
Lanbide Heziketako V. Euskal Plana onetsi du Eusko Jaurlaritzak
- Gobernuko ZUZENEAN Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren erabilerak % 4 egin du gora: ia 900.000 kontsultari erantzun zaie
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondoren izan ohi den prentsaurrekoan, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarterekin batera.
Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek jakinarazi duenez, Lanbide Heziketako V. Euskal Plana onetsi du Gobernu Kontseiluak. Sailburuak adierazi duenez, laugarren iraultza industrialetik sortutako aukerei eta premiei egokitzeko beharrezkoa da ikasleak tresna berriez hornitzea, beren etorkizunaren jabe izateko aukera emango dietenak 4.0 gizarte-eredu berri batean.
Zentzu horretan, Uriartek adierazi du garai berrietara egokitzea eskatzen duela errealitateak; eraldatzen ari den gizarte baten erronka berriei erantzuteko, kontuan hartuta gero eta gehiago dagoela oinarrituta aurrerapen teknologikoetan, baina betiere balio sozialak eta giza dimentsioa nabarmentzeko premia biziarekin. “Funtsezkoa da giza garapen jasangarri baten alde lan egitea, eta horretarako barneratu behar ditugun konpetentziek eta kualifikazioek lortu egin behar dute pertsonen enplegagarritasunaren eta enpresen lehiakortasunaren premia berriei aurre egitea”, zehaztu du.
ZUZENEAN: Herritarrentzako Arreta Zerbitzua
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak ezagutzera eman ditu Gobernuko ZUZENEAN - Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren erabilerari buruzko datuak; herritarrentzako zerbitzu integrala, publikoa eta doakoa.
Sailburuak nabarmendu duenez, 2018ko zifra globalek hazkunde berri bat adierazten dute, % 4koa, herritarrek egindako zerbitzu honen erabileran. “Erantzundako ia 900.000 kontsultarekin itxi dugu 2018a ZUZENEAN”, zehaztu du. Hala, Erkorekak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza herritarren batez besteko 3.547 kontsultari erantzuten ari zaio egunean, eta horietatik gehienak modu presentzial batean egiten dira hiru hiriburuetako bulegoetan.
Erkoreka sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak oso balorazio positiboa egin du zerbitzu honek azken 10 urteetan izan duen ezarpen-mailaren, oraingo erabileraren eta izan duen eboluzioaren inguruan, eta bozeramailearen hitzetan ezinbesteko zerbitzu bilakatu da. Zentzu horretan, azpimarratu duenez, legegintzaldi honetan zerbitzu multikanal honen kalitatea, barne-kudeaketa eta esku hartzen duten eragile desberdinen arteko koordinazioa hobetzeko erronka hartu du beregain gobernuak, eraginkorrago izan dadin. “Lehentasunezko erronka bat da eta horregatik da zerbitzu hau Berrikuntza eta Gobernantza Publikoko Plana 2020 anbizio handikoaren parte”, gaineratu du.
PROCÉS DE CATALUNYA
Procés de Catalunyaren epaiketari buruz galdetuta, Erkoreka sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritza beti agertu dela gatazka hau auzitegietatik ateratzearen alde. “Inoiz ez zen judizializatu behar, arazo politikoak elkarrizketa eta negoziazio politikoen eta instituzionalen bitartez ebazten dira”, azpimarratu du.
Erkorekak adierazi duenez, legelari den aldetik, espero du epaiketak balio izatea gehiegikeriaz eskatu izan diren tipo penal jakin batzuk argitzeko eta mugatzeko, esate baterako, “asaldaketa-delitua”. “Espero dut eta nire nahia da bidezko epaiketa bat, inpartzial bat egitea, non ez ditzaten gainetik jarri bulkada politikoak”, gaineratu du.
HAUTESKUNDE AURRERATUAK
Bestalde, Espainiako Gobernuan hauteskunde aurreratu posibleei buruz galdetuta, Erkoreka sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du bete-betean, Estatuan izango diren hauteskunde-deialdiei buruzko zurrumurruetatik aldenduta.
TRANSFERENTZIAK
Egiteko dauden transferentziak direla eta, Josu Erkorekak jakinarazi duenez, dokumentazioa jasotzen hasi dira lehenengo transferentzia-blokea negoziatzeko, Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko daudenak. “Transferentzia horiek aztertzen dihardugu”, adierazi du.
FINANTZEN EUSKAL KONTSEILUA
Finantzen Euskal Kontseiluari buruz galdetuta, eta zehatzago esanda, Ekarpenen Legearen aldaketari buruz, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, gai hori aztertzen, analizatzen eta negoziatzen dihardute Eusko Jaurlaritzaren, hiru Aldundien eta Eudelen artean. Sailburuak azaldu duenez, orain arte ez da lortu akordiorik instituzio guztiak eroso sentitzea bermatuko duenik proposamen zehatz batean. “Proposamen berriak formulatzen eta aukera berriak aintzat hartzen ari gara akordioa posible izan artean”, adierazi du.
HEZKUNTZAKO GREBA
Bere aldetik, Hezkuntzako sailburuak adierazi duenez, itunpeko ikastetxeen greba-deialdiari buruz galdetuta, Eusko Jaurlaritzatik lanean jarraitzen dute. “Gatazkari irtenbide bat bilatzeko laguntzen saiatzen ari gara, gure eskumenetik eta erantzukizunetik”, zehaztu du. Gainera, gogora ekarri duenez, aldeak akordio batera iritsiko ez badira, eskueran dute bitartekaritza Lan Sailaren aldetik.
-
2019-02-14
Comentario de Twitter:
Lanbide Heziketako V. Euskal Plana onetsi du Eusko Jaurlaritzak : https://t.co/P6F5zzDgiz -
2019-02-12
Interesante la propuesta de trabajar en un marco sostenible, basándose en la incorporación de competencias que logren hacer frente a las nuevas necesidades de empleabilidad de las personas y competitividad de las empresas”, que los estudiantes sean agentes de su propio desarrollo y de cambios que la sociedad necesita. El presente es hoy no esperemos mañana para hacer cambios en los diferentes escenarios.