teknologiaren arloko nazioarteko hainbat lankidetza-proiektu –sektoreko euskal enpresek leku berezia izango dute– eta, azkenik, finantzatzeko bideak. Azken gai horretan protagonismo berezia izango du BiMEPek –itsas energiarekin probak egiteko Euskadiko plataformak–, Bizkaian, Armintzako kostaldearen parez pare, itsaso zabalean dituen instalazioetan probak egiteko finantzazio-bideei esker.

Jardunaldi honen laguntzaileak IBERDROLA eta Energiaren Klusterra izango dira.

4.0 teknologia portuetan

Portuak funtsezko garraio-nodoak dira bai merkataritza-trafikorako bai arrantza-trafikorako edo kirol nabigaziorako. Hori dela eta, erne egon behar dute eskaera berrien aurrean, baita eraginkortasunez erantzuteko prest ere: digitalizazioa eta 4.0 teknologia jada errealitate dira portuetan.

Azpiegiturei dagokienez, Eusko Jaurlaritza Euskadiko portu eta trenbide arteko konexioak lantzen ari da garraio multimodalaren alde egindako apustua sendotzeko. Gaur egun, portu-azpiegitura lehiakorrak, dagoen eskaerari erantzuteko gai direnak, izatea da erronka, eta, horretarako, itsasoko eta lehorreko jardueren konexioa trenbidearen bidez hobetu behar da.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak jada amaituta du Hegoaldeko Tren Saihesbideari buruzko informazio-azterlana, Sustapen Ministerioak hil honetan bertan onar dezan eta jendaurrean jar dezan. Bilboko Portua Euskal Y-rekin salgaientzat eta zabalera estandarrean (UIC) lotzeko konexioa da. 2018an portu eta trenbideko trafikoak % 12 egin du gora (portuko trafiko osoak % 4); edukiontzietan garraiatutako salgaien % 23k eta salgai konbentzionalen % 19k trenbidea erabili zuten.

Etorkizuneko erronkei aurre egiteko, garrantzizkoa da araudi-esparrua ere. Alde horretatik, funtsezko urratsa izan da 2018an Euskadiko portuen kudeaketaren eredua ezarri duen Portuen eta Itsas Garraioaren Legea onartu izana.  Legeari esker eraginkortasunez eta antolatuta arautuko dira portuen erabilerak, eta portuak dauden herrietako eguneroko jarduerekin kudeaketa publikoaren bitartez lankidetzan jardutea lortu nahi da. Euskadiko portuen eskala txikia izanik, ia beti hiri-ingurunean integratuta baitaude, aspalditik zegoen halako lege baten premia.

Atunontzi izoztaileak eta belaunaldien arteko txanda arrantza-sektorean

Sinaval-Eurofishing azokako merkataritza eta erakusketa jarduera osatzen duten hitzaldien, biltzarren eta mintegien baitan, Jaurlaritzak bi jardunaldi antolatu ditu, bat atunontzi izoztaileei buruzkoa eta, bestea, arrantza-sektoreko belaunaldien arteko txandari buruzkoa.    

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek inauguratu duen eta moderatzailea Josu Santiago (AZTIko Tunidoen arrantza kudeaketa jasangarriaren saileko arduraduna) izan duen gaurko jardunaldian arrantzaren kudeaketaren esparruko nazioarteko esperientziak aztertu eta Ozeano Atlantikoko eta Indiako Ozeanoko stocken ikuspegi orokorra adierazi dituzte. “Nazioarteko itsas sektorearen ikuspegia” izenburupean egingo den osoko bilkuran ontzigintzaren, arrantzaren, portuen eta energia berriztagarrien sektoreetako industrien ikuspegia azalduko da, eta protagonismo berezia izango du Bermeo Tuna Capital ekimenak.

Bihar, asteazkena, Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkuek eta Lanbide Heziketako zuzendari Nicolás Sagarzazuk belaunaldien arteko txandari buruzko mintegia inauguratuko dute.  Bertan honako gaiak izango dira aztergai: arrantza-titulazioen esparruko premiak, belaunaldien arteko txanda sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren ekintzak eta Asturiasen eta Galizian abian jarritako esperientziak (esperientzia horien arduradunak bertan izango dira). Sektoreko bilera pribatuak ere egingo dira.

Eusko Jaurlaritzaren standean arrantza-sektorearen jarduera guztien berri emango da.  Berrikuntza gisa, edizio honetan protagonismo berezia izango du standean akuikulturak, eta txoko bat eskainiko zaie sektorean garatzen diren ekimenei. Horien artean izango dira Kanpezun dagoen eta amuarrain ostadarraren ekoizpenean ari den Nusi enpresa; Hondarribian dagoen eta % 100 hazkuntza organikoa duen tilapia ekoizten duen Ner Bree; eta instalazioa Lekeitio eta Ondarroa arteko itsasbazterrean duen eta 1.000 tona muskuilu ekoiztea aurreikusten duen Matxitxako Moluskoak izeneko eta Euskadiko arrantza-sektoreko hainbat ekoizlek osatutako enpresa.

Era berean, standean, Osalanekin lankidetzan, Euskadiko itsasontzietan osasuna eta prebentzioa sustatzeko Arrantza Zuzendaritza egiten ari den lana ere aurkeztuko da. Lan hori 2019-2025eko denbora-horizontean Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin lankidetza estuan Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak sustatutako Euskadipreben –  Euskadiko Elikaduraren eta Egurraren Balio Katearen Laneko Segurtasun eta Osasunerako Estrategia Sektorialean gauzatuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak